Zahar etxeetako eredu berriak «porrot egin» duela salatu dute grebalariek

«Guk zaindu egiten ditugu; zuek ostu egiten diezue». Oihu horrek laburbiltzen du Bizkaiko zahar etxeetako ELAko grebalarien haserrea. Martxoaren 15ean abiatu zuten hamar eguneko greba zikloa, eta gaur dute azken eguna. 38.a izango da azken hitzarmena sinatu zenetik, eta kritika gogorrak egin dizkiete Bizkaiko Foru Aldundiari eta patronalei.
Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren aurrean egin zuten protesta atzo, eta Hurtado Ametzaga kalea zarratu zuten ordu erdiz. Unai Rementeria ahaldun nagusiak aldarrikatzen duen egoitza eredu berria «propaganda hutsa» dela salatu zuen Ariana Martin langileak, atarian egin zuten prentsaurrekoan.
2021ean iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak gehienez 25 lagunek osatutako bizikidetza unitateak sustatuko zituela «eredu gizatiarragoa» osatzeko. Horretarako, zahar etxe gehienetan obrak egin beharko zirela aurreikusi zuen aldundiak, baina, iazko uztailean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak onartu zuen zailtasunak izaten ari zirela aldaketak egiteko. Izan ere, langileek deitoratu dute patronalek «inoiz» ez dituztela aldundiak proposatzen dituen arkitektura egokitzapenak «gogo onez hartuko».
«Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako egoitza eredu berriak porrot egin du», adierazi du Martinek. «Aurreko eredua iraunarazten du, ratioak handitu gabe, kontrol publikorik gabe eta kalitatezko zerbitzua bermatu gabe».
Gogoratu duenez, Rementeriak hainbat hobekuntza iragarri zituen eredu berrirako: langileen txandakatzea saihestea, arreta pertsonal integrala izatea, dinamizazio soziokulturala bultzatzea, gelak egunero garbitzea... «Ia bi urte geroago, ez dago halakorik. Rementeriaren propagandaren atzean ez dago publifikaziorako irizpiderik, ezta ratioetan aldaketarik ere».
Sindikatuak deitoratu du patronalek leku guztien prezioak igo dituztela, eta ez dutela arretaren kalitatea hobetu. «Urtarrilean prezio denak igo zituzten KPIaren gainetik, eta, hil bi geroago, lan baldintzak berdinak dira», esan du Ander Akarregi ELAren sektore arduradunak. «Diru hori enpresara doa».
Greba gehiago aurreikusita
Greba zikloaren balorazio ona egin du Akarregik, «gero eta langile gehiago» batu baitzaizkie: «Jendea prest dago borrokatzeko; ez bada hitzarmena egiten eta ez badago langileen lan baldintzak hobetzeko baldintzarik, greba gehiagora deituko dugu».
Aldundiaren ereduari aurre egiteko, sindikatuaren eskaerak azaldu dituzte langileek, eta Gutxienez bi orduz lagun nazazu kanpainan bildu dituzte: lehen baja egunetik egitea ordezkapenak, 24 orduko erizaintza zerbitzua bermatzea, eta garbiketa langileak %53 gehiago izatea, besteak beste. Esan dutenez, gaur egungo ratioekin egunean 60 minutuko arreta bakarrik eman dakieke egoiliarrei.
Horiez gain, sektoreko behin-behinekotasun tasa handian eta lanaldi partzialeko kontratuetan ipini dute arreta. Denbora asko daramate eskatzen lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileenekin berdintzeko. Sindikatuak emandako datuen arabera, soldata arrakala %40koa da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.