Nieblaren heriotzak oinarri «matxista» duela diote abokatuek

Lehen auzi saioan eutsi egin diete zigor eskaerei: fiskalak, hamabi urteko kartzelaldiari, eta senideek, hogeikoari. Defentsak dio kolpeak ez zuela Nieblaren heriotza eragin. Gaur deklaratuko du akusatuak

Atzo hasi zen Asier Nieblaren heriotza argitzeko epaiketa, Donostian. Irudian, epaiketako aretoa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maider Galardi
Donostia
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lainotuta dago Donostia 09:30ean, eta hotza ari du Gipuzkoako Lurralde Auzitegi kanpoan. Senideak eta kazetariak eraikinaren atarian bildu dira, eta euria hasi du berehala, goitik behera. Estalpean daude hogei bat lagun, auzitegiko atea noiz irekiko zain. Kazetariek auziaren berri emateko presa dute; familiako kideek, epaiketa ahalik eta lasterrena argitzekoa. Duela bi urte eta bi hilabete hil zen Asier Niebla urnietarra (Gipuzkoa), bi hilabete lehenago beste gizonezko batek buruan jo, lurrera erori, eta koman 61 egun egin ostean. Orain, zinpeko epaimahai batek erabakiko du ea erasotzailea soilik lesioen arduraduna den, homizidio baten egilea ala hiltzailea den. Epaimahaikideek, halaber, kontuan hartu beharko dute ea auziaren oinarrian indarkeria matxista badagoen ala ez. Atzo hasi zen epaiketa, eta astebetez arituko dira perituak, auzitegi medikuak eta lekukoak deklaratzen. Atzo, alde guztiek egin zituzten alegazioak eta eskaerak; gaur, akusatuak deklaratuko du.

Luze jo du kanpoko itxaronaldiak. Lehenik, zinpeko epaimahaia eratu behar baita, eta prozesuak luze jo du. Goizean goiz zegoen jarrita hitzordua, bainaeguerdira arte ez da inor sartu aretora. Auzia berandu hasiko zela jakitun, apur bat geroago heldu da Jorge Segurado Urnietako alkatea. Argitu du zigor eskaerari eutsiko diotela: hogei urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuarentzat, ondorioztatuta Niebla hiltzearen erantzule dela. Delitu eta zigor eskaera bera egin du Nieblaren familiak: erailketarena. Fiskalak, berriz, homizidio delitua leporatzen dio akusatuari, eta hamabi urteko kartzelaldia eskatu du harentzat.

Seguradok nabarmendu du bat egiten duela fiskaltzaren arrazoiketarekin orokorrean, baina erailketaren eta homizidioaren artean badagoela aldea: «Erailketa delitua eskatuko dugu, ulertzen dugulako aurretiaz pentsatua zegoela erasoa, eta Niebla lurrean egonda ere kolpeka segitu zuela». Horretaz gain, eskatu du aintzat hartzeko indarkeria matxista oinarri duen eraso bat izan zela: «Horrelakoxe tristea da, baina Niebla gizonezko batekin hizketan aritu izan balitz, gaur ez ginatekeen hemen egongo».

Genero indarkeria oinarrian

Hain justu, hori izango da giltzarrietako bat, aldeek beren alegazioak eta eskaerak egin dituztenean argi gelditu denez. Izan ere, Niebla emakume batekin hizketan ari zen 2018ko abuztuaren 12aren goizaldean, Donostiako Parte Zaharreko Perujuantxo kalean, eta erasotzailea harengana joan zen, ukabilkada bat ematera, «jelosi kolpe batek» jota.

Urnietako Udalaren abokatuak azaldu duenez, Nieblak eta emakume hark harreman sexoafektibo bat zuten, eta erasotzailea andrearen bikotekide ohia zen. Aurretik ere eraso horren beldur zirela jakinarazi du abokatuak: «Whatsapp mezuetan ikus daiteke nola emakumeak Nieblari ohartarazten dion erasotzaileak elkarrekin ikusten baditu 'hil egingo' dituela». Horregatik eskatu dute erailketa delitua egoztea akusatuari, maltzurkeriazko astungarria dagoelako. Oroitarazi du gau horretan bertan erasotzaileak iraindu egin zuela andrea. Alegia, genero indarkeria aintzat hartzeko eskatu du abokatuak: «Kale hizkeran esanda, eraso matxista bat izan zen».

Maila instituzionalean ere, Urnietako Udalak bide hori jorratu nahi du, Seguradok azaldu duenez: «Argi dago indarkeria matxista gizonezko batek andre bati eragindakoa dela, baina legea aldatzea nahi dugu, erasoen jatorrian biolentzia mota hau dagoenean, biktimak indarkeria matxistaren biktima izendatzeko».

Yosu Agote, Nieblaren senitartekoen abokatuak ere horixe azpimarratu du: «Asierren bekatu bakarra neska batekin hitz egitea izan zen. Gizon batekin hizketan aritu izan balitz, gaur bizirik legoke». Horregatik nabarmendu du genero indarkeria kontuan hartzearen beharra: «Ez da astungarria soilik; erasoaren oinarria da».

Ukatu egin du hori akusatuaren defentsak: «Diozue andreari presioa eta mehatxuak egin zizkiola, baina orduan nola da posible mezu, dei edo posta mezurik ez izatea haien artean?». Nieblaren eta andrearen arteko mezuei ere egin die erreferentzia: «Ikusten bazituen hilko zituela? Tira, elkarrekin ikusten bazituen, liskartxo bat izango lukete, eta listo». Defentsaren abokatuaren ustez, ez dago homizidio edo erailketa zantzurik: «Hego haizeak jo zion, eta listo. Hori da egia. Nire bezeroa damututa dago, gainera».

Kolpeen eraginaz

Argitu beharreko beste kontu bat da kolpearena. Defentsa abokatuek diote erasotzaileak lepo atzean emandako kolpeak eragin zizkiola Nieblari lesioak, baina akusazioarenak dio aurpegian jo zuela, eta desorekatu ondoren erori zela lurrera, eta horrek eragin zizkiola lesioak. Halere, ohar egin du Urnietako Udalaren abokatuak: «Hala izanda ere, lesio hilgarriak eragin dituena erasotzailea da». Alegazioen ostean zen akusatua hitz egitekoa, baina Maria Jose Barbarin epaileak aukera eman du saioa atzeratzeko. Gaur deklaratuko du akusatuak, eta datozen egunetan perituek eta lekukoek hartuko dute hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.