Herriko bozak. Miarritze

Turismoari so bizi den hiria, aterabide bila

Miarriztarrak bizi ezin diren hiri bilakatua da aspadian Miarritze, hautagai anitzen ustez. Michel Veunac auzapezaren kudeaketa deitoratu dute, gardentasun falta salatuta

Miarritze erdiguneko karrika bat. Herritar anitzentzat ezinezkoa bilakatua da bizitegi bat eskuratzea. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bederatzi hautagai aurkeztu ziren bainuetxe hiria gobernatzeko asmoz; zazpik jarraitzen dute lasterketan. Michel Veunac auzapezak azken sei urteetan bere auzapezorde izandako bi hautetsi izanen ditu parean: Guillaume Barucq mediku eta surflaria da bata. 2014an ere aurkeztu zen, eta bigarren itzulian Veunacekin aliantza egin ondotik, gehiengoan sartu zen. Veunacen bilana «bere egiten» duela badio ere, auzapezaren egiteko moduak kritikatu ditu, dena bakarrik erabakitzen duela leporatuta; EAJren sostengua ere lortu du. Nathalie Motsch da bestea. 2018ko udazkenean pasatu zen oposiziora, Hotel du Palais hotelaren aferan desadostasuna erakutsi ondoren; «beste garai bateko kudeaketa bat du». UDI alderdiko kideak Didier Borotra Miarritzeko auzapez ohiaren, eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariaren babesa eskuratu du.

Eskuinak beste bi hautagai izanen ditu: Maider Arostegi, Errepublikanoetako kidea, eta Jean-Benoit Saint-Cricq, RPR eta UMP alderdi ohietako kide izana. Brice Morinek Euskal Herrian berde eta solidario zerrenda eramanen du, EH Bai, Europa EkologiaBerdeak eta Miarritzeko intsumisoen babesarekin; « gardentasun falta handia da». Azkenik, Karim Guerdanek, zerrenda herritarra osatu du. Veunac auzapezak bere bilana defendatu du: «Duela sei urte hartu genituen engaiamenduen gehiengoa bete dugu». Hautagai guziek defendatu dute auzoetako biltzarrei leku gehiago eman eta herritarren parte hartzea sustatzea.

Etxebizitza da gaur egun Miarritzen kezka gehien sortzen duten arazoetako bat: bizitegi sozialen heina %12koa da —%25 izan behar da legearen arabera— eta bizitegien %42 bigarren etxebizitzak dira. Azken datuen arabera, miarriztarren %13 pobrezia heinaren azpitik bizi dira. Azken urteetan, biztanleria apaltze bat ere izan du. Irakurketan bat egiten dute hautagai gehienek: gero eta konplikatuagoa da Miarritzen bizitzea, eta nagusiki turismoari bideratutako hiri bilakatzen ari da. Airbnb gisako plataformak erregulatzeko beharra ere azaleratu dute; Veunacen hitzetan, Euskal Elkargoarekin arau batzuk prestatzen ari dira. Bizitegi sozialen kopurua emendatu behar dela ere adierazi dute hautagaiek, baina aterabideetan ez dute bat egiten: bizitegi berriak eraiki nahi dituzte Veunacek eta Motschek, Irati eta Aguilera auzoetan. Barucq eta Morinek bigarren etxebizitzei %60-70eko zerga ezarri nahi diete, eta jasotako dirua etxebizitza arloan inbertitu. Araudiak zorroztuz, sasoiko bizitegiak urte osoko bizileku bilakatzea nahi dute. «Ikusten dugu gainerako hautagaiek bizitegi sozialak kanpoaldean nahi dituztela, eta hiri erdigunea bigarren etxebizitza eta bakantzatiarrentzat, ez Miarritzeko biztanleentzat», deitoratu du Morinek.

Mugikortasunean ere garapen bat behar dela adierazi dute hautagai gehienek. Proposamen desberdinekin, hiri erdigunean autoari lekua kendu, eta garraio publikoari, bizikletari eta oinezkoei bidea errazteko beharra azpimarratu dute.

Euskara 2035

Abenduan aurkeztu zuen Euskara 2035 plana Miarritzeko euskara zerbitzuak, hizkuntza politika epe luzeko perspektiba batean ezartzeko anbizioarekin. BERRIArekin mintzatu diren hautagai guziek babestu dute euskararen aldeko urratsak egiten jarraitzea. Guillaume Barucq: «Herriko etxeko langileak prestatu behar dira, dendariak euskara ikastera bultzatu, eskola elebidunetako harrera garatu, ikasle guziei euskarara iniziazioa eskaini».

Euskal Elkargoa sortzearen kontra bozkatu zuen Miarritzeko Herriko Kontseiluak 2016an; estatus bereziko lurralde elkargoa egokiagoa zitzaiola adierazi zuen Veunac auzapezak bere garaian, baina, behin sortuta, turismoaren lehendakariordetza bereganatu zuen. «Kontent» agertu da lehen hiru urteetako eraikuntza fasearekin, eta egokitzat jo du garai bateko lurralde eremuen antolaketara itzultzea. «Estatus berezi baten aldekoa naiz; Frantziako Gobernuaren deszentralizazio nahiari erantzungo lioke». Elkargoa «itsasontzi handi bat» da, Morinen hitzetan, eta «zaila da ongi funtziona dezan». Gaur egun, hautetsiak tratuan aritzeko leku gisa deskribatu du, eta baieztatu du, hautatuak balira, Ipar Euskal Herriko ikuspegiarekin lan eginen dutela. Barucqen iritziz, «administratiboegia eta konplexuegia» izan da elkargoaren hasiera: «Batzarrak luzeegiak ziren, aspegarriak, eztabaida politikoak bakanegiak; politikoa elkargoaren erdigunean ezarri behar da». Ipar Euskal Herriak autonomia handiagoa behar duela nabarmendu du, Hego Euskal Herriko eredu gisa hartuta: «Ekintza koordinatua behar da Hegoaldearen eta Ipar Euskal Herriaren artean». Nathalie Motschen hitzetan, «sustut ez dira herria eta elkargoa bereizi behar». Orain arte adostutako politikak martxan jartzea da lehentasuna, haren iritziz: «Zentzugabekoa litzateke bilakaera instituzional bat aurreikustea; hiru urte eman ditugu eraikuntzarako, ez da fiteegi joan behar».

Palais hotela eta BOPB

Diru publikoa enpresa pribatu bat finantzatzeko baliatu behar ote da? Galdera horri erantzun behar izan diote Miarritzeko zazpi hautagaiek kanpainan zehar. Hotel du Palais hotelaren aferak gatazka handia sortu du azken bi urteetan herriko kontseiluan. Herriko Etxearena da eraikina, eta Socomix enpresa publiko-pribatuak kudeatzen du. Horrek beste enpresa baten edo batzuen esku uzten du hotelaren kudeaketa. Horiek egin beharko dute berritzea, eta obraren kostuak eta bestelako ñabardura juridiko batzuek eragin dute gatazka. Veunacen hitzetan, hotelaren etorkizuna «bermatua» da», eta miarriztarrek ez dute «zentimo bakar bat ere» xahutuko. Gainerako guziek dudan ezarri dute baieztapena, eta kontrol zorrotzagoa eskatu dute.

BOPB errugbi taldearen kasuan, gisa bereko eztabaida sortu da, Aguilera zelaiaren inguruan 12 milioi euroko entrenamendu zentro bat eraikitzeko proiektua diruztatzeko eskatu baitio herriko etxeari. Printzipiozko baietza eman zion herriko etxeak joan den otsailaren 12an iragan zen tentsioz beteriko herriko kontseiluan. Herriko bozak baino hilabete bat lehenago halako erabakiak hartzea kritikatu dute gainerako hautagaiek. Brice Morin: «Miarritzen gastu publikoa beharrezkoa da, baina BOPB enpresa pribatua da, eta gure diru ekarpenak ez ditu bere emaitzak hobetuko. Hamar hektarea lur publiko ditugu; bizitegi sozialak egiteko atxiki nahi ditugu, kudeaketa publikoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.