Klima larrialdia

Berriztagarrien hedadura laukoiztu behar da, COP26ren xedeak beteko badira

Adituek ohartarazi dute elkarlanik gabe 2090era atzeratuko litzatekeela karbono neutraltasuna. Brusela gaur hasiko da aztertzen 2030erako isuriak %55 murrizteko egitasmoak

Poliziaren ontzi bat haize errotak zaintzen, Ipar itsasoan, Belgikan. OLIVIER HOSLET / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iazko azaroan Glasgown (Eskozia) egindako COP26 goi bileran hartutako konpromisoak gainbegiratu dituzte Energiaren Nazioarteko Agentziak eta Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziak. Ondorioa argia izan da: helburuak beteko badira, laukoiztu egin behar da berriztagarrien urteroko hazkundea 2030era bitartean. Ez da hori, hala ere, txostenean jaso duten aholku bakarra: zerrenda luzea da.

Txostena bera 45 estatuk eskatu dute. Horien helburua da datorren hamarkadan berriztagarriak izatea aukerarik irisgarriena, eskuragarriena eta erakargarriena CO2 gehien isurtzen duten arloentzat. Azken hamarkadan, %130 ugaritu da berriztagarrietatik eratorritako argindarraren erabilera, eta %24 erregai fosiletatik eratorritakoarena. Dokumentuaren arabera, berriztagarrien ahalmena %8 handituko da urte amaierarako, 300 gigawatteraino; hau da, 225 milioi etxek behar luketen adina argindar. Adituen arabera, ordea, 2030erako nazioarteak 630 gigawatt gehiago lortu beharko lituzke eguzki argia baliatuta, eta 30 gigawatt haize errotetatik.

Ibilgailuei dagokienez, berriz, Energia Berriztagarrietarako Nazioarteko Foroko kideei aholkatu diete jar ditzatela epemugak CO2a isurtzen duten ibilgailu berrien ekoizpenerako. Txostenean proposatzen dutena da ez dezatela halako ibilgailu gehiago ekoitzi 2035etik aurrera —urte horretan sartuko da debekua EB Europako Batasunean—, eta 2040tik aurrera gauza bera egin dezatela CO2a isurtzen duten ibilgailu astunekin. Iaz inoiz baino ibilgailu elektriko gehiago saldu zituzten munduan: 6,6 milioi, urte bat lehenago saldutakoak halako bi.

Mende amaierarako tenperaturen gehienezko igoera 1,5 gradura mugatu nahi bada, COP26 biltzarrean hitzartu modura, 2030erako elektrikoak beharko lukete ibilgailuen %60 inguruk, eta gaur egun baino hamar aldiz kargaleku gehiago egon beharko lirateke.

Nekazaritza alorrerako ere helburu jakin batzuk zehaztu dituzte txostenean; izan ere, CO2 isurien %20ren erantzule da. Hala, aholkatu dute nekazaritza eta abeltzaintzarako lurrak gehiago ez zabaltzeko, baso soiltzea handitu ez dadin.

Energiaren Nazioarteko Agentziako zuzendari Fatih Birolek atzo ohartarazi zuen elkarlana beharrezkoa dela helburu horiek guztiak beteko badira: «Nazioarteko elkarlanak soilik emango du modua energia berriztagarrietarako jauzia azkarragoa, merkeagoa eta errazagoa izateko. Hori gabe, baliteke karbono neutraltasuna hainbat hamarkada atzeratzea». Zehazki, txostena osatu duten adituen arabera, elkarlana «egokia» bada, 2050erako lortu liteke neutraltasuna; aldiz, elkarlanik gabe, 2090era atzeratuko litzateke. Horrez gain, «elkarlan eraginkor batekin» berriztagarriekin lotutako teknologia berrien kostua %18 apaldu ahalko litzateke, eta, hala, garatzeko bidean dauden herrialdeentzat ere eskuragarriago egin. Izan ere, COP26 biltzarrean hainbat estatuburuk esan zuten estatu aberatsen laguntzarik gabe ezinezkoa zela horientzat xedeak betetzea.

Europan, lehenago

Ekintza Klimatikorako Sarea plataformak zabaldutako azterketa baten arabera, EBk 2040rako lortu ahal izango luke karbono neutraltasuna, iragarri baino hamar urte lehenago. Horretarako, ordea, bere politikak aldatu beharko lituzke.

Sarea osatzen duten gobernuz kanpoko erakundeek uste dute oraindik ere lortu daitekeela gehienez 1,5 gradu igotzea, baina horretarako isuriak «nabarmen» murriztu beharko liratekeela 2030erako, berriztagarrien erabilera sustatuz eta energia aurreztuz.

Europako Batzordea, parlamentua eta Europar Kontseilua gaur hasiko dira aztertzen 2030erako isuriak %55 murrizteko proposamenak. Izan ere, gaur egungo politikekin jarraituz gero, %47 murriztuko lirateke isuriak 2030erako; Ukrainako gerra hasi ostean Europako Batzordeak aurkeztutako Repower EU egitasmoaren gidalerroei jarraituz gero, berriz, murrizketa %57rainokoa izan liteke. Ekologistek, baina, %66raino iristea dute helburu.

Hala, plataformak Bruselari eskatu dio industria prozesuen elektrifikazioa azkartzeko, baita berogailuena eta garraio arloarena ere, erabiltzen den argindar guztia berriztagarrietatik eratorria izan dadin 2040rako.

Europari ez ezik, nazioarte osori ere egin diote eskaria adituek, karbono neutraltasuna lortzeko neurriak azkartu, eta helburua lehenago lortzen saiatu dadin, energia kostuak murriztuz eta elikagaien segurtasuna sustatuz mundu osoko milaka milioi pertsonarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.