Gerra Ukrainan

Errusiak egindako «krimenak» ikertzeko eskatu du Wagnerrek

Armadari «sabotajea egitea» egotzi dio talde paramilitarreko buruak Defentsa ministroari. Luhansk bonbardatu eta bost pertsona hil ditu Kievek, Moskuko iturrien arabera

Xebekinoko bonbardaketan hondatutako ibilgailu bat. Gutxienez lau pertsona zauritu zituzten erasoan. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Errusiako Wagner paramilitar taldea Ukrainako Donetsk eskualdeko Bakhmut hiria kontrolatzeko borrokan aritu da azken hilabeteotan, eta taldeko buru Ievgeni Prigozhinek sarritan kritikatu du Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoigu, behar beste munizio ez emateagatik. Bada, atzo urrunago joan zen Prigozhin: fiskaltzari eskatu zion iker ditzala Errusiako Defentsa Ministerioko goi agintariek Ukrainako inbasioaren aurretik eta bitartean egindako «krimenak». Wagnerreko buruak ez du harreman onik Xoigurekin; armadari «sabotajea egitea» leporatu zion, «gaitasun faltagatik».

Bestalde, Errusiako Gobernuak Ukrainakoari Mosku dronez bonbardatzea leporatu eta biharamunean, Ukrainako armadak zenbait eraso egin zituen Luhanskeko Herri Errepublikan eta Errusian. Lehen oldarraldian, Ukrainako indarrek lau misilekin bonbardatu zuten Karpati herria, eta gutxienez bost pertsona hil eta beste hamasei lagun zauritu zituzten, Kremlinek Luhansken ezarritako agintariek salatu zutenez. Horrez gain, Ukrainako militarrek misilekin egindako beste eraso batean, gutxienez lau pertsona zauritu zituzten, Errusiako Belgorod eskualdeko Xebekino herrian, Ukrainako mugatik gertu.

Azken egunotan, Kievek215 misil baino gehiago jaurti ditu Xebekino barrutira, eta, hango egoera «okertzen» ari dela eta, ehunka haur ebakuatzen hasi ziren atzo Ukrainako mugatik gertu dauden herrietatik. «Hirurehun haur Voronezhera eramango dituzte [Errusiako mugatik 250 bat kilometro barnealdera dagoen hirira]», zehaztu zuen Viatxeslav Gladkov eskualdeko gobernadoreak, AFP agentziaren arabera.

Hirugarren erasoa, berriz, Krasnodarren egin zuten, Errusia hego-mendebaldean, eta Krimea penintsularen ekialdean. Eskualdeko agintariek jakinarazi zutenez, sutea izan zen findegi batean, droneekin azpiegituraren aurka egindako ustezko eraso baten ostean. Suteak ez zuen biktimarik eragin.

Ukrainari erantzunez, Errusiako Defentsa Ministerioko eledun Igor Konaxenkovek baieztatu zuen Odesako portuan amarratuta geratzen zen Ukrainako armadaren azken gerraontzia suntsitu zutela, Juri Olefirenko.

Maniobrak

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek atzo ekin zieten Artikoko ariketa militarrei, erakundeko kide berriena, Finlandia, babesteko konpromisoa hartuta. Herrialdea apirilean sartu zen aliantzan, eta ordutik elkarrekin egingo dituzten lehen trebakuntza militarrak dira horiek. Norvegiako, Erresuma Batuko, AEBetako eta Suediako mila soldadu inguru batu zaizkie Finlandiako 6.500 militar ingururi ariketetan. Hori guztia, hain zuzen, Errusiako mugatik bi ordu eskasera autoz.

Finlandia NATOko blokean sartzeak bikoiztu baino gehiago egin du aliantza militarrak Errusiarekin duen mugaren luzera, Moskuren eta Mendebaldearen arteko tentsioa gero eta handiagoa den honetan, Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi ondotik.

Suedia eta Finlandia gertuko bazkide militarrak dira, eta, hain zuzen, Errusiak Ukrainan hasitako erasoaldiak eman zien modua urte luzeko neutraltasuna baztertzeko eta NATOren defentsa kolektiborako konpromisoaren segurtasuna bilatzeko. Finlandia apirilaren 4an sartu zen formalki NATOn. Suediak, berriz, espero du uztailean Vilniusen (Lituania) egitekoa duten aliantzaren goi bilera baino lehen batuko delaNATOra. Erakundeko kide guztiek Stockholm sartzeko eskaera berretsi ondoren gauzatuko da erabateko atxikimendua. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak baikor hitz egin zuen atzo, Suedia «gertu» ikusten duelako uztailaren 11ko eta 12ko NATOren goi bileran parte hartzeko.

Azken urratsa egiteko, baina, Turkiaren babesa behar du Suediak. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen esanetan, Stockholmek oraindik ez ditu Ankararen eskakizun guztiak bete. Hain zuzen, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko kideei babesa ematea leporatzen dio Erdoganek Suediari—bi alderdiak «terroristatzat» jotzen ditu Ankarak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.