Zaintzak zaintzeko deiadarra

Zaintzako langileek greba egingo dute asteartean, Hego Euskal Herrian, ELAk deituta. Baldintza duinak eskatu dituzte, eta sektorea kudeatzeko beste eredu bat.

Greba luzea egin zuten Gipuzkoako zahar etxeetako langileek iaz. Irudian, ELAko kide bat iazko urrian, protestan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemia lehertzearekin batera, agerian gelditu da: zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzak sostengatzeko, baina, paradoxikoki, gutxien baloratutako eginbeharretako batzuk dira. Hala etxean nola enplegu arloan, lan feminizatu eta prekarizatuak dira: zahar etxeetako lanak, eguneko zentroetakoenak, etxez etxeko langileenak, arreta berezia behar duten horiek artatzekoak... COVID-19aren lehen olatuan, martxo-apiriletan, sektore horretako langileek eskatu zuten baldintzak hobetzeko. Orain, salatu dute bigarren olatua heltzerako erakundeek ez dituztela baliabideak jarri lan baldintzak hobetzeko, nahiz eta lehen hartatik hilabeteak pasatu diren. Eta egoera horretan lan egiteaznekatuta, grebara joko dute datorren asteartean, hilaren 17an, ELA sindikatuak deituta.

Teorian zerbitzu publikoa behar luketen horiek azpikontratatu egiten direla salatu du Janire Diaz ELAko arlo soziosanitarioaren arduradunak: «Administrazio publikoa da zerbitzu emailea, eta diru publikoarekin finantzatzen da dena: zaharren egoitzak, etxez etxeko zerbitzua, adinekoen esku hartze sozioekonomikoa... Baina politika neoliberalen ondorioz, ia dena azpikontratatuta dago». Alegia, enpresa pribatuek kudeatzen dituztela zerbitzuok, eta, langileen baldintzak okertzen dituela eredu horrek. Azpimarratu du, gainera, eremu feminizatua izanda are ikusezinago direla langileen egonezinak.

Baldintzak ez dira hobetu

Gipuzkoako eguneko zentro bateko langilea da Aitziber Aranberri Aristi. Oroitarazi du pandemia heldu aurretik ere ari zirela protestan, eta martxoaren 13an eten zutela greba, zer zetorren aurreikusita. Hasiera hartako baldintza eskasak ere gogora ekarri ditu: «Protokoloak ia egunero aldatzen ziren. Zegoen materialaren arabera egiten ziren, ez behar zenaren arabera». Maskara kirurgikoak sei egunez behin aldatzen zituzten, ez zuten segurtasunerako material egokirik, lan karga are gehiago pilatu zitzaien... Eta uste zuten denborak aurrera egin ahala baldintza hobeak izango zituztela. Baina salatu du ez zela hala izan: «Publikoki esan dute langile gehiago kontratatu direla, baina guk ez dugu ikusi. Horregatik hasi ginen protestan berriro. Ez da aurrerapausorik eman, ezta pandemia pasatuta ere. Sektorea erabat jota utzi duela ikusita ere, ez da urratsik egin. Alderantziz».

Antzera daude etxez etxeko langileak ere. Karmele Loiti Abarrategi Arrasateko (Gipuzkoa) Udalaren zerbitzuetan ari da lanean —azpikontratatutako enpresa baten bidez—: «Aurretik ere baldintzak ez ziren onak, baina orain erabiltzaileek behar gehiago dituzte, eta gu ez gara ailegatzen». Material falta salatu du, baina baita denbora falta ere: «Lehen zorrotzagoak ziren erabiltzaileen ebaluazioa egiterakoan; orain, balorazioak baxuagoak dira, eta, hortaz, denbora gutxiago dugu haiekin egoteko». Gainera, osasun larrialdian egin ezin izan zituzten lan ordu horiek enpresari zor dizkiotela salatu du: «Ez da gure errua; halakoxea izan da egoera».

Eskaera konkretuak

Funtsean, zaintza sistemaren eredua dago auzitan, eta horregatik, baldintza hobeak eskatzeaz gain, beste kudeaketa eredu bat aldarrikatu dute ELAkoek: publikoa. Hori lortzeko bidean, neurri zehatzak eskatu dituzte: 10.000 langile kontratatzea, zuzeneko arretaren ratioak hobetzea eta lan osasuna bermatzea. Izan ere, Diazek oroitarazi du baldintza ekonomikoetan ez ezik langileen osasunean ere eragin duela pandemiak.

Hori guztia eskatzeko, eta lan ikusezin horiek ikusarazteko, lanpostua utzi eta kalea hartuko dute asteazkenean zaintza arloko hainbat enplegutako langileek Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.