Atxiloketa politikoa dela salatu dute

Jaka Horietako kide ezagunetako baten atxilotzeak haserrea eragin du Frantzian. 216 manifestari sartu dituzte espetxean mobilizazioen lehen hilabetean

Eric Drouet Jaka Horietako kide ezagunetako bat, iazko azaroan, manifestazio batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Eric Drouet Jaka Horietako kide ezagunetako bat atzo arratsaldean atera zen atxiloalditik, eta, polizia etxearen aurrean, salatu zuen «gertatzen den guztia politikoa» dela. Drouet herenegun gauean atxilotu zuten, Parisen, «jakinarazi gabeko manifestazio bat antolatzeagatik»; une horretan Concorde plazara zihoan beste 50 lagunekin batera, kandelak eskuan zituztela, mugimenduan hildako hamarrei eta zaurituei babesa emateko. Parisko Fiskaltzak atzo jakinarazi zuenez, otsailaren 15ean pasatuko da epailearen aurretik, eta gehienez sei hilabeteko kartzela zigorra eta 7.500 euroko isuna jar diezaiokete. Atxilotzeak haserrea eragin du mugimenduko kideen eta oposizioko alderdien artean, eta denek egotzi diote Frantziako Gobernuari atxiloketa politikoa izan dela.

Kritiken aurrean, Bruno Le Maire Ekonomia ministroak erabakia defendatu zuen atzo, France Inter irratian: «Inork manifestazio bat antolatzen badu horren berri eman gabe, ez du zuzenbidea errespetatzen». Cnews katean, bide beretik jo zuen Gerald Darmanian Kontu Publikoen ministroak: «Errepublikan, ordena garrantzitsua da. Normala da ondorioak izatea ordena errepublikanoa errespetatzen ez denean».

Gobernuak, hala ere, bakarrik ikusi du bere burua atxiloketaren defentsan. Droueten abokatu Kheops Larak ohartarazi zuen «guztiz arbitrarioa eta justifikaziorik gabekoa» izan zela, eta oposizioko alderdiek bat egin zuten ideia horrekin. Esaterako, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa alderdiko buruzagiak txio baten bidez kritikatu zuen gertaturikoa: «Eric Drouet berriz atxilotua. Zergatik? Botere gehiegikeria». Marine Le Pen Batasun Nazionala alderdiaren presidenteak ere ez zuen begi onez ikusi gertaturikoa, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurkarien «eskubide politikoen urratzea» kritikatu zuen.

Ez da lehen aldia Drouet atxilotzen dutela: iazko abenduaren 22an, «D mailako arma debekatu bat» zuelakoan eraman zuen atxilo Poliziak; borra bat zeraman Jaka Horien «IV. Ekintza» egunean. Gertakari horrengatik ere epaituko dute, ekainaren 5ean.

Drouet Jaka Horien lehen mobilizazioaren atzean dago, «I. Ekintza» horren antolaketan parte hartu baitzuen; azaroaren 17an izan zen, eta 280.000 pertsona atera ziren kalera. Harrezkeroztik, Facebooketik egin ditu mobilizazioetarako deiak.

Ministerioaren datuak

Iazko azaroaren 17tik abenduaren 17ra, Jaka Horien mobilizazioen lehen hilabetean, 216 pertsona sartu zituzten kartzelan, Justizia Ministerioaren datuen arabera; mugimendu sozial batean espetxeraturikoen inoizko kopururik handiena da.

Behin-behineko atxiloaldiei dagokienez —epe mugatu batean atxilotzen dituzte, ustez delitu bat egin duen norbanakoa ikerlarien esku uzteko—, 4.570 kasu izan dira hilabeteko epe horretan: 1.567 Parisen, eta gainontzeko 3.003ak eskualdeetan eta itsasoz haraindiko eremuetan. Eta, betiere ministerioaren datuen arabera, 738 pertsona deitu dituzte epailearen aurrera.

Macronek iazko abenduaren 10ean erantzun zien lehenengoz Jaka Horiei, telebista bidez emandako diskurtso batean. Manifestariak baretzeko, jakinarazi zuen zergak jaitsiko zituela eta gutxieneko soldata 100 euro igoko zuela; horren aurretik, Edouard Philippe lehen ministroak azaldu zuen bertan behera utziko zutela erregaiaren zergaren emendatzea. Jakinarazpen horien ostean, jaka horien kopurua apaldu egin zen manifestazioetan, baina antolatzaileek larunbatero kalera ateratzeko deiei eutsi diete, 2019an ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.