Botere banaketa apurtzea egotzi dio oposizioak Netanyahuri

Israelgo Auzitegi Gorenaren erreformak «erregimen aldaketa bat» eragingo du, egitasmoaren kontrakoek salatu dutenez. Lehen ministroaren ustelkeria auziekin lotu dute neurria

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Aryeh Deri Osasun eta Barne ministroa, gobernu bilkura batean, urtarrilaren 8an. RONEN ZVULUN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Israelen zatiketa politiko sakona eragin du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernu berriak. Hiru aste baino ez ditu egin agintean, eta, jada, dozenaka mila herritar irten dira kalera herrialdeko hiri nagusietan, «demokrazia arriskuan» dela salatzera. Oposizioak ohartarazi duenez, gobernua «erregimen aldaketa bat» bultzatzen ari da.Auzitegi Gorenaren boterea mugatzeko lege erreforma da polemikaren ardatza, baina Netanyahuk eratu duen koalizio gobernuaren agendak beste zenbait arrisku ere baditu Palestinako eta Israelgo herritarrentzat.

Gobernu berria Israelen historiako atzerakoiena izango dela iragarri dute analista askok. Izan ere, Netanyahuren Likud alderdi eskuindarrak agintera itzultzea lortu du eskuin muturreko alderdien eta indar ultraortodoxoen laguntzaz, zazpi kideko koalizioa eratuta. Gobernuak iragarri ditu jada bere agenda politikoaren ardatzetako batzuk: Zisjordanian legez kanpoko kolonia gehiago eraikitzea, Zisjordania anexionatzeko aukera aztertzea eta zerbitzu publikoen politiketan ideologia ultraortodoxoaren eragina areagotzea, besteak beste.

Politika horiek sustatzeko, baina, gobernuak helburu bat lehenetsi du, eskuin muturrak eta fundamentalistek aspalditik etsaitzat zeukaten erakunde baten boterea apaltzea: Auzitegi Gorena erreformatzea. Yariv Levin Justizia ministroak orain bi aste aurkeztu zuen egitasmoa, sistema judizialak «herritarren konfiantza berreskuratzeko». Netanyahuren esanetan, estatu botereen arteko «oreka egokia» izatea lortuko da erreformaren bidez.

Gobernuak azaldu duenez, parlamentuari gaitasuna aitortuko dio Auzitegi Gorenak aurrez legez kanpokotzat jo dituen legeak berriz onartu ahal izateko. Goreneko epaileen izendapena parlamentarien esku uzteko sistema bat ezartzea ere proposatu du.

Erreforma horri «bide posible guztietatik» aurre egingo diola ohartarazi du Yair Lapid lehen ministro ohi eta oposizioko buruak. Benny Gantz Defentsa ministro ohiak Netanyahuri egotzi dio herrialdea «gerra zibil batera gidatzea».

Herritarren artean ere zabaldu da haserrea. Aurreko asteburuan, dozenaka mila lagun mobilizatu ziren Tel Aviven, Jerusalemen eta Haifan, «demokraziaren amaiera» salatzeko. Talde deitzaileek salatu zuten lege erreformak erabateko boterea emango liokeela Netanyahuren koalizio gobernuari. Mobilizazio gehiago iragarri dituzte asteburu honetarako. Gobernuaren erantzuna protestak gutxiestera mugatu da, oraingoz, baina Poliziari agindua emana dio gogor oldartzeko baldin eta manifestariek bideak mozten edo Palestinako banderak zabaltzen badituzte.

Netanyahu ustelkeriagatik auzipetuta dago, eta, oposizioaren iritziz, sistema judiziala moldatzeak zerikusi zuzena du horrekin ere. «Auzitik salbuesteko prestatzen ari da», adierazi zuen joan den astean Gantzek. Gobernuak ukatu egin du halakorik.

Lehen ministroa ez da justiziarekin arazoak dituen bakarra. Gorenak atzo ebatzi zuenez, Aryeh Deri Shas alderdi ultraortodoxoko buruak eta Netanyahuk Barne ministro eta Osasun ministro izateko aukeratu zuenak ez ditu baldintzak betetzen gobernuan jarduteko. Deri zerga iruzurragatik zigortu zuten, eta arrazoi horregatik kondenatutakoek ministro izateko debekua dute legez.

Abenduan, Israelgo Parlamentuak moldaketa bat egin zuen Oinarrizko Legedian Deriri gobernurako bidea zabaltzeko. Auzitegiak ez du moldaketa hori indargabetu, baina kritikatu egin du «ia konstituzio balioa duen legedi bat» aldatzea norbanako baten mesederako. Espero izatekoa da, azken erabaki horrekin, Netanyahuk auzitegiaren boterea mugatzeko erreforma azkartuko duela. Izan ere, gobernuak atzo ohar baten bidez adierazi zuen «eskura» dituen bitartekoak «atzerapenik gabe» erabiliko dituela «injustizia hori zuzentzeko».

Hezkuntza eta Palestina

Hiru asteko ibilbidean, gobernuak egin ditu keinu batzuk, hartzen ari den norabidea adierazten dutenak. Adibidez, hezkuntza arloan, eskoletako ikasgaien edukiaren gaineko ardura kendu dio Hezkuntza Ministerioari, eta Presidentetzaren esku utzi. Zehazki, Noam eskuin muturreko alderdiko buru Avi Maoz ministrordearen esku. Maoz ultrakontserbadoreak adierazi izan du emakumeek etxean egon behar dutela haren iritziz, eta LGTBI komunitatearen Harrotasun Desfilea debekatzeko ere eskatu izan du. «Nik ez dut arazorik pertsona jakin batzuekin, LGTBI ideologiarekin eta haren mugimendu politikoarekin baizik», adierazi zuen gobernuak zin egiteko ekitaldian.

Bestalde, Netanyahuk eskola ultraortodoxoen finantzaketa bermatzea adostu du bere koaliziokideekin, eta seminarioan ikasten ari diren juduak zerbitzu militarretik libratzeko akordioa formalizatzea. Fundamentalismoaren eragina nabaria da gobernua osatzen duten zenbait alderditako buruek gizarte sekularraren eta liberalaren kontra egin dituzten adierazpenetan ere.

Palestinari dagokionez, gobernuak argi utzi du juduen legez kanpoko koloniak ugarituko dituela okupatutako lurretan, eta Zisjordania anexionatzeko aukera aztertuko duela. Netanyahuk Bezalel Smotrich eskuin muturreko buruzagiari eman dio Zisjordaniaren okupazioaren gaineko ardura administratiboa.

Zisjordanian aritzen diren Israelgo indar polizial berezien gaineko kontrola, berriz, Itamar Ben-Gvir Nazio Segurtasun ministroak hartu du. Ben-Gvir kondenatu egin dute arabiarren kontrako gorroto delituengatik eta talde armatu judu bati sostengua emateagatik. Kanpainan bezala, palestinarren kontrako probokazio ekintzekin nabarmendu da gobernuan ere. Jerusalemgo Meskiten Zelaigunea bisitatu zuen urte hasieran, Palestinako banderak eraikin publikoetatik kentzeko agindu zuen egun gutxira, eta, aste honetan, 36 milioi euroko diru iturria moztu dio Palestinako Aginte Nazionalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.