Hong Kong. Protesten ondorioak

Lamek baztertu egingo du Txinarako estradizioen lege proiektua

Hong Kongeko gobernuburuak amore eman du, baina manifestarien eskarietako bakarra bete du. Herritarrekin «zuzeneko elkarrizketa» izateko egitasmoak sustatuko ditu

Lamek aurrez grabaturiko bideo baten bidez eman zuen erabakiaren berri, telebistan. JEROME FAVRE / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Amore eman du Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak, kargua hartu duenetik lehenengoz: atzo jakinarazi zuen, protesten hamahirugarren astean, Txinarako estradizioen lege proiektua baztertuko duela. Iragan ekainean, Lamek behin-behinean eten zuen lege hori, eta gerora adierazi zuen «hilda» zegoela, manifestazioek eragindako presioaren ondorioz; ordea, erabaki horiek nahikoa ez zirelakoan, protestariek kalean jarraitu dute hilabeteotan, lege proiektu hori erabat baztertzea lortu arte. Azkenean, atzo eman zuen erabakiaren berri, aurrez grabaturiko bideo baten bidez: «Lege proiektua baztertu egingo dugu».

Herritarren artean gatazka handia piztu du Lamek sustatu asmo zuen legeak. Izan ere, parlamentuak testu hori onartu izan balu, Hong Kongek aukera izango zuen edozein iheslari Txinara estraditatzeko; hori gertatuko balitz, protestariek uste zuten handitu egingo zela Txinarekiko menpekotasuna, eta horregatik atera dira kalera.

Lege proiektua baztertzea ez ezik, beste lau eskari ere egin dizkiote manifestariek Hong Kongeko gobernuburuari: atxilotuak askatzea —44 laguni «matxinada» egotzi diete—, Poliziaren indarkeria ikertzeko «talde independente bat» sortzea, manifestazioei «istilu» ez deitzea eta herritarrek aukera izatea ordezkariak «era demokratikoan» hautatzeko. Ordea, Lamek lege proiektua baztertzeko eskaria bete du soilik, eta atzo argi utzi zuen ez duela besteak inola ere betetzeko asmorik.

Protesten lehen asteetan, lege proiektua baztertzea izan zen herritarren erreibindikazio nagusia; ostera, manifestariek Poliziaren indarkeria salaketan jarri dute arreta, eta eskarien zerrendan polizien jarduna ikertzeko talde baten beharrak hartu dio aurrea legea kentzeari.

Horri begira, Lamek jakinarazi zuen gobernuko erakunde bat arduratuko dela indarkeria ikertzeaz, eta ez kanpoko talde bat, protestariek nahi bezala; hortaz, Poliziari buruzko Kexen Kontseilu Independenteari egokituko zaio zeregin hori, eta «nazioarteko adituen» talde baten laguntza izango du. «Gure herritarrak, Polizia eta kazetariak zauritu dira ekintza biolento hauetan. Egoera kaotikoak egon dira aireportuan eta geltokietan. Bat-batean, errepideak eta tunelak blokeatuta geratu dira. Askorentzat, Hong Kong toki ezezagun bat bilakatu da».

Gainerako erreibindikazioak bete ordez, Lamek jakinarazi zuen «zuzeneko elkarrizketa» sustatuko duela egitasmo batzuen bidez, herritarren «kezkak ezagutzeko» eta haserrearen «erro sozialak» aztertzeko: «Argi dago haserrea lege proiektuarekiko oposizioaz haratago doala».

Hilabete baino gutxiago falta da Txinak egun nazionala ospatzeko —urriaren 1a—, eta oraindik ikusteko dago manifestariek noiz arte jarraituko duten kalean. Protestan jarraitzeko asmoa badute, atzo jakinarazi zutenez: «Hong Kongen askapena lortzeko borroka ez da amaitu. Bost eskariak bete behar dira, bostek garrantzi bera baitute. Tragedia errepikatuko da sistemak bere horretan jarraitzen badu. Hilabete hauen guztien ostean, ez dugu amore emango», adierazi zuen atzo Hong Kongeko Zaindariak izeneko protestarien talde batek.

Tentsioak gora egin du

Protestek indar handiagoa hartu dute asteek aurrera egin ahala, batez ere iragan hilabetean. Esaterako, greba orokor masibo bat egin zuten hirian, eta eskualdeko gobernuari «erreforma demokratikoak» egiteko eskatzen zioten milaka herritarrek hiria blokeatu zuten. Txinaren erantzuna berehala iritsi zen: Hong Kongeko eta Macaoko Auzien Bulegoko bozeramaile Yang Guangek ohartarazi zien ez dezatela «gutxietsi gobernu zentralaren indarra».

Iragan hilabetean ere 5.000 bat manifestarik Hong Kongeko aireportua hartu zuten, eta, horren ondorioz, agintariek bertan behera utzi zituzten aireportutik aireratzekoak ziren 130 hegaldi eta aireportuan lurreratzekoak ziren sei hegaldi; Txinako Gobernuak erantzun zuen «terrorismo zantzuak» ikusten ari zaiela protestei.

Azken asteotan istilu handiak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean, eta denera mila lagun inguru atxilotu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.