Albistea entzun

Flotatzen duten parkeak

Ur gaineko instalazio fotovoltaiko flotagarriak garatzeko negozio lerro berri bat sortu du Emica Bombas enpresak. Prototipo bat jarri du Arabako teknologia parkean.
Arabako teknologia parkean jarri duten prototipoa: 32 panelez osatuta dago, eta martxan dago jada.
Arabako teknologia parkean jarri duten prototipoa: 32 panelez osatuta dago, eta martxan dago jada. EMICA SOLAR Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko maiatzak 10

Energia berriztagarrien aldeko urratsa egin du Emica Bombas enpresak. Mende batetik gorako ibilia daukan Abanto-Zierbenako (Bizkaia) konpainiak industria ponpa zentrifugoak ekoizten ditu, baina negozio bide berri bat aztertu nahi du aurrerantzean: ur gaineko energia fotovoltaikoa, hain zuzen. Emica Solar adarra sortu du horretarako. Hasiak dira teknologia berria garatzen, eta aurreneko prototipoa ere jarri dute Miñaon, Arabako teknologia parkean. Proiektu berritzailea da, aurrekaririk ez duena Euskal Herrian, eta Bizkaiko Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batasunaren laguntza izan du lehen fasean.

Emica Bombas 2017an hasi zen plan estrategiko berria garatzen, eta orduan erabaki zuten negozioa dibertsifikatzea, Jon Ander Agirrebengoa zuzendari nagusiak azaldu duenez: «2018an eta 2019an produktu berriak atera zituzten, eta hazkunde handia lortu zuten horri esker. Baina COVID-19ak ezerezean utzi zuen guztia. Gogoeta egitea erabaki genuen orduan, ekoizpen jarduera berriak arakatzeko. Eta, horretan ari ginela, konturatu ginen energia fotovoltaikoa gure negozio tradizionalaren osagarri izan zitekeela».

Ur gaineko panel flotagarrien ereduaren aldeko apustua egin zuten bereziki. Izan ere, Agirrebengoak adierazi duenez, eguzki panelak eta ponpak «bateragarriak» dira, batetik, antzeko sektorean edo jarduera eremuan koka daitezkeelako: hau da, ponpak martxan jartzeko ura eta energia behar izaten dute bezeroek, eta, beraz, behar horiei erantzuteko balio dezakete. Eta, bestetik, bateragarriak dira «sinergia komertzialarengatik» ere; ohiko bezeroei zuzendutako produktu bat izanik, berriak bilatzeak ekarriko lieken gastua aurreztuko luketelako.

Kokapena aldeko

Ur gaineko instalazio fotovoltaikoak aintzira naturaletan eta artifizialetan jar daitezke, baita urtegietan, edateko ura daukaten arroetan, ubideetan eta nekazaritzako ureztatze putzuetan ere. Eta hori du abantailarik handienetako bat: kokapena. «Eguzki panel flotagarriek ez dituzte lur eremu handiak hartzen, nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabil daitezkeenak, eta instalazioa bera ere errazagoa izan daiteke aintzira edo aintzira artifizialetan batez ere».

Gainera, eguzki panelen errendimendua handiagoa izan daiteke kasu batzuetan, «urak azpiegitura hozten duelako», besteak beste. Lurruntzeak eragiten dituen ur galerak ere murrizten ditu —helburu horrekin jarriko dituzte eguzki panelak Nafarroako ubidean, esaterako—.

Mantenua da ereduaren erronka handienetako bat. Eta balio ekologikoa izan dezaketen putzuetan eragin ditzakeen ingurumen kalteak ere ikerketa gai dira oraindik. «Argi dago inpaktua ez dela bera urtegi batean, urmael natural batean edota ureztatzeko putzu batean. Estaltzen den azaleraren portzentaiak ere eragingo du. Orain arte jaso ditugun datuen arabera, ondorioak positiboak dira. Sektore berri bat izanik, argi daukagu gauzak ondo egin behar ditugula hasieratik, eta arautu behar dela hau ere». Hain zuzen ere, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak martxoan zehaztu zituen urtegietan eguzki panelak jartzeko baimenak eta betekizunak.

Enpresak negoziorako aukera handia ikusten du, batez ere Euskal Herrian eta Espainian, garatzen hasi berria den teknologia izanik balio handiko merkatua zabaltzen hasi delako. Emica Solerrek liderra izan nahi du kokaleku horietan. Soilik Arabako Lautadan, esaterako, 40 MW hartuko lituzketen instalazioak egiteko adina ureztatze putzu daudela uste dute. Espainian, berriz, urtegietan bakarrik 8.600 MWeko proiektu flotagarriak garatzeko aukera dagoela kalkulatu dute, eta 10.000 MWekoa ur putzuak aintzat hartuz gero.

Nazioartean ere aukerak badituztela esan du Agirrebengoak, eta produktuaren inguruko interesa agertu duenik ere izan dela dagoeneko: «Hedabideetan atera garenetik Brasildik eta Txiletik deitu digute». Ur gaineko eguzki panel flotagarrien ereduaren aldeko apustua egin dute Europako herrialde askok ere. Agirrebengoak esan du, ordea, nahiago dutela bertatik hasi: «Herrialde askotan asko hazi da eredu hori, eta etorkizunean izango dugu aukerarik. Baina hemen egingo ditugu lehenengo proiektuak, eta irtengo gara gero, seguru».

Miñaon aurrenekoa

Produktua garatzen aritu dira azkenengo bi urteetan, eta merkatura ateratzeko prozesuan dira orain. Bada, produktuaren muntatze eta mantenu lanetan izan daitezkeen gorabeherak testatzeko eta etorkizuneko proiektuen garapenak ikertzeko, prototipo bat jarri dute Arabako teknologia parkean.

Instalazio txiki bat da: 140 metro koadroko azalera hartzen duten 32 eguzki panel ditu, eta zazpi etxebizitza hornitzeko beste energia elektriko sor dezake. Martxan dago jada, eta, Agirrebengoak adierazi duenez, diseinu «berezia» da haiena, beste eredu batzuekin alderatuta: «Urarekin kontaktuan den eremua txikia daukan azpiegitura bat da, eta bi aurpegiko panelak ere jartzeko aukera ematen du. Putzua hustu behar den kasuetan ere instalazioa desmuntatu gabe egiteko aukera eskaintzen du».

Hala ere, bezeroaren beharren eta ezaugarrien arabera egokituko dute proiektu bakoitza: «Bezero batzuek proiektu guztia garatzeko beharra izango dute. Instalazio handiagoen kasuan, berriz, plataforma flotagarrira mugatuko litzateke gure negozioa». Baina argi daukate ereduak baduela etorkizunik: «Garatzeko aukera handia du oraindik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ELAk, LABek eta ESK-k aurreko asteazkenean egin zuten manifestazioa, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda/Foku

Mercedesen, beste hiru greba egun proposatu dituzte ELAk, LABek eta ESK-k datorren asterako

Aitor Biain

Sindikatuen arabera, ekoizpena geratzea lortu du gaur ere, langileen gehiengoa ez baita lanera joan. Arratsaldean egingo dute manifestazioa hiru sindikatuek deituta. Langile batzordeari proposatu diote datorren astean beste hiru protesta egun antolatzea.  

Europako Batasuneko ingurumen eta energia ministroek bi eguneko bilera egin dute Luxenburgon. ©JULIEN WARNAND / EFE

Errekuntza motorreko auto berrien salmenta 2035an etetea adostu dute EBko herrialdeek

Irune Lasa

Bruselak 2026an aztertuko du hibridoekin eta erregai sintetikoko ibilgailuekin zer gertatuko den. EBko Ingurumen kontseiluak Klimaren Gizarte Funtsa 59.000 milioi eurora murriztea hobetsi du, eta ez du txikitu karbonoa isurtzeko doako eskubideentzako epea. 

INEren arabera, elikagaien izan dute pisu handiena inflazioaren gorakadan, erregaiekin batera. ©Victor Lerena / EFE

Inflazioa zabaltzen ari da, eta %10 ingurura iritsiko da ekainean

Iker Aranburu

Erregai, elikagai eta ostalaritza garestiagoen eskutik, Espainian %8,7tik %10,2ra igaro dela azaldu du INEren datu aurreratuak. Azpiko inflazioa %5,5era igo da.

Alemaniak 2035etik aurrera erregai sintetikoekin ibil daitezkeen auto berriak saldu ahal izatea nahi du. ©JULIAN STRATENSCHULTE / EFE

Europako Batasuna klima arauen negoziazioekin katramilatu da berriz ere

Irune Lasa

Ingurumen ministroak negoziatzen ari ziren oraindik atzo gauean. Errekuntza motorren epemuga eta Klimaren Gizarte Funtsa ziren eztabaidagai nagusiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Biain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...