Azpiazuk Bruselari eskatu dio gastuari mugarik ez jartzeko

Zerga bilketa handiak inbertsioei eusteko aukera ematen duela uste du Jaurlaritzak. Iazkoa ez ezik, izurriaren aurreko kopurua ere gainditu du. Baikor azaldu dira aldundiak

Azpiazuk Bruselari eskatu dio gastuari mugarik ez jartzeko.
aitor biain
Gasteiz
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Zerga bilketaren errekorrari ahalik eta etekin handiena atera nahi dio Eusko Jaurlaritzak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek inoiz ez bezalako kopurua jaso baitute 2021ean: 15.963,2 milioi euro. Izan ere, COVID-19aren izurriak eragindako lurrikaratik suspertzen ari da ekonomia oraindik, baina hazkunde betean da, eta bilakaera on hori baliatu nahi du inbertsioak areagotzeko. Ez Europako Batasunak, ez Madrilek, ez dituzte kontuak orekatzeko aginduak betearaziko datozen bi urteetan, baina erabaki horren kontrako mezuak gero eta ozenagoak dira Europan. Hori dela eta, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak denbora eskatu dio Bruselari, gastu publikoari eutsi eta hazkunde ekonomikoa finkatu ahal izateko: «Orain ezin da inbertsioak egiteko dugun indarra gelditu».

Atzo egin zuten bilketaren kontuak ixteko Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailaz gain, hiru diputazioek eta Eudeleko ordezkariek hartu zuten parte tramite itxura hartu zuen bileran. Azpiazuren hitzetan, zerga bilketaren datu ona garrantzitsua da 2020ko kolpearen ondoren —%9,8 amildu zen—, erakusten duelako ekonomia lehengoratzen hasia dela. Osasun egoera tarteko, aurreikuspen zuhurrak egin zituzten, baina, halere, bilketa uste baino hobea izan da azkenean: urrian kalkulatu baino ia 400 milioi gehiago jaso baitira denera. Bilketa «nabarmen» handitu da, gainera, iazkoa ez ezik pandemia aurreko kopurua ere gainditu baitu 2021ean jasotakoak. 2020an baino %14,4 gehiago jaso dira zergen bitartez, eta 2019an baino %3,2 gehiago —493,6 milioi euro gehiago—.

Osasun egoerari aurre egiteko neurriak arindu ahala egin du hobera ekonomiak ere, eta horrek eragin zuzena izan du zerga bilketan, kontsumoa berreskuratu ez ezik enpleguari ere eutsi egin zaiolako. Enpresek ere atzeratutako ordainketa batzuk egin dituzte, gainera. Hala ere, inflazioa handitu izanak eta Espainiako estatuak foru ogasunei emandako BEZaren ezohiko diru sarrera batek ere izan du eragina emaitza ikusgarri horretan.

Gastu mugaren beldur

Espainiako Estatuari ordaindu beharreko kupoa ere zehaztu dute bileran: 1.000 milioi euro dira; behin-behineko kopurua da oraindik, nolanahi ere. Ogasun sailburuak gogorarazi du, ordea, 2020ari dagokion zenbatekoa murriztu egin dutela: 724 milioi euro eman dizkio Madrili denera. Izan ere, Jaurlaritzak zenbait eskumen bereganatu ditu, eta, beraz, 277 milioi euro kendu dizkiote hasieran hitzartutako kopuruari.

Modu horretan, Jaurlaritzak aurrekontuetan jaso baino 1.200 milioi gehiago izango ditu gastatzeko. Azpiazuk esan du «inbertsioei bultzada bat» emateko erabiliko dutela diru gehigarri hori: «Datu horiek atea irekitzen dute eraldaketa eta suspertze ekonomikoaren alde egindako apustu garbia indartzen jarraitzeko».

Izan ere, sailburuak gogora ekarri du datozen bi urteetan administrazioek ez dituztela defizit eta zor mugak bete beharko, eta uste du horrek aukera ematen diela inbertsio publikoak areagotzeko. Hori dela eta, Bruselari galdegin dio erakundeak estuegi ez hartzeko: «Espero dut oraingo honetan ikuspegi osoz jokatzea Europako erakundeek, eta, beraz, murrizketarik ez ezartzea ekonomiaren susperraldia geldiarazteko modukorik, behar-beharrekoa baitugu ekonomiaren susperraldia, pandemiaren ondoren indarberrituko bagara». Arau fiskalak ezartzearen alde agertu da, baina «apurka-apurka».

Ahaldun nagusiak, baikor

Bat egin dute sailburuaren asmo eta ideiekin ahaldun nagusiek ere, eta baikortasun mezuak helarazi dituzte guztiek. Zuhurtzia eskatu dute, edonola ere, oraindik badirelako egoera baldintza dezaketen faktoreak nazioartean: Ukrainako krisiak eragindako «ziurgabetasuna», industrian zenbait osagairekin izaten ari diren hornikuntza arazoak, energiaren prezio garestia eta interes tasen igoera posiblea aipatu dituzte, besteak beste.

«2021 suspertzearen urtea izan da. Azkar itzuli gara krisiaren aurreko datuetara», adierazi du Ramiro Gonzalezek. Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu du diru gehigarriari esker «nabarmen» handituko duela inbertsioa, eta «proiektu eraldatzaileak» bultzatuko dituela.

«Helburua bete dugu», adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak ere. Eta zera azpimarratu du: «Orain lan egin behar dugu euskal ekonomiaren indar hori pertsonengana heltzeko». Izan ere, uste du soilik modu horretan hobetuko dela herritarren bizi kalitatea.

Halaber, pozik azaldu da Markel Olano. «Emaitzak borobilak dira», esan du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Eta adierazi du bildutako diru gehigarria «gizarte kohesioa» bermatzeko eta ehun sozioekonomikoaren «lehiakortasuna» bultzatzeko erabiliko duela. Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak nabarmendu du Ekarpen Lege berriari esker udalek ere baliabide gehiago izango dituztela.

Hala ere, lege berriak ez ditu konpondu lehendik zituzten arazoak, Arabak aurten ere kutxa orokorrean jarri beharrekoa baino gutxiago bildu duelako. Egokitzapenerako funtsa erabiliko dute desoreka hori konpontzeko: 80 miloi euro jasoko ditu denera.

Eusko Jaurlaritzarentzat izango dira bildutako hamar eurotik zazpi: 10.829 milioi euro guztira. Bizkaiak jarriko du kopuru horren erdia pasatxo, Gipuzkoak herena inguru —%33,49—, eta Arabak gainerakoa —%16,22—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.