Torraren inhabilitazioa etetea baztertu du Konstituzionalak

Defentsak zigorra behin-behinean indargabetzeko eskatu zion auzitegiari, kautelazko neurri gisa. Epaimahaiak tramiterako onartu du Kataluniako presidente ohiaren helegitea
Quim Torra Kataluniako presidente ohia, Carola Miro emaztearekin, inhabilitatu zuten egunean.
Quim Torra Kataluniako presidente ohia, Carola Miro emaztearekin, inhabilitatu zuten egunean. TONI ALBIR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2020ko urriak 7

Quim Torra Kataluniako presidente ohiak inhabilitatuta jarraituko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak haren kontrako auziaren gainean azken erabakia hartzen duen arte. Konstituzionalak baztertu egin du defentsaren babes helegitea. Torrak inhabilitazio zigorra behin-behinean eteteko eskatu zion Konstituzionalari, nabarmenduta zigorrak kalte handia egingo lukeela azkenean berari arrazoia emango baliote. Auzitegiak, baina, ez du kautela neurririk hartuko. Beraz, indarrean jarraituko du Kataluniako Auzitegi Nagusiak Torrari ezarri zion eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen inhabilitazioak.

Aldiz, Konstituzionalak tramiterako onartu du Torrak Gorenaren epaiaren kontra aurkeztu zuen helegitea. Konstituzionalak erabaki beharko du Gorenaren ebazpena ontzat jotzen duen ala ez, eta hori izango da Espainiako justizian auzibidea agortuko duen urratsa. Hortik aurrera, defentsak aukera izango du auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko. Konstituzionalak arrazoia eman ezean, hala egingo dutela aurreratu du Torrak berak.

Presidente ohiak kritikatu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia: «Baieztatu da Kataluniako independentistentzat ez dagoela justiziarik Espainian». Torraren esanetan, prozesu osoa «irregulartasunez eta legearen irakurketa interesatuz josia» egon da. «Badakigu Espainiako justiziak tratu bereizia ematen diela Kataluniako independentistei», gaineratu du.

Gonzalo Boye Torraren defentsa abokatuak aurretik esana zuen Konstituzionalak orain arteko kasu guztietan eten duela inhabilitazio zigorra, behin-behinean, auziari buruzko azken erabakia hartu arte, auzipetua karguan zegoen hautetsi bat izan denetan. Oraingoan ez da hala izan: «Kasu honetan beste era batera egiten bada, azalpena oso argia da», azaldu dio BERRIAri. Boyeren iritziz, Espainiako justiziak «beste era batera» ezartzen du zuzenbidea «gutxiengo nazional batek bere eskubideak exijitzen dituen bakoitzean».

Abokatuak konfiantza agertu du, ordea, Europako justizian, eta ziurtatu du auzia hara bideratutakoan Torrari arrazoia emango diotela, Gorenaren epaia «orain arte ezarri diren jurisprudentzia irizpide guztietatik aldentzen delako». Boyek ziurtatu du Gorenaren epaiak «oso nabarmen» urratzen duela Europako araudia, «edo, sinpleki, araudi hori ez dela ezartzen ari».

Baina, bere ustez bada epaileen inpartzialtasun faltari lotutako arazo bat ere. «Politikoki izendatuak diren epaileak daudenean, epaile horiek inpartzialak izan daitezke kontrako alderdi politiko bat epaitzeko garaian? Galdera oso logikoak dira».

Torrari urte eta erdiko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna ezarri zizkion Kataluniako Auzitegi Nagusiak, iazko abenduan, desobedientziagatik. Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidente izandakoari agindu zion kendu zitzala Generalitateko jauregiaren kanpoaldean jarrita zeuden xingola horiak eta espetxeratutako eta erbesteratutako buruzagi independentista katalanen aldeko pankarta. Kataluniako Auzitegi Nagusiak agindua garaiz ez betetzeagatik zigortu zuen. Epai hori berretsi egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak joan den irailaren 28an. Erabakiaren ondorioz, Torra Generalitateko presidentetzatik kargugabetua izan zen, eta hura ordezkatzeko edo hauteskundeetara automatikoki deitzeko prozesua abian jarri zen. Independentistek Torra ez ordezkatzea erabaki dutenez, parlamenturako bozak izango dira lau hilabete barru Katalunian, otsailaren 14an.

Kolpea kanpo harremanei

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo ditu Kataluniako Gobernuak onartu zuen Kanpo Harremanetarako eta Europako Batasunarekiko Harremanetarako 2019-2020 Plan Estrategikoaren hainbat puntu. Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Generalitatearen planak Espainiako Estatuarenak diren zenbait eskumen urratzen ditu. Erabakia, baina, ez da adostasun osoz hartutakoa izan, eta bi magistratuk boto partikularra eman dute.

Besteren artean, Konstituzionalak Diplocat erakundea abian jartzea aurreikusten duen atala baliogabetu du, atzerriko harremanetan «nahasmena» sortzen duela iritzita.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donald Trump AEBetako presidentea eta errepublikanoen hautagaia eta Joe Biden demokraten presidentegaia, ostegun gauean, debatean. ©SHAWN THEW / EFE

Konbentzitzeko azken aukera

Andoni Imaz Gorka Berasategi Otamendi

Lehenengo debatean baino errespetu handiagoz eztabaidatu zuten Trumpek eta Bidenek ostegun gauean, bozen aurreko azken buruz burukoan. Pandemiaren kudeaketa izan zen gai nagusia
 ©BERRIA

«Plebiszituari bide eman dion ituna eliteak egin du, mobilizazioen mehatxupean»

C. V.

Callisek iradoki du baiezkoak irabaziko duela Txileko biharko erreferendumean, eta boto emaileen parte hartzea handia izango dela.
Milaka herritar, iragan astean, baiezkoaren alde manifestatzen. ©A. VALDES / EFE

Zilegitasuna berresteko ordua

Cecilia Valez

Txilen konstituzioa aldatzeari buruz bozkatuko dute biharko erreferendumean. Baiezkoak irabaziz gero, bidea irekiko die egiturazko aldaketa politiko eta ekonomiko batzuei
Libiako Gobernuko eta parlamentuko bozeramaileak akordioa sinatu ostean. ©VIOLAINE MARTIN / EFE

Libiako Gobernuak eta parlamentuak su-eten iraunkorra adostu dute

Maria Ortega Zubiate

Sei urte baino gehiago iraun du bi aldeen arteko gerra zibilak. Bi aldeak «gogobeteta» agertu dira hartutako akordioarekin

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna