Protesta bolada Errusian

Moskutik urruti dagoen eskualde bat da Khabarovsk, Errusiako Ekialde Urrunekoa. Egunotan protestak izan dira han, eta kalera ateratzeko grina herrialdean zabaldu da.

Konstituzioaren erreformaren aurkako manifestazio bat Moskun, asteazken iluntzean. YURI KOCHETKOV / EFE.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkako protestak ikustea, are gutxiago hiriburutik kanpo. Baina horixe gertatu da Errusiako Ekialde Urruneko Khabarovsk hirian. Uztailaren 9an, bertako gobernari Sergei Furgal atxilotu zuten: Putinen gobernuarekin bat egiten ez duten agintari urrietako bat da. Horren ondorioz hasi ziren protestak hiriko kaleetan. Poliziaren arabera, 10.000 eta 12.000 pertsona artean atera ziren kalera; tokiko komunikabideek 40.000 protestari zeudela esan zuten. The Moscow Times egunkariaren hitzetan—gobernuarekin kritikoa da—, halako protestarik ikusi gabeak ziren Mosku eta San Petersburgo hirietatik kanpoko eremu batean.

Manifestazioa egiteko udalaren baimenik ez bazuten ere, era baketsuan egin ziren protestak Moskutik 6.100 kilometrora dagoen hirian: «Bateratasun hau ez dut inoiz ikusi; ez eskualdean, ezta Ekialde Urrunean, ezta Errusian ere», esan zuen lurralde autonomoko gobernuko bozeramaileak, prentsa ohar batean. «Seguru gaude entzungo dizuetela», gehitu zuten gobernutik, lasaitzeko eta ordena ez galtzeko eskatuz. Errusiako Gobernuaren oposizioko buruzagietako batek, Aleksei Navalnik, protestak goraipatu zituen, Khabarovsk hirian egindako «historiako manifestaziorik handiena» zela esanez. Navalnik Twitterren zabaldu zuen manifestazioko bideo bat, mezu batekin: «Ekialde Urruna, zuekin gaude».

Errusiako Alderdi Liberal Demokratikoa (LDPR) alderdi ultranazionalistako kide da Furgal. LDPRk, berez, Errusia Batua gobernuko alderdia babestu ohi du, baina ez da hala Khabarovsken. Furgal 2018an heldu zen eskualdeko gobernadore izatera. Hauteskundeetan Errusia Batua alderdiko Viatxeslav Xport hautagaiari irabazi zion, botoen ia %70 lortuz; ukaldia izan zen Putinen alderdiarentzat. Horren ondoren, eskualdeko hiriburua lekualdatu zuen Kremlinek, Khabarovsk hiritik Vladivostokera.

Furgal herriaren liderra ezizenarekin ezagutzen da Errusiako ekialdeko lurraldeetan, besteak beste, bere soldata murriztu eta gobernuko kideei hegazkinetan lehen klasean joatea galarazi izanagatik. Atxilotu ondoren, hegazkinez eraman zuten 50 urteko gizona Moskura, eta bertan galdeketa bat egin zioten. Delituak formalki egotzi, eta, handik 24 ordura, bi hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, prebentziozko neurri modura. 2004. eta 2005. urteetan bi enpresari hiltzeko agindu izana egozten dio Moskuko auzitegi batek.

Meduza errusiar aldizkari independentearen arabera, akusazio horiek ez dira horren ezohikoak Txinarekin muga duen Khabarovsk eskualdean. Lehia handia dago bertako metalaren eta egurraren industrian, eta, aldizkariaren hitzetan, krimen antolatuari nabarmen lotuta dago. Sektore horretako enpresa baten jabe zen Furgal 2004 eta 2005 urteetan. Hala ere, protestarien hitzetan, «arraroa» da duela 15 urteko gertakariak orain egoztea, eta esan dute gobernuburua helburu politikoa direla eta atxilotu zutela.

Izan ere, uztailaren 2an bozkatu zuten Errusiako Konstituzioaren erreformaren ondoren datoz atxiloketa eta, ondorioz, protestak. Botoen %77,92 izan ziren erreformaren alde. Erreferenduma ez zen loteslea; Putinek jada bazuen Auzitegi Konstituzionalaren eta parlamentuaren oniritzia, baina boto emaileen babesa islatu nahi izan zuen. Dena den, Khabarovsk eskualdean erreformaren aurka bozkatu zuten 1,3 milioi pertsonak.

Kaleak Putinen aurka

Manifestazio eta protestak, olatu baten antzera, areagotu egin dira azken egunotan Errusian. Financial Times-ek azaldu zuenez, aste bakarrean izandako hainbat atxiloketa eta arakatzeetan azkena izan zen Furgalena. Aste berean atxilotu zuten, esaterako, Ivan Safronov kazetaria, espioitza egotzita; egun, Roscosmos Errusiako Espazio Agentziarentzat lanean ari zen. Atxiloketaren hurrengo egunetan atera ziren kalera, Moskun, bere lankide izandakoak, kazetarien jazarpena salatzera. Financial Times-en artikuluaren arabera, atxiloketek zera erakusten dute: Putinek erreferendumarekin adierazi nahi zuen indarrak ez duela zutarri sendorik.

Konstituzio erreforma horren aurka ere atera ziren Errusiako hiriburuko kaleetara asteazken gauean, eta, Poliziaren bozeramailearen arabera, 132 protestari atxilotu zituzten. Sinadura bilketa bat antolatu zuten Puxkin plazan, erreformen aurkako eskaera Errusiako Auzitegi Gorenera eramateko. Niet (Ez) plataformak deitu zuen sinadura bilketa horretara. Kalean batutako protestariek Putinen aurkako esloganak oihukatu zituzten: «Putin, lapurra», eta «preso politikoak askatu», besteak beste. San Petersburgon ere sinadurak bildu zituzten.

Kremlinek «garaipen» modura deskribatu zuen erreferenduma, herriak Putinengan duen konfiantza erakusten zuela gehituta. Aipatutako protestek, baina, kontraesana egiten diete «garaipen» horri. Ez da lehenengo aldia eskualdeko gobernari bat auzitegi batek atxilotu eta ikerketa kriminal bat ezartzen diola; izan ere, 2015etik lau gobernadore atxilotu dituzte. Hala ere, haietako batek ere ez du eragin Furgalen atxiloketak izandako erantzuna. Protestetan entzun eta karteletan irakurri ahal ziren hainbat esaldiren artean zeuden Furgal askatu, Mosku, alde hemendik eta Putin, dimititu.

Bestalde, koronabirusaren krisiak ere eragin dio Errusiako presidentearen irudiari. Gobernu zentralak tokiko gobernuei ahalmena eman zien pandemiaren inguruko erabakiak hartzeko; ahalmen horrekin batera, ondorioen erantzukizuna ere bai. CNNren arabera, baliteke krisiaren kudeaketa horrek zerikusia izatea Putinen ospearen beherakadarekin.

Horrez gain, hainbat behatzaileren ustez, Furgalen atxiloketak eskualdeetako gobernuburuei abisu bat bidaltzen die, Putinek pandemiaren ondorioz emandako botere hori kontrola dezaten. «Ez pentsa koronabirusaren federalizazioa egiazkoa denik; tokiko gobernuei eman zaien botere guztia itzuli behar dute», idatzi zuen Abbas Galliamov estratega politikoak Facebooken, Putinek bidali nahi izandako mezua azalduz. Era berean, Galliamoven ustez, irailaren 13rako deituta dauden hauteskundeen harira —gobernadoreak aukeratzeko—, Errusiako presidenteak ideia argia igorri zien oposizioko hautagaiei: «Ez zaitezte benetan saiatu hauteskundeetan gailentzen; irabazten baduzue, okerrago egongo zarete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.