Herriko bozak Ipar Euskal Herrian

Senpere: kostaldetik hurbilegi

Senpereko biztanleria handituz doa, eta arazo horri erantzun beharko diote bozetako hiru hautagaiek: Nousbaum auzapezak, Idiart oposizioko buruak eta Bederede abertzaleak

Senpereko herriko etxearen argazki bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Gehiegi handitzen ari den biztanleriari nola erantzun: horixe du arazoa Senperek (Lapurdi). Kostaldetik biziki hurbil dago berez landa eremukoa den herria, eta 7.000 biztanlera ailegatua da jada, herriko etxeak berriki emandako datuen arabera. Azken urteotan biztanleria anitz emendatu zaio kostaldeko etxebizitzaren prezioa handitzearen eta jendea barnealderantz joatearen ondorioz: hamabortz urtean 2.000 biztanle gehiago lortu ditu, eta 30 urtean, ia 4.000 gehiago —1990ean 3.500era ere ez zen iristen—. Gehiegi handitzen ari den herriari nola erantzun, horixe dute kezka herriko etxeko agintea nahi duten talde guziek: «Biztanle andana bat bildu ditugu sei urte horietan, eta parean arrunt gauza guti egin da herriko etxean», kritikatu du orain arte hautetsi bakarra izan duen Senpere Bai talde abertzaleko Christophe Jauregik. Haren zerrendako buru Jean François Bederederekin batera, bertze bi gizonezko arituko dira auzapezgoa lortzeko lehian: Pierre Marie Nousbaum Agir Pour St Pee (Senpererentzat Ekin) zerrendako buru eta egungo auzapeza, eta Elgarrekin Senpererentzat-eko Dominique Idiart.

Duela sei urte, Nousbaumen zerrendak irabaztea lortu zuen,justu-justu: bigarren itzulian, eta 87 bozengatik. Ordura arte herriko etxean agintean izandako zerrendako Idiartek dio agintaldiko sei urte hauetan ez dutela lehendik abian ezarriak zeuden proiektuak bururatu bertzerik egin: «Horiek bukatuta, herritarrekin elkar aditze guti izan da, eta ez da obra handi berririk egin». Urbanismo plan berriaren prestaketan, erraterako, herritarrekin lan egin ez izana salatu du Idiartek: «Sei urtez, senpertarrek arrunt guti jakin dute, planoa aurkeztu arte. Eta kasik bururatua zelarik ohartu dira gauza anitz falta zirela, biztanle kopuruari buruz mendetasun handi bat bazela...».

Oposizioko bi taldeek kezka hori dute: biztanleriaren emendatzea nola mugatu, eta aldi berean nola erantzun jada saihetsezina den emendatze horri. Idiart: «Erraten dute hemendik hamar urtera 9.000 biztanle izanen direla. Hala bada, ekipamendu publikoen arloan-eta behar da soluzio bat ekarri: eskola, haurtzaindegi, adinetako jendeei buruz...». Jauregik ere nabarmendu du beharrak handiak direla, biztanleria berria bereziki gaztea delako, gainera: %56k 45 urte baino gutxiago dituzte. Senpere Bai zerrenda abertzaleko kideak Paristik ezartzen diren legeetan ere ikusten du arazoa, ez soilik herriko etxean. «Badira anitz lege Frantziatik heldu direnak, eta zenbait tokitan lege horiek eginak ziren lurrak ez baitziren libratzen eraikuntzarako. Ipar Euskal Herrian ez da hori problema. Ikusten dugularik zenbat bizitegi eraikitzen diren, gure galdera hau da: norendako? Ez dira baitezpada lekuko jendeendako egiten».

Biztanleriaren emendatzearekin, enplegu falta ikusten dute oposizioko bi taldeek: «Hainbeste biztanle eta hain gazte izanik, ez da lan egiteko eremurik aurreikusirik», salatu du Jauregik. Idiarten ustez, mugikortasunari eta ekologiari ere begiratu behar zaio. Jauregik uste du, nolanahi ere, arazoari ikuspegi zabalagoaz begiratu behar zaiola. «Problema ez da bakarrik Senperen: Ipar Euskal Herri guzian badugu problema hori, jakinez prezioak kostaldean ikaragarri goratu direla». Euskal Hirigune Elkargoan landu beharrekoa da, haren ustez.

Euskarazko zerbitzuak

Auzapeza ez bezala, bertze bi hautagaiak euskal hiztunak dira, eta, auzapezak bezala, haiek ere jaso dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak herriko etxeei egindako protokoloaren proposamenaren berri.

Senpere Baiko Jauregiren ustez, azken legealdian «ez da baitezpada gauza handirik eginik izan» arlo horretan. Laguntzak nahi ditu herriko etxeko langileek euskaraz ikas dezaten, eta euskararen aldeko elkarteak eta kultura sustatzea. Etorri berriei loturik, bertzeak bertze: «Nahi dugu zinez markatu, uste baitugu Senpereren gisako herri batek behar dituela gauza horiek erakutsi, eta kide berriak heldu baldin badira ere ikas dezaten, edo jin daitezen zinez herri euskaldun batera». Idiartek ere uste du erabileran egin behar dela urratsa, eta herriko etxetik eman daitezkeela pausoak: «Lehen mailako eskoletan, haurren abantzu %70 euskaraz edo ele biz ikasten ari dira, baina ez da euskara ikastea bakarrik; behar dira baliatzeko bideak eman». Elkarteekin lan egiteaz eta zerbitzuak euskaratzeaz gain, ez dute deus gehiago zehaztu.

Bi zerrendek onartu dute antzekotasun handiak dituztela, eta elkarlanean aritzeko prestasuna dute. Baina, horretarako, lehenik, bozen emaitzak goaitatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.