Ia 3.000 etxegabe zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Gizarte Informazio eta Ikerketa Zentroak 2020an egindako kontaketan gora egin du etxegabe kopuruak. Hamarretik bederatzi gizonak dira, eta Bilbon daude gehien

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Etxerik gabeko 2.797 pertsona zenbatu dituzte bizitoki bazterkeria jasaten duten pertsonen V. kontaketan, eta, hala, berretsi egin dute azken urteetako joera: gora eta gora ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxegabeen kopurua. Gizarte Informazio eta Ikerketa Zentroak landu du txostena —bi urterik behin kaleratzen du—. 2012an hasi zirenetik, kopururik handiena da 2020koa. Urte hartan lehen kontaketa egin zutenean, 1.704 pertsona bizi ziren kalean.

Iazko maiatzean egin zuten kontaketa hemeretzi herritan: maiatzaren 6tik 7rako gauean, gizarte zerbitzuek kudeatutako aterpe eta guneetan, eta maiatzaren 4tik 10erako astean, karrikan. Denera, etxerik gabe dauden 2.797 pertsona detektatu zituzten; horietako 163, karrikan, eta gainontzekoak, gizarte zerbitzuek kudeaturiko baliabideetan: ohiko aterpeetan eta COVID-19agatik ezarritako zerbitzu osagarrietan.

Karrikan gaua pasatzen ari zirenen kopurua 2012tik detektatutako txikiena izan da, baina arrazoi argi bat dago gibelean: COVID-19aren pandemia dela eta, erakundeek indartu egin zituzten etxerik ez dutenentzako zerbitzuak. 849 lagun artatu zituzten zerbitzu gehigarri horietan. Horietako %58k kalean egiten zuten lo zerbitzua ireki aitzinetik, eta %24k, berriz, aterpeetan.

Azterketa geografikoa eginez gero, Bilbo da etxegabeen igoera handiena izan duen hiriburua: txostenak etxerik ez duten 694 pertsona identifikatu ditu bertan, 2014ko lehen datuaren bikoitza baino gehiago. Igoera bereziki nabarmena da 2018tik 2020ra: 413 etxegabe izatetik 694 izatera igaro da Bizkaiko hiriburua bi urtean. Gasteizen eta Donostian ere urtez urte handitzen ari da etxerik gabekoen kopurua, baina igoera hori geldoagoa da. Donostian 279 etxegabe atzeman ditu txostenak; Gasteizen, 158.

Etxegabearen soslaiari dagokionez, berriz, atzerritarrak eta gizonezkoak dira gehienak. Etxerik ez duten hamar pertsonatik bederatzi dira gizonak, eta kanpoan jaioak dira hamarretik zazpi; azken horien artean, %80 afrikar jatorrikoak dira. Adinari dagokionez, azken urteetan nabarmen handitu da 18 eta 29 urte bitarteko etxegabe gazteen kopurua: laurdena ziren 2016an; 2020ko azken kontaketan, berriz, %37; denera, 400 pertsona.

Datu argigarri gehiago ere utzi ditu txostenak: hamar etxegabetik lauk urtebete edo gutxiago daramate egoera horretan, eta %20 adingabekoentzako zentro batean egon ziren haurtzaroan edo nerabezaroan. Etxerik gabekoen hiru laurdenak, berriz, bizi diren herrian edo hiriburuan geratu nahiko luke bizitzen. Gainera, elkarrizketatukoen %16k soldatapeko lan jardueraren bat egiten dute.

Bertze aldagai bat ere jarri du mahai gainean txostenak: harremana dagoela etxerik ez izatearen eta osasun egoera «kaxkarra» izatearen artean. Izan ere, etxegabeen %43k gaixotasun larri edo kroniko bat dute, eta horien artean bortzetik batek ez du tratamendu medikorik jasotzen. Buruko gaixotasunak dituzte hamarretik bik, eta horien atzetik daude arnas aparatuko gaitzak eta zirkulazio sistemakoak. Halaber, atzerritar jatorria duten «gehienek» ez dute osasun txartelik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.