Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da.
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralaren beraren azterketa batek egin du oharra: 2022an, eurogunean, inflazioaren motorretako bat ez da izan soldaten igoera, enpresen irabazi marjinen igoera baizik. Hau da, iaz sortutako aberastasunaren banaketan zati handiagoa joan zela enpresen kontuetara langileen patriketara baino. Euskal Herrian ere gauza bera gertatu dela erakusten duten datuak azaltzen hasi dira. Nastaten arabera, enpresen errenta soldatapekoena halako bi hazi zen iaz.

Zehatzago esateko, Nafarroako estatistika erakundeak nabarmendu du esplotazioaren soberakin gordina —enpresen eta langile autonomoen irabaziak, zergak ordaindu ondoren— %13,7 handitu zela 2022an, aurreko urtearekin alderatuta; soldatapekoen errenta, berriz, %6,0.

Datu horretan agian zeresana du Volkswagenen emaitza onak. Landabengo fabrikak, Nafarroako handienak, 87,4 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino 27 milioi gehiago.

Atzera eginez gero, ikus daiteke 2020. urtea askoz okerragoa izan zela enpresen eta autonomoen mozkinarentzat: %10,2 uzkurtu zen, eta %4, berriz, soldatapekoena, itxialdiko asteetan langile gehienek soldatari eutsi ziotelako, haien enplegatzaileetako askoren diru sarrerak amildu ziren arren. Baina 2021. urteko lehen hiruhilekoaz geroztik beti handitu da gehiago haien irabazia soldatapekoena baino, eta 2022an are gehiago handitu da batzuen eta besteen arteko aldea.

Horrela, 2022. urtean BPGaren %47,2 izan zen esplotazioaren soberakin gordina, eta %42,9 soldatapekoen sariak; gainontzekoa, %9,9, zergak dira. 2020. urtean, berriz, enpresen eta autonomoen mozkinaren (%44,8) gainetik izan zen soldatapekoena (%45,3).

Nastaten datuek beste zerbait erakusten dute: soldatapekoek oro har erosteko ahalmena galdu zutela. Urteko azken hiruhilekoan %4,1 hazi ziren; hiruhileko horretan, inflazioa %7,5 izan zen.

Sindikatuek, azken urteetan, maiz esan dute apaltzen ari dela lanaren errentek BPGan duten pisua, baina, orain, erakunde batzuetara ere zabaltzen ari da kezka. Esaterako, EBZren azken bileraren ondoren, «inflazioaren zama partekatzeko» eskatu zien Christine Lagarde EBZko presidenteak enpresei.

Beste datuak

Kontu ekonomikoen beste datuei dagokienez, urtarrilean aurreratutakoak baieztatu ditu Nastatek. BPGa %4,3 hazi zen 2022. urtean, eta, aurreko urteko %5,9ko hazkundeari batuz gero, Nafarroako ekonomiak jada gainditu du pandemiaren aurretik zuen neurria.

Urteak aurrera egin ahala, apaldu egin da urte arteko hazkunde tasa —%6,5 lehen hiruhilekoan, %3 laugarrenean—, baina, hiruhileko arteko tasari erreparatuz gero, ikusten da urtearen amaieran berriro abiada hartu zuela ekonomiak, energiaren prezioak beheraka egin zuelako.

Bultzada horretan, zerbitzuek izan dute pisurik handiena, eta ostalaritzaren eta zerbitzu profesionalen ekarpena nabarmendu du Nastatek. Industriak ere hobera egin du: %2 handitu zen hazten hirugarren hiruhilekoan, eta %2,3 laugarrenean. Kontrako bidea egin du eraikuntzak, %3,9tik %1,4ra. Eskaintzari dagokionez, kontsumo pribatua agertu da sendoen (+%3,7), gastu publikoak murriztu eta murriztu ari direlako (-%0,3). Enpresen inbertsioak ere sendo daude, batez ere ekipo ondasunetan (%3,2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.