Kansas, abortatzeko eskubideari eustea onartu duen lehen estatua

Galdeketan hautesleen %60k bozkatu dute eskubidearen alde. Bidenek agindu du gobernuak «ugalketa zerbitzuak» nahi dituztenak artatuko dituela, betiere abortua legezkoa den estatuetan

Kansas, abortatzeko eskubideari eustea onartu duen lehen estatua.
Paulo Ostolaza - Zuriñe Iglesias Sarasola
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Abortatzeko eskubidearen aldeko mugimenduak garaipen handia lortu zuen herenegun Kansasen (AEBak). Erreferendum bat egin zuten abortatzeko eskubidea mantendu edo ez erabakitzeko, eta bozkatu zutenen %60k baino gehiagok eskubide horri eustearen alde egin zuten. Emaitza garrantzitsua da: Kansas da AEBetan gisa horretako erreferendum bat egin duen lehen estatua, eta aurrekaria ezar dezake datozen hilabeteetan beste estatu batzuetan egingo dituzten galdeketei dagokienez. Emaitzak oihartzuna izan du herrialde osoan; porrot handia da errepublikanoentzat.

AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen abortatzeko eskubide konstituzionala ekainaren amaieran. Horren ondorioz, estatuei itzuli zien gai horri buruz erabakitzeko eskumena. Hala, litekeena da herrialdeko estatuen erdietan baino gehiagotan abortua debekatzea, ala haurdunaldia eteteko aukerak murriztea berandu baino lehen. Horietako batzuetan berehala jarri zuten indarrean debekua, Gorenaren epaiaren aurretik onartutako legeak baitzituzten zain; zehazki, bederatzi estatutan.

Kansasen, ordea, bozkatu egin behar zuten legea indarrean jarri aurretik. Han, gobernadore demokrata dute orain, baina tradizio errepublikanoa duen estatu bat da. Kontserbadoreek kontrolatzen dituzte hango fiskaltza eta estatu idazkaritza, eta presidentetzarako hauteskundeetan ere Donald Trump gailendu zen han. Ez zegoen argi, beraz, zein izango zen galdeketaren emaitza.

Legea onartu zenetik, Texasko, Oklahomako, Missouriko eta beste hainbat estatutako hainbat emakumek bidaiatu behar izan dute Kansasera abortatzeko; hori egin ahalko dute aurrerantzean ere, ekonomikoki posible badute behintzat.

Emaitzen berri izan bezain laster, Joe Biden AEBetako presidenteak adierazpenak egin zituen: «Kansasko hautesleak inoiz baino gehiago mobilizatu dira, AEBetako konstituzioa moldatzeko saiakera estremistei aurre egiteko. Aukeratzeko eskubidea kendu nahi diete emakumeei». Horrez gain, presidenteak adierazi zuen erreferendumak «argi utzi» duela estatubatuar gehienak abortatzeko eskubidearen alde daudela; emakumeek euren osasunaren inguruko erabaki propioak hartzearen alde, beraz. «Kongresuak herritarren ahotsa entzun behar du, eta berriz onartu abortu eskubidea bermatzen zuen legea».

Neurri berriak

AEBetako Gobernuak jakinarazi zuen atzo emakumeei «babesa» emango dietela abortatu nahi badute estatu batetik bestera mugitzeko. Bidenek sinatutako betearazpen agindu baten bitartez, AEBetako Osasun eta Giza Zerbitzuen Departamentua derrigortuta egongo da «ugalketa zerbitzuak» nahi dituztenak artatzera; betiere, abortatzeko eskubidea legezkoa den estatuetan bakarrik.

Hori ez ezik, AEBetako presidentearen asmoa da, halaber, abortatu nahi duten baliabide gutxiko emakumeentzat ere laguntza medikoen programa federalak babestea, Medicaid esaten diotena. Aldi berean, Bidenek Xavier Becerra AEBetako Osasun eta Giza Zerbitzuen Departamentuko arduradunari eskatu zion beharrezko neurri guztiak hartzeko zerbitzu medikoen hornitzaileek inor diskrimina ez dezaten legeak betetzen dituztela bermatzeko.

Bidenek sinatutako betearazpen aginduaren beste helburuetako bat da ikertzea ugalketa zerbitzuetarako sarbidea murrizteak amen osasunean izan ditzakeen ondorioak, eta datuak biltzea.

AEBetako Auzitegi Gorenak iragan ekainean hartu zuen erabakiak emakumeen eskubideak ataka larrian jarri zituen. Roe v. Wade abortu eskubidea bermatzen zuen 1973ko aurrekaria bertan behera utzi baitzuen. Bost epailek bozkatu zuten legea baliogabetzearen alde, eta lauk kontra —hiru epaile aurrerakoiekin batera bozkatu zuen magistratu kontserbadoreetako batek—.

Horrek berehala eragin zituen protestak herrialde osoan. Jendetzarik handienetakoa Auzitegi Gorenaren atarian bertan bildu zen, Washington hiriburuan.

Legea indarrean zegoela, berehala itxi zituzten hainbat klinika, eta milaka andre geratu ziren non eta noiz artatuko zituzten jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.