Zuritzeko hitzik gabe: «tortura» iruditu zaie

Maribel Tellaetxeren familiak agerraldia egin du, hura hil berritan: eutanasia legeztatu gabe egoteak ekarri zion oinazea gogoratu dute. Erietxean azken egunotan jasotako arreta goraipatu dute

Maribel Tellaetxeren bi semeak, eta erdian, senarra. MIGUEL TOÑA / EFE.
arantxa iraola
Portugalete
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hunkidura ezkutatu ezinik egin zuten atzo prentsaren aurreko agerraldia Maribel Tellaetxeren etxekoek. Mahaiaren aurrean haren senar Txema Lorente eta bi semeak eseri ziren, David eta Danel Aser; argazkietatik kanpo, baina mahaikoen hitzak berresten, alaba: Rut. Asteazken gauean jakin zen Tellaetxe hil zela. Hilabeteak egin ditu familiak harentzat eutanasia eskatzen; izan ere, alzheimer aski aurreratua zuen—orain hamazazpi urte azaldu zitzaizkion lehen zantzuak—, eta berak idatzita utzitazuen ez zuela horrelako bizitzarik gura. Etxekoei idatzita laga zizkien gutunetan ageri da nahia, modu informalean. Formalean ere bai, aurretiazko borondateen agirian. Oihartzun handia lortu du aldarriak, eta leporaino bete zen Portugaleteko udaletxean (Bizkaia) agerraldirako atonduriko aretoa. Aitak urratu zuen bidea: prestatua eraman zuten agiria irakurri zuen. Emozio «kontrajarriak» dituztela esan zuen. Gozoak badira: «Batetik, bozkariozko eguna da, izadiak ekarri dizkiolako legeak ukatutako bakea eta atsedena». Garratzak ere bai: «Amorrua eta oinazea ere hor dira: gizaki orok merezi duen heriotza izan beharrean, duintasuna erauzi baitiote, eta torturaren pareko jokaerak pairatu baititu: hil arte».

Tortura hitza usu errepikatu zuten. Zuribiderik ez zuten hautatu: Maribel Tellaetxek azken hilabeotan, behin ja alzheimerrak oso abaildua zuela, pairatu behar izan dituen hainbat egoera azaltzeko hitz hoberik ez dutela aurkitu adierazi zuten. Hitz irmoak izan zituzten Espainiako Kongresuan eutanasia legeztatzeko bidean ipin dezakeen lege proiektuari —PSOEk aurkeztua— trabak ipintzen ari diren alderdientzat ere: «Krimen honen egileek izen eta abizenak dituzte, eta seinalatu egin behar dira: Ciudadanos eta PPko ordezkariak dira».

PP, Ciudadanos, Eliza

Hain zuzen ere, lege proiektua etengabe «blokeatzen» aritu izana egotzi zieten bi talde politikoei. Danel Aser Lorentek propio sakondu nahi izan zuen alderdi horiei —eta eutanasia legeztatzearen kontra diharduten gainerako eragileei— eginiko kritiketan. «Benetan, oso gustura solastatuko nintzateke Riverarekin, Casadorekin eta Bizkaiko apezpikuarekin; hirurekin, mahai baten bueltan», esplikatu zuen: «Ez dut uste, inondik inora ere, nire amarekin egin dutena defendatzeko erarik izango luketenik».

Areago ere egin zuen: «Asaldatuta entzuten dugu zenbait herrialdetan espetxean sartzen dituztela homosexualak, edo pertsonak harrikatzearen tankerako zigorrak dituztela... 'Zelako izugarrikeria', esaten dugu. Jakina, halaxe da: benetako izugarrikeria da hori. Eta orain sekulako astakeria esatera noala esango dute askok: baina zinetan sentitzen dut, eta halaxe nahiko nuke niretzat ere. Nahiago izango nuke nire amak hamar minutuko harrikatze bat pairatu behar izatea gertatu den guztia baino: hamar minutuko pairamendua izango luke, ez urte eta erdikoa». Familiak beti adierazi izan du eritasunaren lehen urteetan bizi kalitate onari eutsi ziola Maribel Tellaetxek—«momentu aski ederrak ere izan ziren»—, baina azken hilabeteetako pairamendua guztiz bidegabea iruditu zaiela. Oinazetsu ikusi dute ama, asaldatuta, nahigabetuta. Hortik borroka.

Larunbatean ondoez bat izan zuen Tellaetxek. Konbultsioak izan zituen, arnasa hartzeko arazoak, oinazea: familiak malkotan gogoratu zuen. «Hain justu, ama etxean izan zeneko azken oroitzapena horixe izango da; hori da Casado eta Rivera jaunen ekarpena», salatu zuen Danel Aser Lorentek, hunkituta. Bat etorri zen anaia: «Asko sufritu zuen». Igandetik erietxean zegoen, Santurtziko San Juan de Dios ospitalean.

Aringarrietatik harago

Zaintza aringarrietako profesionalek artatu dute han eria, eta jasotako arta goraipatu egin zuen familiak. «Guk eskatzen genuena zaintza aringarrietatik harago dago», onartu zuten. «Baina han jaso dugun arta zoragarria izan da; bai gu tratatzeko eran, bai amari eman dioten tratuan».Harago egiteko aukerak ireki behar direla uste dute, hala ere: «Hau ez da hemen bukatu, guk borrokan jarraituko dugu lege hori atera arte; defendatuko dugu guk guztiok, hemen gaudenok, eta atzetik datozenek, heriotza duin bat izateko aukera izatea», adierazizuen Danel Aser Lorentek.

Ospitalean egindako egonaldiak balio izan die, hala ere, egun pazienteen autonomia bideratzeko eskura dauden tresnen erabilgarraitasuna ere frogatzeko: izan ere, aurrez emandako borondateen agirian argi adierazia utzi zuen Tellaetxek ez zuela nahi bizitza luzatuko zion inolako tratamendurik, eta guztiz bete dute haren nahia erietxean. «Oso ondo artatu gaituzte», nabarmendu zuen David Lorentek. «Eta agiriak balio izan du haren bizitza ez artifizialki luzatzeko. Hain justu, hark nahi zuen gisan izan da: ez da, adibidez, zaintza intentsiboetako unitate bati konektatuta egon... Soilik mina tratatu diote. Legezkoa den parte hori guztiz errespetatu dute. Beraz, nire gomendioa da agiri hori egiteko».

Txema Lorentek testu asko idatzi ditu andrearen gaixoaldiaren inguruan, bidean izandako argi eta itzalak erakusteko. Poema batekin amaitu zuen agerraldia. Horra, azken hitzak: «Zure oinazea ezkutatzen duzu, nik ikus ez dezadan; 'Maite zaitut' esateko duzun modurik onena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.