Kataluniako erreferenduma. Biharamuna

Borren gainetik, botoak

Milaka lagun irten ziren atzo kalera, protestan. Espainiako Poliziaren indarkeria eta boikot informatikoa gorabehera, erreferendumean botoa emateko gai izan ziren bi milioi herritar baino gehiago. Une hunkigarriak bizi izan ziren bozkaleku guztietan, nahiz eta ehunka lagun zauritu.

Borren gainetik, botoak.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak herenegungo autodeterminazio erreferendumean ia 900 lagun zauritu eta gero, Kataluniako milaka herritar udaletxe aurrealdeetan eta lantokietan batu ziren atzo eguerdian, segurtasun indarren oldarraldiak salatzeko. Isilak izan behar zuten protestek, baina atzo elkartutako herritarrak ez zeuden isilik geratzeko. Hain justu, «ez dugu beldurrik» entzun zen ozen, esaterako, Bartzelonako Sant Jaume plazan. Hantxe batu ziren ehunka lagun, Generalitateko ordezkariez eta Ada Colau hiriburuko alkateaz gain. Beldurraren aurkako oihuak, baina baita independentziaren aldeko asko ere. Bartzelonan bertan, milaka ikaslek manifestazioa egin zuten eguerdian. Gironan, berriz, 4.000 lagun inguruk hartu zuten parte mobilizazioan.

Izan ere, munduari bira eman diote Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak igandeko erreferendumean erabilitako indarkeria mailaren argazkiek. Oraindik gaua zela, milaka lagun zeuden bozkalekuak babesten, erreferenduma egiteko materiala noiz ailegatuko eta ateak noiz irekiko. Egun argiz hasi zen Poliziaren oldarraldia, bozkalekuak zabaldu baino lehenago. Bartzelonako Eixampleko Ramon Llull eskolan egin zuten aurrenekoa, eta hiriburuko hainbat bozkalekutan eraman zituzten hautetsontziak. Ostikadak eta borra kolpeak emateaz gain, poliziek pilotakadak ere jaurti zituzten, Katalunian debekatuta dauden arren. Horietako batekin begian jo zuten gizonezko bat. Beste herri batzuetan, Aiguavivan kasu, negar eragiteko gasa erabili zuten. Jakina da emaitza: 893 zauritu; horietatik bi, larri.

Areago joan ziren. Joanna Cherry SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko justizia bozeramailea behatzaile gisa aritu zen, eta salatu zuen emakume bati sexualki eraso ziotela poliziek, esku bateko bost hatzak apurtzeaz gain. Marta Torrecillas Pau Claris eskolako mahaietako bateko kide zen, eta poliziek arropatik tiraka bota zuten lurrera. Arropa altxatuta zuela, ukituak egin zizkioten. Colauk atzo RAC1 irratian jakinarazi zuenez, salaketa gehiagoren berri jaso dute udalean.

Polizia oldartu zen beste bozkalekuetako bat izan zen Sant Julia de Ramisekoa. Han zen bozkatzekoa Carles Puigdemont Generalitateko presidentea, 09:30ean. Ordu erdi lehenago heldu ziren poliziak, ateak zabaltzear zirela. Dozenaka guardia zibil, inolako identifikazio zenbakirik gabe, azalpenik eman gabe hasi ziren sarreraren inguruan bildutako pertsonak jotzen. Zenbat eta gehiago oldartu, orduan eta ozenago erantzuten zuen jendeak «bozkatuko dugu» oihuarekin. Poliziek hamar minutu pasa behar izan zituzten eskolako ateraino iritsi, kristala borraz apurtu, eta hautetsontziak berenganatzeko. Amorruz aritu ziren protestan bozkalekura joandakoak, jakin zuten arte Puigdemontek jada emana zuela botoa, Cornella del Terriko eskola batean. Aldartea aldatu zien askori albisteak, eta baita leloa ere: «Bozkatuko dugu»-tik, «bozkatzen ari gara»-ra.

Puigdemonten amarrua

Izan ere, film batetik ateratako istorioa dirudi Puigdemontek botoa emateko eginiko amarruak. Guardia Zibilaren helikopteroa segika zuen presidentearen autoak, hura zihoan bozkalekuko hautetsontziak kentzeko Oriol Junqueras presidenteordearen eta Carme Forcadell parlamentuko lehendakariaren irudiak ere eragozten saiatu zen Polizia-. Alferrik. Puigdemonten autoa zubi baten azpian geratu zen, eta han zegoen beste auto batean sartu zen lehendakaria. Zubipetik auto bat baino gehiago irtetean, helikopteroa nor jarraitu jakin ezinik geratu zen. Auto aldaketarekin iritsi zen Puigdemont Cornella del Terrira.

Baina, debekuen gainetik, egon ziren hautetsontziak. Material klandestinoa bail bezala sartu ziren hainbat eskolatan; atzeko atetik, leihotik... baina modu ageriko eta hunkigarrian, beste batzuetan: Igualadan, korrika sartu zituzten, jendeak eginiko korridorea zeharkatuz. Barruan zeudela, eta traba guztiak gainditzean, ezohiko emozio oldearekin sartu zuten herritarrek botopapera hautetsontzian; sartzearekin batera negar eginez batzuk, adinekoek botoa ematean txalo eginez beste batzuk. Ezohikoa zen bezala goizeko bostetarako ehunka lagun egotea bozkalekuen atarian, edo ordu horretarako ilarek eraikin batzuei itzuli osoa ematea. Debekuaren eta kolpeen gainetik, garaipen eta harrotasun kolektiboa nabari zen antolatzaileen nahiz boto emaileen aurpegietan.

Biharamunean, instituzioak hasi ziren neurriak hartzen. Kataluniako Gobernuak ikerketa batzorde bat abiatuko du, eta Junts Pel Sik beste horrenbeste egiteko asmoa du legebiltzarrean. Gainera, Bartzelonako Udala ikertzen ari da Poliziaren oldarraldi larrienak, eta horietara herri akusazio gisa aurkeztuko da. Gironako Udalak ere jakinarazi du auzitara joko duela Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren aurka.

Mossoak jomugan

Esana zuten «elkarbizitza lehenetsiko» zutela, baina herenegun mossoek izandako jokabidea ere hizpide izan da azken orduetan. Mercedes Armas Kataluniako Auzitegi Nagusiko epailearen agindua zuten bozkalekuak zigilatzeko, baina ez zuten halakorik egin. Horietako gehienetatik igaro ziren, esku hartu gabe.

Jarrera horrek kritikak eta salaketak eragin ditu. Kataluniako zazpi auzitegik ikerketa abiatu dute, aztertzeko mossoek ez ote zuten bete Kataluniako Auzitegi Nagusiaren agindua. Gainera, Espainiako Fiskaltza ere aztertzen ari da mossoek jokatutako rola, eta guardia zibilen eta polizien sindikatuek iragarri dute Josep Lluis Trapero mossoen burua auzitara eramango dutela, hark zuzendutako Poliziak «arinkeria lotsagarriz» jokatu zuelakoan. Espainiako eta Kataluniako polizien arteko tentsioa agerian geratu zen igandean, hainbat herritan eztabaidan aritu zirelako.

Erreferendum egunerako, 10.000 polizia eraman zituen Espainiako Gobernuak estatuko beste leku batzuetatik Kataluniara. Atzo, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak adierazi zuten guztiek bertan jarraituko dutela «beharrezkoa den bitartean». Calellan, horietako 500 bat kanporatu egin dituzte ostatu hartuta zeuden hoteletatik. Igande gauean, herritar talde bat protestan ari zela, poliziak oldartu egin zitzaizkien, eta hamalau lagun zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.