AEK-k herritarren ekarpenak biltzeko kanpaina bat abiatu du

Martxoaren 28an gutxienez 45 «ekitaldi xume» egingo dituzte. AEK-k gutun bana bidaliko die Euskal Herriko erakundeei, euskalduntze prozesuaren garrantzia gogorarazteko

Kanpainarako sortutako irudia. AEK.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun

2021. urteak Korrikarena izan behar zuen, baina iazko urrian aurreratu zuten urtebete atzeratuko zela euskararen aldeko lasterketa masiboa. Korrika ez da euskara sustatzeko ekinbidea soilik; AEKrentzat finantzaketa iturri garrantzitsua ere bada, eta aurten ekarpen hori gabe geratzea «kolpe itzela» izango zela aurreratu zion BERRIAri Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak. Galera hori ahal bezainbeste leuntzeko, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du euskaltegien sareak: Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! leloa izango du dinamikak, eta dagoeneko ekarpenak egiteko aukera dago AEKren webgunean bertan.

[YouTube]https://youtu.be/GjqtXIf86xo[/YouTube]

Handia baita Korrikak utziko duen hutsunea. Bide horretatik jasotzen duten ekarpen ekonomikorik gabe, AEK-k bere egunerokoan aurrera egin ahal izateko, banku finantzabide bat eskatu behar izan du. Hau da, ikasturteari aurre egiteko zorpetu egin behar izan du euskaltegien sareak. Korrikak eskaini ohi dien diru iturria izango ez dutenez, erabaki dute herritarrei ekarpenak eskatzea, gaur egun jasotzen dituzten diru laguntzak ez baitzaizkie aski.

Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiak aurkeztu zuen atzo kanpaina, eta helburua «euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzea» dela esan zuen. Euskal herritarren erdiak baino gehiago oraindik erdaldunak direla gogoratu zuen, eta horregatik dela garrantzitsua euskalduntze prozesua indartzea: «Berdintasunean oinarritutako jendarte bat amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu». Euskaltegien finantzaketan aurrerapausoak eman direla onartu bazuen ere, oraindik ez da aski. «AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude».

Hain justu, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpainaren barruan, hiru administrazioetara gutun bana bidaliko du AEK-k apirilean. Duela 55 urte Rikardo Arregi euskaltzale eta kazetariak Euskaltzaindiari helarazi zion gutunaren oinarria gogoratu du Iribarrenek. Orduko hartan, helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazi zion Arregik akademiari, eta arlo hori sustatzeko premia nabarmendu. Gutun hura bidali zenetik mende erdi igaro denean, AEK-k gogoraraziko die hiru erakundeei euskalduntze prozesuaren normalizazioan urratsak egiteko garaia dela. Iribarrenek ez du aurreratu zein izango den gutun horren edukia, baina oinarri hori izango duela esan du. «1966ko urtarrileko gutunetik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko gara».

Horrez gain, eragile sozialekin ere lan ildo komun bat jorratzen ari direla jakinarazi du Iribarrenek. Korrikaren aurreko aldian Albaola-Bastidako ekinbidea abiatu zuen AEK-k, eta bertan hainbat eragilek euskararen aldeko konpromisoa hartu zuten. «Orain, harreman horiek sustatzen segitu nahi dugu, eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu lana ere egin dezaten beren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere zeregin garrantzitsua dutelako».

Martxoan, ekitaldiak

Dinamikako ekinbide horiekin guztiekin, Korrikak bi urtean behin betetzen duen eragile lana ordezkatuko du AEK-k. Baina Korrika ezer bada, mobilizazioa eta jende pilaketa da, eta halakorik ezingo dute egin aurten. Ordezko jarduerak antolatzeko lanean ari da euskaltegien sarea, eta oraingoz 45 herritan ekitaldiak antolatuko ditu martxoaren 28an. Korrika egun horretan amaituko zen, pandemiak atzeratu izan ez balu.

Oraindik ez dute argitu zein motatako ekitaldiak izango diren, eta saio gehiago antolatu ditzaketela ere esan du Iribarrenek. Martxo erdialdean zehaztuko dituzte ekitaldi horiek non egingo diren eta nolakoak izango diren. Hala ere, AEK-ko kideak zehaztu du unean uneko osasun egoerara egokitutakoak izango direla. «Xumeak izango dira, ezingo dugu nahiko genukeen jende kopurua bildu». Baina Korrikaren hutsunea nolabait estaliko dute ekitaldi horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.