Laguntza eskea Andaluziatik

Mugak Zabalduz karabana uztailaren 12an abiatuko da, eta nazioarteko beste talde batzuekin bat egingo du, Granadan. Migratzaileen egoera ezagutzea eta salatzea dute xede

IIazko udan Italiara abiatu aurretik Zierbenako portuan (Bizkaia) eginiko ekintza. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak duela hiru urte egin zuen lehen aldiz Mugak Zabalduz izeneko karabana. Europako Batasunaren migrazio politikak salatzeko asmoz, 2016ko udan Grezian izan ziren horko kideak; hurrengo urtean, Melillan (Espainia); eta iaz, Italian. Hilabete barru, Espainiako hegoaldeko mugetara itzuliko dira.

Karabana uztailaren 12an abiatuko da Andaluziara, eta egun berean Granadara iritsiko da; han bilduko dira hara joandako nazioarteko beste taldeekin. Euskal Herrikoan joango dira Italiako Carovane Migrantiko kide batzuk ere. Besteak beste, Granadan, Motrilen, Tarifan, Ceutan, Algecirasen, Jerezen, Sevillan, Lepen eta Huelvan izango dira, han dauden migratzaileen eta haiekin lanean ari diren erakunde eta taldeen egoera gertutik ezagutzeko.

Migratzaileentzako aldi baterako guneetara eta haiek atxikitzeko zentroetara joango dira, hango bizi baldintzak salatzeko. Bilduko dira, halaber, itsas erreskate eta salbamenduko profesionalekin. Adingabeek bizi duten «abandonu humanitarioari» erreparatuko diote. Ceutan egiten ari diren legez kanpoko kanporatzeak salatuko dituzte. Eta «lan esplotazioaren» gaiari helduko diote; bereziki, emakumeenari. Gogoratu dute Espainiako Gobernuak 19.000tik gora emakume langile marokoarren kupoa baimendu duela aurtengo marrubi sasoirako. «Kokaleku tamalgarrietan daude; lan esplotazioa jasaten dute, eta sexu abusuen biktima izaten dira maiz», salatu du egitasmoko kide Cristina Garcia de Andoinek.

Antolatzaileek gogoratu dute Europako eskualdeen artean Andaluzian jaso zutela migratzaile gehien iaz —58.000 inguru—, eta horietatik 1.064 hil zirela kostaldera iristeko ahaleginean. «Egoera horrek harrera sistema instituzionalaren gabezia larriak azaleratu ditu, eta inboluzioa gertatu da [Espainiako] Gobernuaren migrazio politiketan».

Horrekin lotuta, Garcia de Andoinek Andaluziako erkidegoko hauteskundeetan gertatutakoa gogoratu du; azpimarratu du agintean dauden alderdiek —PPk eta Ciudadanosek, Voxen babesarekin— migratzaileak «erabili» dituztela jarrera «erreakzionarioak» hauspotuz boterera heltzeko. Horiek hala, eta «egungo ikuspegi soziopolitikoak aintzat hartuta», ohartarazi du Andaluzian eta Europa osoan oro har «ahalegin bikoitza» egin beharko dela giza eskubideei eta immigrazioari buruzko nazioarteko akordioak bete daitezen exijitzeko eta herritarrak engaiatzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo karabanan aurrekoetanbaino «leku handiagoa» izango dute tokian bertan eginiko sentsibilizazio, prestakuntza, gogoeta eta eztabaidarako edukiek, eta iragarri dute horiek uztartuko dituztela askotariko salaketa eta mobilizazio ekintzekin. Iaz atera zituzten ondorioetan oinarrituta, halaber, gazteen parte hartzea sustatu nahi dute, eta belaunaldien arteko harremanean sakondu. «Aurten, gure nahia da karabana inoiz baino gazteagoa, feministagoa, arrazismoaren kontra irmoagoa, ekologistagoa eta antifaxistagoa izatea».

Iaz, Euskal Herrian ere egin zuten bira bat, eta migrazioarekin loturiko hainbat «gune gatazkatsutan» izan ziren: Bilboko portuan eta Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan, besteak beste. Aurten ez dute halakorik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.