VWen autoei eta CAFen trenei esker, %2,8 hazi dira esportazioak

Nafarroako eta Gipuzkoako enpresa nagusien nazioarteko salmenta handiek konpentsatu dituzte Petronorren eta autogintzaren salmenta txikiagoak. Inportazioak %1,8 handitu ziren 2019an

Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hirugarren urtez jarraian, marka hautsi dute Hego Euskal Herriko enpresek egindako esportazioek. Guztira, 35.544 milioi euroren salmentak egin zituzten 2019an Hegoaldetik eta Espainiatik kanpo, 2018an baino 976 milioi gehiago (+%2,8). Baina kopuruhorrek ez du ezkutatzen ahal urte konplikatua izan dela enpresa eta sektore askorentzat. Autogintzapattal ibili da, eta eragina izan du beste sektore batzuetan, makina-erremintan, esaterako. Baina enpresa gutxi batzuen esportazioek —Volkswagenenak eta CAFenak batez ere— tira egin diete kanpo merkataritzaren gurdiari.

Lurralde bakoitzaren bilakaerak erakusten du urtea gorabeheratsua izan dela. Esportazioek gora egin dute Nafarroan eta Gipuzkoan, %11,6 lurralde batean zein bestean. Nafarroako datuaren atzean dago Landabengo VWek aurreko urtean baino auto gehiago saldu dituela kanpoan. Autoen eta haren osagaien esportazioa4.554 milioi eurora iritsi da, aurreko urtean baino %20 gehiagora. Sektore horrek esportazioen %44 betetzen ditu Nafarroan, eta %25 Hego Euskal Herriosoan.

CAF eta Irizar

Esanguratsua da Gipuzkoaren kasua ere. Ia 900 milioi euro handitu ditu kanpoan egindako salmentak, baina horietatik 790 milioi trenei eta tranbiei dagozkie, CAFi alegia. Eustaten arabera, arlo horretan esportazioak %290 handitu dira, eta beste %19,8, berriz, trenetarako osagaienak.

Gipuzkoan gehien hazi den beste atala da «hamar pertsona baino gehiago eramateko ibilgailuena»: %46,3. Beste hitz batzuetan, Irizarren autobusak, kooperatiba hura delako halakoak lurraldean ekoizten dituen bakarra —errekuntza motordunak Ormaiztegin, eta elektrikoak Adunan—. Kontrara, urte kaskarragoa izan dute altzairutegiek(-%7,4), eta igogailuak eta eskailera mekanikoen egileek (%-4,6).

Araban, berriz, esportazioak %3 jaitsi dira, Mercedesek ez baitu urte ona izan. Lurraldeko esportazioen erdiak egin ohi ditu Gasteizko fabrikak, eta oraindik ez dio bueltarik eman ahal izan dieselgate-aren kalteari. Horrela, %3,1 jaitsi da bidaiarientzako furgoneten esportazioa, eta %9,4 zama garraiatzekoena.

Lurraldeko bigarren enpresa nagusia Michelin da, eta hark ere ez ditu 2018ko emaitzak berdindu: pneumatikoen esportazioak %0,6 txikitu dira. Hodien esportazioa —Tubacex eta Tubos Reunidos— %8,5 txikitu da, eta ardoarena, berriz, %1,7 handitu.

Bizkaian, Petronor efektua

Bizkaian jaitsi dira gehien esportazioak, %7,2 hain zuzen ere. Hego Euskal Herrian lurralde berezia da Bizkaia, industriaren atal nagusia ez baita manufaktura, energia baizik. Hau da, Petronorrera iristen den petrolioa eta ziklo konbinatuko zentraletara iristen den gasa dira gehien inportatzen diren produktuak; esportazio nagusiak, berriz, Petronorretik irteten diren gasolioa eta gasolina. 2019an, %19,9 gutxiago saldu du atzerrian findegiak, eta horrek ekarri du Bizkaiko esportazioak jaistea. Baina bigarren arrazoi bat ere badago: autoen osagaien esportazioak %14,2 txikitu dira, eta sektore horrek pisu handia du lurraldean —Gestamp, Cie Automotive, Teneco...—.

Bizkaiaren beste berezitasuna da hura dela merkataritza balantza negatiboa duen bakarra, hau da, esportatzen duena baino gehiago inportatzen duela. Hego Euskal Herri osoak, ordea, ia 10.000 milioi euroren balantza positiboa du. 2019an handitu egin da, inportazioak %1,8 hazi direlako, esportazioak baino puntu bat gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.