Albistea entzun

Hiru herritarretik bik onesten dute ikasleen euskalduntzea bermatzea

Naziometroaren neurketaren arabera, «erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen» dien estatua da lurralde antolaketarako lehen aukera (%31,5). Eskola publikoak jaso du baloraziorik onena
Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko ekainak 28

Hezkuntza sistemak beharrezko tresnak eta baliabideak jarri behar lituzke ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko? Baietz uste dute hiru herritarretik bik, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak argitaratutako Naziometroaren laugarren neurketaren arabera. Zehazki, itaun horrekin ados daude galdetutako herritarren %42, eta oso ados %24,4. Aldiz, hamarretik bat dago horren kontra edo erabat kontra. Zehaztapen bat egin dute, ordea: galdera hori Nafarroan ez beste lurralde guztietan egin dute, baina Nafarroan, «Nafarroan dauden kultura nagusien (euskarari eta gaztelaniari loturikoak) ezagutza» bermatzeaz galdetu dute; %58,6 daude ados edo oso ados.

Naziometroaren laugarren neurketan, burujabetzari eta estatus politikoari lotutako ohiko galderak egiteaz gain, hezkuntzari buruz ere itaundu diete herritarrei, eta emaitzak atzo goizean aurkeztu zituzten, Donostian eginiko agerraldi batean. Horren arabera, zerbitzu publikoen artean baloraziorik onena dutenetan hirugarrena da hezkuntza, garraio publikoaren eta osasun sistemaren atzetik: galdekatutako herritarren erdiek uste dute ongi edo oso ongi funtzionatzen duela hezkuntza sistemak (%49). Zerotik hamarrera, arlo horren balorazioa 6,47koa da, eta balorazio horretan apenas dagoen alderik eremu administratiboaren arabera: Nafarroan 6,6koa da puntuazioa, eta 6,4koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Barometroan, zenbait alderaketari buruz galdetu diete herritarrei; esaterako, hezkuntzaren egoeraren bilakaeraz eta beste lurralde batzuekiko konparazioaz. Hori horrela, hirutik batek (%36,3) uste du hezkuntzak hobera edo askoz hobera egin duela duela hamar urteko egoerarekin alderatuz gero, baina %27,1ek kontrakoa pentsatzen dute: egoerak okerrera edo askoz okerragora egin duela. Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemei erreparatuta, ordea, iritzi nagusia da Euskal Herriko egoera hobea dela (%42,4), eta %31,1ek diote berdina dela. %6,1ek baino ez dute uste hango eskolen egoera hobea dela. Joera hori guztiz kontrakoa da Europako Batasunarekin alderatuta: hirutik batek (%32,7) uste du Euskal Herriko ikastetxeetako egoera okerragoa dela, eta %8k baino ez dute kontrako ikuspegia.

EUSKARA

Euskararen eta euskarazko irakaskuntzari dagokienez, bi ikusmolde daude ia parean: %32,7 dira euskarak ikasgai bat gehiago izan behar duela uste dutenak, eta %33,1 ikasgai gehienak euskaraz ikasi beharko liratekeela diotenak. Esparru administratiboaren arabera, ordea, alde nabarmenak daude: euskara irakasgai gisa baino nahi ez dutenak gehiengoa dira Ipar Euskal Herrian (%55,6) eta Nafarroan (%42,2), baina Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lehen aukera da irakasgai gehienek euskaraz izan behar dutela (%39,3).

SEGREGAZIOA

Segregazioaren aurkako neurriei dagokienez, proposatutako neurrietatik hiru babestu dituzte gehien: lehen aukera da ikasleen onarpenerako ikastetxe guztietan arau berak izatea (%79), eta bigarrena kuotarik ez kobratzea (%58,5). Horiez gain, babesik handiena duten hatuen artean hirugarrena da matrikula guztiak leku berean egitea —«udal bulegoetan, adibidez»— eta ez ikastetxe bakoitzean (%44,7).

PUBLIKOA-ITUNPEKOA

Galdekatutako herritarrei hiru aukera eman zizkieten, eta itunpeko sarea mantentzea lehenetsi zuten, «baina eskola publikoarekin baliabide eta betebeharretan berdinduta»; %44 daude horren alde. %21,4 daude egungo itunpeko sarea «dagoen bezala» mantentzearen alde, eta %19,5ek desagerraraziko lukete itunpekoa.

Gainera, sareen kalitateaz galdetuta, eskola publikoa da baloraziorik onena duena: %55,9k diote ona edo oso ona dela haren kalitatea, eta %55,7 dira eskola pribatuaz gauza bera diotenak.

EUSKAL ESTATUAREN

INGURUKO JARRERA

Naziometroak euskal estatuaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruan galdetu izan du aurreko hiru neurketetan, eta oraingoan ere erreparatu die aldagai horiei. Espainiako eta Frantziako estatuen lurralde antolaketarako formula batzuk aukeratzean, lehen aukera da oraindik ere «erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen» dien estatua (%31,5). Gainera, hirutik bik (%66,5) uste dute Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan edo Euskal Hirigune Elkargoan adostasun politikoa egongo balitz lurralde horren etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde Espainiako eta Frantziako gobernuek erreferendum hori onartu beharko luketela; datu horrek zazpi puntu egin du gora sei hilabetean, eta, beraz, lehen bi neurketetan eskuratutako emaitzen artean dago.

Euskal estatuaren aldeko jarrera apalduz doa, ordea; estatuek onarturiko erreferendum ofizial batean zer bozkatuko luketen galdetuta, %42,5ek esan zuten baiezkoa erantzungo luketela 2020ko azaroan egin zuten lehen neurketan; portzentaje hori %39,5 zen iazko martxoan, eta %37,5 aurtengo apirilean.

Aztikerrek egin du landa lana, martxoan eta apirilean 1.400 elkarrizketa eginda; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 575, Nafarroan 400, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 425.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2021eko Ospa! eguna, Altsasun. ©Maialen Andres / FOKU

Ospa Eguna irailaren 3an egingo dute Altsasun

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako polizia indarrak herritik joan daitezela eskatuko dute Altsasun, Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean.

Etxeratek joan den astean Donostian egindako protesta. ©ANDONI CANELLADA/FOKU

Beste sei euskal preso jarri dituzte hirugarren graduan azken hilabetean

Berria

Guztira, 23 presori eman diete hirugarren gradua Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik.

Blboko agerraldia ©Monika del Valle / Foku

Preso eta iheslarien egoera «normalizatzeko» eskatuko dute manifestazio baten bidez

Gotzon Hermosilla

Sarek eta Bilboko konpartsek batera antolatuta, abuztuaren 26an egingo dute, Bilbon.

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Iñaut Matauko Rada

Maiak PPri egotzi dio koalizioa uzteko modua ez dela «egokia» izan. Esan duenez, Nafarroan zentro-eskuinaren liderra UPN izan da «historikoki», eta ez Alderdi Popularra, Telladok esan bezala

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...