EAJk «askatasun bakezalea» aldarrikatuko du Aberri Egunean

Ukrainako gerra gogoan, herriek «askatasunez erabakitzeko eskubidea» dutela adierazi du EAJk. Ikurrin batekin Aberri Eguna ospatzeko deia egin die, etziko, «abertzale guztiei»

Mireia Zarate eta Joseba Aurrekoetxea EAJko buruzagiak, atzo, Aberri Eguneko afixa erakusten. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
EAJk Bilboko Plaza Barrian egingo du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia, igandean, eta egun horri begira manifestua eta afixa aurkeztu zituzten atzo Mireia Zarate EBBeko idazkariak eta Joseba Aurrekotxea EBBko burukideak, Gernikan (Bizkaia).EAJko buruzagiek azaldu zuten aurtengo kartelean 90. Aberri Eguna nabarmendu nahi izan dutela, lehen Aberri Eguna 1932an ospatu zela gogora ekarrita. Gainera, aurkezpena Gernikan egin izanak lotura zuzena du EAJk Aberri Egunean zabalduko duen mezuarekin. Batetik, jeltzaleek gaitzetsi egin nahi dituzte Ukrainako inbasioa eta Errusiak Ukrainako biztanleria zibilaren aurka egindako «gizateriaren aurkako krimenak». Bestetik, azpimarratu nahi dute EAJk sorreratik bertatik «Euskadirentzat eskatzen duen askatasun aldarrikapenaren izaera bakezale, demokrata eta humanista sakona eta ukaezina».

Zaratek eta Aurrekoetxeak gogora ekarri zuten azken bi urteotan koronabirusaren pandemiak goitik behera baldintzatu dituela euskal gizartearen bizimodua eta ongizatea, eta orain Ukrainako gerrak ondorio ekonomiko latzak ekarriko dituela. Uste dute «konplexutasun eta ziurgabetasun» garaiak direla, «Euskadi bidegurutze historiko batean» dagoela, eta, horregatik, premiazkoa dela «euskal ereduari» balioa ematea. Horiek horrela, jakinarazi zuten Aberri Egunari begira EAJk aldarrikatuko duela «herri guztiek beren etorkizuna askatasunez defendatzeko eskubidea» dutela: «Euskadiren etorkizuna, Ukrainarena, Mendebaldeko Sahararena...», zehaztu zuten.

EAJren ustez, «askatasunak» ezinbestean izan behar du «bakezalea», eta«justizia» eta «giza eskubideen» defentsan oinarrituta egon behar du. Ukrainako gerra gogoan harturik, mezu argia bidali zuten atzo: «Munduko bakea aldarrikatzen dugu, bai eta justizia eta giza eskubideen defentsa ere. Errusiak Ukraina inbaditzean eragin duen gerra amaitzeko exijitzen dugu, eta biztanleria zibil babesgabearen kontra egin diren krimen basatiak berehala bertan behera uzteko». Europako Batasunaren balioak aldarrikatu zituzten, halaber.

Ibilbide orri bat

Nazioartean gero eta egoera «konplexuagoa» dagoela kontuan harturik, «Euskadirentzat baliodemokratiko sakonetan» errotutako ibilbide orri bat eskatu du EAJk, halaber: «Garrantzitsua da gure etorkizuna erabaki ahal izatea, une bakoitzean, autonomia osoz, gure herriak beharko dituen neurriak diseinatu eta bideratu ahal izateko. Tutoretzarik gabe eta bitartekaritzarik gabe».

Helburu horri helduta, jeltzaleek deia egin diete Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako «abertzale guztiei» eta mundu zabalean sakabanatutakoei igande honetan Aberri Eguna ospatzeko. Horrekin batera,etzi ikurrinarekin kalera ateratzera animatu dituzte herritarrak, bakerako eta askatasunerako eskubidea aldarrikatzeko eta «herri berri bat» eraikitzeko borondatea erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.