Diaren lehen greba egunaren «erantzun zabalak» gustura dauzka sindikatuak

Banaketa enpresak hilaren 21ean aurkeztuko du kaleratze erregulazioa, eta Hego Euskal Herrian 81 langileri eragin diezaieke. ELAk eta LABek informaziorik eza salatu dute

Diako langileen protesta, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Daturik ez zuten eman, baina Dia supermerkatuko greba mugagabearen lehen egunak «erantzun zabala» izan zuen sindikatu deitzaileen arabera. Gipuzkoa eta Bizkaiko dendetarako egina zuten lanuzterako deia, eta, enpresaren arabera, 175 supermerkatuetatik sei besterik ez ziren itxi grebaren eraginez. Aurretik beste hiru greba egun eginak zituzten bi lurraldeetan, eta azken lanuztean hamazazpi denda itxi zirela esan zuten Diako iturriek, grebaren eragina txikiagoa izan zela adierazteko asmoz.

Erantzuna handiagoa ala txikiagoa izan, lanuzteekin aurrera jarraituko dute langileek. Izan ere, ELAko eta LABeko ordezkarien arabera, Hego Euskal Herrian supermerkatuko 81 langile kaleratuko dituzte hilaren 21ean, eta horren aurka mobilizatzen ari dira. Informazio zehatzik ez duten arren, gauza jakina da 1.600 langile ingururi eragingo dien txosten bat prestatzen ari dela Dia. «Ez daukagu informaziorik, lan erregulazioa Espainia mailan negoziatzen ari direlako CCOO, UGT eta Fetico sindikatuak». Kexu azaldu zen Yolema Manzana ELAko ordezkari sindikala, ELA, LAB, CIG eta OSTAk ez dutelako ordezkaritzarik negoziazio mahai horretan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkarien artean gehiengoa dute ELAk eta LABek, eta, horregatik, negoziazio mahaian ez egotea larritzat jo zuen Manzanak, «gehiengo sindikala baztertzen» ari direlako. «Bertan egoteko eskaera egin dugu, baina ez digute onartu; jasotzen ari garen informazio guztia filtrazio bidez lortzen ari gara, eta horrek ezegonkortasuna eta zurrumurruak sortzen ditu langileen artean». Hala jakin dute lan erregulazioak 81 langileri eragingo diela: 61 langileri Bizkaian, hamarri Gipuzkoan, eta hamarri Nafarroan.

2018an, 352 milioiren galerak izan zituen konpainiak —2017an, 101 milioi euroren irabaziak izan zituen—, eta kostuak murrizteko estrategia gisa aurkeztu dituzte kaleratze horiek. Baina egoera «surrealistak» suertatzen ari direla salatu zuen Manzanak, «langile gehiago behar direla dioten kartelak jarrita baitaude denda askotan». 2017. eta 2018. urteen artean lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak egin zituzten, eta Diako «Espainia iparraldeko arduradunarekin» langile gehiago kontratatu ahal izateko aukeraz hitz egiten aritu zirela zioen. «Horregatik, ez dauka zentzurik orain erregulazioa aurkezteak».

Arazoa, gainera, ez dira langileak eta salmentak, Puri Gonzalez LABeko ordezkariaren arabera. «Espainian duten zorraren %9 soilik dago soldatei lotua; gainerako guztia bankuekin dituzten zorrak dira. Kaleratzeen zentzugabekeria erakusten du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.