Nairobiko basabizitza zulatua

Kenyaren mendebaldea eta ekialdea lotuko dituen trenbideak bitan zatitu du hiriburuko parke nazionala. Parkearen inguruan bizi diren komunitateen eta animalien etorkizunak kezka sortu du.

Mombasatik Busiara, hau da, Kenyaren bi muturretara eraikitzen ari diren trenbidearen lanen zati bat, Nairobiko Parke Nazionalean. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Gelditu barik dabiltza lanean 5.000 langile eta ezin konta ahala kamioi, hondeagailu, zapalgailu eta beste munstro batzuk, pentsatuta Kenyari garapen ederra ekarriko diola Indiako Ozeanotik sartaldeko muturreraino pertsonak eta edukiontziak eramango dituen garraiobide moderno honek. 70 metroko zabalera eta zazpi kilometroko luzera dituen zulo bat egiten dabiltza Nairobiko Parke Nazionalean, Mombasatik Busiarainoko trenbidearen 2A Fasea delakoan. Txinak bermatzen du eraikuntzaren abiadura azkarra, noski. Basapiztiei kalterik ez egiteko, 200 zutabek eutsitako zubi batetik pasatuko da trena. Parkea bi zatitan banatuta geratuko da, baina basapiztiek zubiaren azpitik igarotzen jarraitu ahal izango omen dute. Trena egiteak animaliengan izango dituen ondorioak eztabaidagai dira, hala ere.

«Uhururen jaraunspen proiektua da», esan du Paul Mascallek —Uhuru Kenyattaz ari da, herrialdeko presidenteaz—. «Trenbidearen aurka daudenak zoroak direla ere esan zuen presidenteak. Gu ez gaude trenbidearen aurka, baina ez zuen parkea zeharkatu beharrik!». Mascallek hainbat urte egin ditu KWS Kenyako Basabizitza Zerbitzuan lehoiak zaintzen, eta hortik datorkio Lionman goitizena (lehoi gizona).

KWSk eta erakundearen administrazio kontseiluko buru Richard Leakeyk oniritzia eman dio trenbidearen trazadurari, baina hainbat aldiz arduragabekeria eta ustelkeria leporatu zaizkio erakundeari. Adibidez, KWSk erabaki zuen Nairobiko parkeko 11 errinozero Tshavoko parkera eramatea, eta horietarik bederatzi iritsi eta berehala hil dira, ustez ur gaziegia edategatik. Lionmanek dio bi errinozero bidaian hil zirela, eta horrek erakusten duela neurririk gabe jarri zizkieten lasaigarriek hil zituztela.

Leakeyren «traizioaz» mintzo da Lionman. «Ospe guztia saldu du trenbidearen ibilbide hau onartzean. Eta zergatik? Dirua, dirua, dirua!». Lionmanenesanetan, trenbidearen trazadura alternatiboen inguruan zeuden iradokizun guztiak baztertu zituzten, baita auzitegiek erabakitako gelditze agindu bat ere. Parkearen periferiako bizilagunak beldur dira trenbidearen ondoren beste eraikin eta garapenak etorriko ote diren. Lionmanek uste du plan ilun bat dagoela trazadura horren aukeraren atzean. «Parkearen balioa basabizitza hiltzeraino murrizten bada, agintariek esan ahalko dute ez dela bideragarria komertzialki, eta akabo, eraikitzen hasiko dira».

Epe luzeko arriskuez gain, jadanik badira ondorio txarrak Tualan, Emakoko eta parkearen hegoaldeko periferiako erkidegoetan. Animalien eta gizakien arteko gatazkak areagotu egin dira trenbidearen obren eraginez. Animalia basatiak etxaldeetara irten ohi dira arratsaldeetan eta gauetan, eta abereak akabatzen dituzte —astoak, behiak, ahuntzak, txakurrak, eta abar—. Bi gizaki ere desagertu dira. Masaiak haserre daude, «lantzak hartu eta basapiztiak hiltzeko prest», Emakoko inguruko Elijah Kaloi artzainak dioenez. Badakite piztiak errugabeak direla, eta leherketen eraginez aztoratuta eta mehatxupean daudela, baina KWSk ez die inongo kalte-ordainik ematen parkeko haragijaleek abereak akabatzen dituzten bakoitzean.

Masaiak basapiztiekin batera bizi izan dira mendez mende. Natura haien ondarea izan zen, «baina, bat-batean, Kenyako Basabizitza Zerbitzua iritsi zen, animaliak bereak zirela esanez», kontatu du Hezron Kisemeik, Basapiztien Batzordeko ordezkariak. Azpimarratu dute hutsune handi bat zabaldu dela masai artzainen eta kontserbazio agintarien artean. Parkea sortu zutenean, artzainek bertan zituzten manyatak —etxoladun herrixkak— suntsitu ziren. «Hala ere, ez KWSk, ez gobernuak ez dute kexarik izan gure aurka orain arte», azaldu du Alan Kashopak, masaien balosi edo nagusiak. Egoera, ordea, gero eta okerragoa da basapiztiek haurren elikadura eta eskolaratzea ere arriskuan jarri dituztenetik, ez baitaukate beste diru iturririk.

Egundaino ez dute jaso onurarik belaunaldiz belaunaldi basapiztiak gorde eta haien ondoan bizitzen jarraitzeagatik. Orain, ikusita kalte-ordainik ere ez dietela emango galtzen dituzten abereengatik, antolatzen ari dira, uste baitute beharrezkoa dela eztabaida bat izatea gobernuarekin, SGRko —trenbidearen proiektuko— arduradunekin eta KWSrekin.

Auzitegiaren agindua

Trenbidearen trazaduraren kontrako argudioak eta protestak erabat isildu zituzten hasieran. «Borroka ez zen Tualatik harago joan», azaldu du Naia Barrenetxeak, lasaitasun bila parkearen hegoaldeko mugara duela hamar urte iritsitako zuzendari artistiko euskaldunak. «Kable guztiak ukitu genituen, baina denak ere mutur berean amaitzen ziren. Presidenteak ez zuen zentimetro bat ere aldatuko trenaren ibilbidea». Bilera publiko berantiar bat egin zen legeak eskatutako kontsultaren itxurak egiteko, baina dena aldez aurretik erabakita omen zegoen. Tualako bizilagunek parkearen zaleen elkarte bat sortu zuten, eta auzitegietara jo. Auzitegiak obrak gelditzeko agindua eman zuen, «baina, bat-batean, Gabonetan, Uhuruk hiruzpalau eguneko epea eman zuen obrak hasteko erabakiaren aurka egiteko, eta, epea pasatuta, obrak martxan jarri ziren».

Achoka Awori Tualako bizilagunen elkartearen buruzagiak ohartarazi nahi izan du naturaren eta basapiztien etorkizuna gaurko haurren esku dagoela. «Lotura bat sortu beharko litzateke kontserbazioaren eta tokian tokiko eskolen artean. Etorkizunean basabizitza babestuko bada, bertakoek sentitu behar lukete animaliak eurenak direla, eta onurak jaso behar lituzkete natura babesteagatik. Aldiz, orain arte, kontserbazioaren arduradunak ez dira inoiz etorri hona proiektu batekin». Turismoaren mozkinak eskuratzen dituzte gobernuak, kanpotarren eskuetan dauden Safari Lodge-k eta kontserbazio erakundeek.

Tualako institutua, adibidez, herritarren ekarpenekin sortu behar izan zuten. Iaz iritsi ziren bigarren hezkuntzako laugarren maila hasteraino. Orain eskola publikoa da; gobernuak bederatzi irakasleren gastuak ordaintzen ditu, eta komunitateak, batena. Gobernuaren ordainketen atzerapenek, baina, hamaika istilu sortzen dizkiote eskolari, M. Ahendera zuzendariaren esanetan: «Gure ikasleen gurasoak behartsuak dira; 5.000 bob (43 euro) ordaintzera besterik ez dira iristen». Adibidez, ordenagailurik ez daukate batere, ezta laborategirik edo liburutegirik ere. Bizilagunen zain egon behar dute liburutegi bat eraikitzeko. Duela bi urte, maratoi bat egin zuten dirua biltzeko, eta, lortutakoarekin, eraikuntzarako harriak erosi ahal izan zituzten. Hala ere, harriak oraindik zain daude institutuaren aurrean, joan den hilean lehoiek hiru asto hil zituzten lursail berean.

Leherketak eskola ondoan

Are okerragoa da oinarrizko hezkuntzako eskolaren gaurko egoera. Hormak orbainez bete zaizkie obraren leherketen ondorioz. Tualako makina bat etxetan kalte ugari dituzte. Herriko buruaren bitartekaritzaz, txekeak batetik bestera omen dabiltza, baina eskolara ez da ezer iritsi. Administrazioak dio konponketa lanak obrak bukatu eta gero egingo direla. Mbui Patrick irakasleen buruaren esanetan, haurrak arrisku bizian daude, «ez baitiete aurrez esaten leherketak noiz egingo diren».

Trenbideak bizkor jarraitzen du aurrera, baina hark sortutako eragozpenek eta kalteek herritarren lasaitasuna aztoratu dute, eta antolatzen hastera bultzatu dituzte. Eztabaida bat eskatu dute gobernuarekin, konponbideak aurkitzeko; etorkizunari begira, basabizitzaren azken aukera eta itxaropena pizten ditu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.