Albistea entzun

Hegoaldeko administrazioek 1.900 milioi euroren zorra hartu zuten iaz

Bi urtez jaitsi ondoren, zor publikoa gehienezko kopuruetara itzuli da. EAEren zorra BPGaren %16,1era iritsi da 2020aren amaieran, eta Nafarroarena, berriz, %19,1era
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko apirilak 1

Hego Euskal Herriko gobernuek zorraren makinari berriro eraginez egin diote aurre koronabirusaren krisiari. Pandemiari aurre egiteko gastu gehigarriek eta, batez ere, zerga bilketaren amiltzeak dirua maileguan hartzera behartu dituzte. Espainiako Bankuaren arabera, 2020. urtearen amaieran 17.414 milioi euro zor zituzten Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioen artean. 2019aren bukaeran baino 1.910 milioi euro gehiago dira; hau da, urtebetean %12 handitu dutela beren zorra.

Zorra handitu denez eta aldi berean barne produktu gordina txikitu denez —%9,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %8,3 Nafarroan—, jauzi handia egin du BPGarekiko zorpetzeak: %12,7tik %16,1era Jaurlaritzarenak, eta %15,7tik %19,1era, berriz, Nafarroako Gobernuarenak.

Horrenbestez, Hego Euskal Herriko administrazio nagusien zorra bere maila historiko handienera itzuli da, 2017kora. Urte horren amaieran 16.974 milioi zor zituzten, orain baino 450 milioi gutxiago, betiere Espainiako Bankuak gehiegizko defizitaren prozeduraren arabera egiten duen zenbaketarekin —ez dator beti bat administrazioek ematen dituzten datuekin—.

Nafarroa, behetik

Administrazio guztiek ez dituzte hautsi marka historikoak. Gutxigatik bada ere, Nafarroa ez da 2017ko mailara iritsi: 3.628 milioi zor zituen orduan, eta 11 milioi gutxiago orain, 3.617 milioi. 2020an %9,7 handitu zuen zorra (+320), eta horrela konpentsatu du zerga bilketak izandako %8,8ko jaitsieraren zati handi bat.

Jaurlaritzak, ordea, ez du inoiz urte baten amaieran hainbesteko dirua zor izan: 10.785 milioi dira, 2017an baino 636 milioi euro gehiago, eta duela urtebete baino 1.360 milioi gehiago (+%14,4).

Edonola ere, Gasteizko gobernuaren 2020ko laugarren hiruhilekoko datua ez dago 2019ko hirugarren hiruhilekotik oso urrun (+78 milioi). 2019ko abenduan, uste baino zerga bilketa handiagoaren eskutik superabita zuenez, Iñigo Urkulluren gobernuak erabaki zuen bere zorra ia 600 milioi arintzea.

Horren halako bi zorpetu zen iaz, eta aurten ere bide horretatik jarraitzen ari da. Martxoan, 200 milioi euro jaso zituen inbertitzaile pribatuen eskutik, 50 urte barru itzuli beharrekoak. Gainera, iragarri du zor jasangarria deitutakoarekin jarraituko duela: 1.000 milioi euro bildu nahi ditu, «gastu sozialak finantzatzeko».

Lan horretan laguntza bat jaso zuen atzo Gasteizko gobernuak: Standard & Poor's kalifikazio agentziak AA- rating-a berretsi zion atzo haren zorrari. Maila onenetakoa da, eta Espainiako zorrarena baino bi maila gorago dago. Kalifikazio horri esker merke finantzatzen jarraitzeko aukera izango du gobernuak.

Jaurlaritzak antzeko neurrian jotzen du zor merkatuetara eta bankuetara bere burua finantzatzeko. Espainiako Bankuaren arabera, 2020 amaieran bere zorraren %47 zuen bankuekin, eta %53, berriz, bere bonuak erosi dituztenekin. Nafarroak, kontrara, askoz gehiago jotzen du finantza erakundeetara (%65) eta gutxiago zo merkatuetara.

Diputazioena, gora

Foru aldundiei dagokienez, 3.012 milioi euro zor zituzten 2020 amaieran, urtebete lehenago baino 230 milioi gehiago (+%8,2). Kasu horretan, urrun dute oraindik beren gehienezko zor kopurua: 3.409 milioi, 2016an. Azken urteetan asko txikitu dute beren zorpetzeak, batez ere Espainiako aurrekontuen egonkortasunerako legearen mugen ondorioz; debekatuta izan dute defizita izatea eta, hortaz, kontu orekatuak aurkeztu behar izan dituzte. Debeku hori altxa zion iazko urrian Madrilek, Jaurlaritzarekin lortutako itun baten bitartez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zamaketariak eta portuko beste langileak Baionako portua blokeatzen, atzo, Tarnosen. ©PATXI BELTZAIZ

Erretreten erreformaren aurkakoek Baionako portua blokeatu dute

Iker Aranburu

Erretreta gibelatzeko proiektuari buruzko eztabaida astelehenean hasiko da Frantziako Asanblean
LABek  elkarretaratzea egin zuen azaroan, Adegiren egoitzaren atarian. ©Jon Urbe / Foku

Lehen bilera Gipuzkoako metalgintzan

Irune Lasa

Sindikatuek langileen erosahalmena bermatzeko adinako soldata igoerak nahi dituzte.

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Bereziki zerbitzuen sektorean nabaritu da: 22.700 langile gutxiago daude. Industriak eta eraikuntzak eutsi egin diote, eta enplegua sortzen jarraitu dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.