Gasak bizimodua zaildu die

Gazpromek Moldaviako Gobernuari ohartarazi dio gasa etengo diola urtarrilean zorrak kitatu ezean. Larrialdi egoera ezartzea onartu du parlamentuak.

MoldovaGaz energia enpresaren egoitza, Chisinaun. Gasaren prezioa bikoiztu egin da azken bi urteetan Moldavian. DUMITRU DORU / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Pentsioduna dut ama, eta ehun euro kobratzen du gutxi gorabehera. Etxean tenperatura goxoa izateko, hogei graduan-edo, hilean 200-250 euro bitarte ordaindu behar du. Horretaz gainera, botikak, etxerako zenbait produktu, janaria, komunitate gastuak eta abar ere ordaindu beharra dauka», azaldu du Moldavia hegoaldeko Comrat hiriko bizilagun batek, Sergeik. Moldaviako arazo bat dela dio: «Duela bi urte, dena askoz ere merkeagoa zen. Baina den-dena garestitu da: gasa, argindarra, garraioa, gasolina, janaria... Ez, ordea, soldatak». Antzeko arazoak ditu Verak ere; eskualde berean bizi da, eta, soldata ona edukiagatik —200 euro ingurukoa—, gasak aparteko gastua dakarkio: 85 euro. «Egurra erabili behar, ez da beste aukerarik». Veraren aita pentsioduna da, eta 600 leu baino ez diote ematen; hau da, 30 euroko pentsioa du.

Gasa osagai oinarrizkoa da Moldaviako bizimodurako. Vasya ere Comraten bizi da, eta haren autoak ere «gas naturala darabil»; Sobietar Batasunekoak izandako zenbait herrialdetan nahiko maiz erabiltzen da gas natural likidotua autoetarako. Gainera, beste zenbait produktu ere garestitu dira: ogia, gazta, tomatea, esnea, tabakoa, gasolina... Chisinaun bizi da Ivan, eta kexu da den-dena garestitu dela-eta; Ivanen iritziz, dena fabriketan produzitzen da, eta horietan ere gasa erabiltzen dute. Gaur egun, Ivan lanik gabe dago; lehen, turismoaren alorrean lan egiten zuen, baina, pandemiaren eraginez, gero eta atzerritar gutxiagok bisitatzen dute Moldavia. COVID-19a agertu baino lehen ere.

Moldaviak eta Gazprom gasaren erraldoiak moldatu egin dute beren akordioa, eta horrek aldarazi ditu tarifak. Gas enpresa horretan, kapital gehiena Errusiako Estatuaren esku dago, eta herrialde osoko enpresarik handiena da; kalkuluen arabera, 100.000 milioi euro inguru balio du. Aurtengo urtarrilean, %17,5 igo du prezioa, azaroaren amaiera aldera sinatu zuten akordioaren ondorioz. Ia hilabete osoan, beldur ziren okerrena gertatuko ote zen: neguan gasik gabe geratzea, alde biek elkar ezin harturik. Urteko hilabeterik hotzenetan, eskualde gehien-gehienetan litekeena da zeropetik hamar gradu inguruan ibiltzea tenperatura.

Akordioa lortu, lortu dute, baina haren ondorioak ordaintzen ari dira orain. Urtarrileko kuota atzorako jaso nahi zuen Gazpromek, eta ordaindu ezean, gasa etengo ziola egin zion mehatxu Chisinauri. Moldaviako Gobernuak bigarren proposamena egin zion, ordaindu bai, baina bi zatitan ordainduko ziola: 33.4 milioi euro atzoko egunez, eta gainontzeko 22 milioiak, «aurrerago». Gazpromek ez zuen onartu eskaintza. Beraz, larrialdi egoera deitzea proposatu zuen Natalia Gavrilita lehen ministroak, «herritarrei gas hornidura bermatzeko», eta legebiltzarrak proposamena onartu zuen atzo.

Gas politika

Moldavia osoan, Transnistrian bakarrik eutsi diete gas naturalaren lehengo prezioei. Eskualde horrek, de facto, estatu moduan funtzionatzen du, eta Errusiaren aliatu hurbilekoa da; hala, Vadim Krasnoselki presidentearen beraren negoziazioei esker eutsi diote prezioari. Estatu aitorpenik ez duen eskualde horretatik barrena sartzen dira Moldaviara Errusiako hidrokarburoak, eta haren bidez bermatzen da hornidura. Transnistriako bizi maila gainerako eskualdeetakoaren antzekoa da: pentsiorik apalenak 30 eurokoak dira, eta soldatak ehun euro inguruan dabiltza. Eskualde horretan bizi da Nicolae, eta, hark dioenez, jende asko joaten da Transnistriara bizitzera, fakturak askoz ere merkeagoak baitira.

Moldaviako think tank bateko analista politiko Dionis Cenusa ren iritziz, etorkizunean halakorik gerta ez dadin, Errumaniaren eta Ukrainaren arteko «interkonexio energetiko funtzionala» litzateke aukerarik errealena: «Europako legedia ezinbestean ezarri beharra dago energiaren alorrean. Nork bere ahalegina egin beharra dauka, efizientzia energetikoa handituz energia kontsumoa apaltzearren». Gaur egun, Moldavian dauden energia zentraletako askok gasa darabilte argindarra ekoizteko, hala nola CET-Nord enpresak; Baltin dago, herrialdearen iparraldean. «Gasa garestitu da iazko udan halako bi ordaintzeraino, eta horrek, azken batean, tarifa garestiagoak dakarzkie kontsumitzaileei, kalteberenak diren horiexei», nabarmendu du Cemnusak.

Presidente berria

Moskun ez zuten begi onez ikusi Maia Sandu aukeratzea herrialdeko presidente, Europaren aldekoa eta liberala izaki. Sanduren aurrekoak, Igor Dodonek, zeina sozialista eitekoa eta Errusiaren aldekoa baitzen, galdu egin zituen 2019ko hauteskundeak. Handik aurrera, Moldaviak EBrantz jo zuen, bi urteren buruan egiaztatu zenez: berriro ere, Sanduren alderdiak irabazi zituen parlamenturako hauteskundeak; zentro-eskuineko PAS Ekintza eta Elkartasun Alderdiak, hain zuzen. Parlamentuan gehiengoa bildu zuen, ganberako 101 aulkietatik 63 lortuta, eta herrialde osoan emandako boto guztien %52,80.

Transnistriaren itzala —Errusiaren gerizpean— eta gasa: horra Kremlinek bere esku dituen bi tresna, Chisinau estu hartzeko; izan ere, Moskun argi baino argiago ikusten dute Moldavia EBrekiko elkarrizketan sakontzen ari dela. Eta hori ez du gogoko Errusiak, uste baitu Moldaviak bere orbitaren pean egon behar duela. Horregatik, nahiz eta Moldaviako Gobernuak esana duen ez duela inolako prezio politikorik ordaindu, gas kontratu berriari atxikitako protokoloak berekin dakartza aldebiko lankidetza ekonomikorako oinarri batzuk ere, energia alorreko horietaz gaindikoak. Gaur egun, urrun ikusten da Moldaviak EBn sartzeko aukera izatea, baina baliteke Bruselarantz hurbiltzea, herabeki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.