Albistea entzun

Herdoila Frantziaren plan nuklearrean

Aurreko astean erreaktoreen erdiak itzalita egon ziren, ohiko geldialdiei akatsek eragindakoak batu zitzaizkielako
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko maiatzak 31

Herdoila jaten ari da Frantziako politika energetikoaren izarra: zentral nuklearren sarea, Europako handiena. Metaforikoki ez ezik, baita literalki ere, oraintxe bertan geratuta dauden erreaktore ugarien arazoa hori baita, herdoilak hodi batzuk hondatu dituela eta konpondu beharrean daudela. Garai ezin okerragoan dator geldialdia sektore nuklearrarentzat, klimaren aldaketari eta Errusiako erregai fosilen mendekotasunari aurre egiteko aukera bat bihurtzen ari denean, herrialde gutxi baina esanguratsu batzuentzat bederen. Baina ospe arazoa ez ezik, hornidura arazoa ere eragin dezake, batez ere neguan, orduan Europara asko saltzen baita Frantziaren argindar nuklearra.

Zer gertatzen ari da?

Frantziako parke nuklearraren jabeak, EDF Electricite de France enpresa publikoak 56 erreaktoreetatik erdiak inguru geratu behar izan ditu azken hilabeteetan eta, bereziki, azken asteetan. 61 GWeko potentzia dute, baina joan den astean 27,4 GW baizik ez zen erabilgarri izan, %44,8. Kopururik txikiena da 1999. urteaz geroztik. 56 erreaktoreetatik 28 egon ziren geratuta. Astetik astera egoera aldatu egiten da, eta erreaktore batzuk aste honetan dira berriro ekoizten hastekoak, baina beste asko luzaroan egongo dira itzalita; haietako lau gutxienez 2023 arte.

Zergatik geratu dituzte?

Hiru arrazoi daude. Batetik, 2020an, konfinamenduen ondorioz, ez zituzten behar beste geratu mantentze lanak egiteko eta erregaia (uranioa) kargatzeko, eta lan horiek egiteko egutegi estuagoa dute orain.

Bigarrenik, 32 erreaktore zaharrenak geratu behar izan dituzte, 40 urte betetzen ari direlako, eta adin horretan sakoneko azterketa luzeak egin behar dizkiete. Bugeyko erreaktore bat, esaterako, 2021eko uztailean geratu zuten eta duela bi astera arte ez zuten berriro piztu.

Hirugarrenik, espero ez zuten arazo bat azaldu da: herdoila. Civauxko zentralean aurkitu zuten lehen aldiz, iazko abenduan, istripu bat balego erreaktorea hoztu behar duen uraren zirkuitu nagusian. Potentzia handieneko erreaktoreak dira Civauxko biak (1.495 MW) eta badaezpada ere, neurri horretako beste biak geratu zituzten, Choozkoak. Ondoren, 900 eta 1.300 MWeko erreaktore batzuetan ere aurkitu dituzte herdoiltze arazoak. Dozena bat erreaktore daude geratuta arrazoi horrengatik, eta horietako lautan herdoila aurkitu dute.

Noiz arte iraungo dute konponketek?

Luze jo dezakeela onartu du ASN sektore nuklearraren gainbegiratzaileak. «Hainbat urte izan daitezke», esan du, oraindik ez baitakite zerk eragin duen herdoiltzea.

Argindar mozketak izan dira?

Oraingoz, ez. RTE sarearen kudeatzaileak ziurtatu du udan ez dela arazorik izango, baina izan du beste ondorio bat: normalean, Frantziak argindarra esportatzen die bere auzoei, baina azken asteetan gehiago inportatu du esportatu baino. Horren ondorioz, prezioak asko igo dira, EDFk merkatura joan behar izan duelako berak ekoizterik ez zuen argindarra erostera. Garai batzuetan 1.000 euroko kostua izan du megawatt-orduak Frantziako handizkako merkatuan. Herritarrentzat ez da askorik garestitu, ordea, Frantziako Gobernuak EDFri agindu diolako %4ko muga bat jartzea prezioen emendatzeari. EDFk, ordea, kalkulatu du 18.500 milioi euro galduko dituela zentral nuklearren arazoengatik.

Hornidura arazoak, ordea, neguan etor daitezke, kontsumoa handitzen denean. Analistek ohartarazi dute garai batzuetan agian argindar mozketak izango dituela industriak, etxeetako kontsumoa bermatu ahal izateko.

Frantziari ez ezik, beste hainbat herrialderi ere eragingo die, hilabete hotzetan gehiago esportatzen baitu EDFk, besteak beste fotovoltaikoak ekoizpen txikiagoa duelako. Haren ekarpenik gabe, gas gehiago erre beharko dute ziklo konbinatuko zentralek, eta hori arazo bat izan daiteke EBk Errusiako gas gutxiago erosi nahi duenean. Asteartean, Alemaniako Gobernuak jakinarazi zuen ikatza eta fuel olioa erretzen duten zentral termikoak —guztien artean zikinenak— prest izango dituela hornidura bermatzeko. Hori bai, Berlingo gobernuak ez du atzera egin itzalaldi nuklearrari buruz: bere azken hiru erreaktoreak aurten itxiko dituzte. Argindar konpainiak ados daude, irekita jarraitzeko segurtasun lan handiak eta oso garestiak egin beharko lituzketelako.

Zer pisu du nuklearrak Frantzian?

Beste inon baino gehiago. 2000tik 2015era, oso ekoizpen egonkorrarekin, argindar produkzioaren %78 bete zuten erreaktore nuklearrek. Orduz geroztik, ordea, jaitsiz joan da, parkea zahartu ahala, gero eta konponketa eta ikuskatze gehiago egin behar direlako. 2020an, argindar produkzioaren %67 bete zuten, eta aurten hortik oso behera geratuko da. Aurreko astean, esaterako, %65 eta %55 artean egon zen ordu gehienetan: gehiago gauean, eta, gutxiago egunez, fotovoltaikoa indarrez sartzen denean.

Epe luzeko ondoriorik izango al du?

Bere lehen agintaldiaren hasieran, 2017an, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak iragarri zuen hamalau erreaktore itxi nahi zituela, eta energia berriztagarriei leku handiagoa eman nahi ziela argindarraren sorkuntzan. 2020an itxi zituzten lehen bi erreaktoreak, guztien artean zaharrenak, Fessenheimen (Alsazia). Orain, berriztagarrietan inbertsioa handitzeaz gain, nuklearrari beste bultzada bat eman nahi dio, klima aldaketaren aurkako borroka eta energia segurtasuna argudiatuta, Macronek agindu du gutxienez sei ireki nahi dituela 2035. urterako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatuen elkarretaratzea Errenterian, lan heriotzak salatzeko. ©LAB

Errenteriako eta Elgoibarko lan heriotzak salatu dituzte sindikatuek

Julen Otaegi Leonet

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru Errenterian bildu dira. Salatu dute lan heriotzek ez dutela «etenik».

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Radio Euskadin. ©Radio Euskadi

Energia aurrezteko industrian eta «sektore guztietan» lan egin behar dela dio Tapiak

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarriak bultzatzeko beharra erakutsi du, «industria intentsiboari» beste irtenbide bat bilatzeko.

Elgoibarren istripua izan zuen kamioia errepidetik atera zuen ibilgailuan. Gainean, A-8 autobidea ikus daiteke. ©J. E. / EFE

Bi langile hil dira lan istripuz Errenterian eta Elgoibarren

Imanol Magro Eizmendi

Eraikuntzako langile bat eta garraiolari bat dira. Garraiolariaren albokoa larri zauritua eraman dute ospitalera

Elon Musken adierazpenak eta hark abiatutako egitasmoak polemika iturri izaten dira maiz ©ALEXANDER BECHER / EFE

Zientzia fikziozko kapitalismoa

Jokin Sagarzazu

Forbes zerrendaren arabera, munduko pertsonarik aberatsena da Elon Musk. Auto elektrikoen Tesla konpainia da haren enpresa nagusia, baina, horregatik baino gehiago, ideiak saltzeagatik egin da famatu. Esan ohi da kapitalismoak jauzi berri bat egin duela Muskekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.