Nafarroako industriaren erronkei aurre egiteko foroa eratu dute

Hilean behin bilduko da, eta eragile bakoitzak proposamen landuago bat aurkeztuko du urriko bilerarako. Maria Txibitek espero du «eremu eraikitzailea» izatea

Industria Foroa atzo goizean bildu zen. Han izan ziren Maria Txibite lehendakaria, gobernuko bost kontseilari eta sektoreko eragileak. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Legealdia hasi berri, datozen lau urteetarako akordio programatikoan jasotakoa eta Maria Txibitek inbestidura saioan iragarritakoa berehala jarri nahi izan du abian Nafarroako Gobernuak. Industriaren eraldaketari eta erronkei aurre egiteko foroa eratu du, eta atzo goizean egin zuen lehen bilera eragileekin eta sindikatuekin batera. Bezperan iragarri bezala, ELAk uko egin dio foro horretan parte hartzeari. Asier Calderon LABeko Industriako arduraduna han izan zen, eta, haren hitzetan, gobernuko ordezkariak «euren burua laztantzen» aritu ziren. Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak, berriz, beharrezkotzat dauka foroa, «industriak erronka handiak baititu aurrean».

Txibite lehendakariaz gain, Nafarroako Gobernuko bost kontseilari izan ziren lehen bilera horretan: Mikel Irujo (Garapen Ekonomikoa); Jose Luis Arasti (Ekonomia eta Ogasuna); Carlos Gimeno (Hezkuntza), haren ardurapean baitago lanbide heziketa; Carmen Maeztu (Gizarte Eskubideak, Gizarte Ekonomia eta Enplegua); eta Juan Cruz Cigudosa (Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala). Gobernuak orain arte zer egin duen azaldu zuen haietako bakoitzak.

Foroan parte hartu zuten CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak, Merkataritza Ganberak, AIN Nafarroako Industria Elkarteak, Gizarte Ekonomiako Elkarteak, eta hiru sindikatuk (UGT, CCOO eta LAB). Gainera, hainbat klusterretako ordezkaritza zabala izan zen: automozioa, elikagai industria, ikus-entzunezkoak, eraikuntza, informazio teknologia, energia berriztagarriak eta osasungintza. Bakoitzak bere ikuspegia laburbildu zuen. Hurrengo bilerarako, industriaren egoerari buruzko diagnostikoa aurkezteko dute, eta proposamen landuago bat. Hilabetean behin bilduko dira.

Industriak Nafarroako barne produktu gordinaren %30 ordezkatzen du. 3.300 enpresa aritzen dira alor horretan, eta 72.000 laguni ematen diete lana. Trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala daude erronka nagusien artean.

Txibitek hori nabarmendu zuen hasierako hitzaldian: «Hurrengo urteak funtsezkoak dira erronka horiei aurre egiteko. Ondo egin behar dugu arrakasta izateko eta garapen kohesionatua lortzen laguntzeko». Gobernuak 2025era begirako lau urteko industria plana onartua du, eta hartan jasotzen dira neurri nagusiak. Hari lotuta, foroak «eremu eraikitzailea» izan nahi du, eta eragileen proposamenak bildu.

Calderonen arabera, atzoko bilkuran gobernuko ordezkariek ez zuten inongo autokritikarik egin. «Egindakoari balioa eman nahi izan diote, baina euren analisietan ez dute azpimarratu zer ez duten egin». LABen ustez, Iruñerritik harago hedatu behar da industria, lurralde osora, eta deslokalizazioari irmoago aurre egin. Halaber, eraldaketa digitalak ekar dezakeen enplegu galerari aurre egiteko, 30 orduko lan astea proposatu du sindikatuak. Calderonen irudiko, eraldaketa prozesu horretan guztian kontuan hartu behar da langileen ahotsa.

«Gainbeherarik» ez

Gobernuaren arabera, foroaren xedea «berrindustrializazioa» da, baina CCOOko Rodriguez ez dago ados hitz horrekin: «Sektore berriak bilatu behar dira, baina ez dago zertan berrindustrializatu. Gaur-gaurkoz, ez dago boladarik onenean, baina industria ez doa gain behera». Rodriguezen aburuz, eragile guztiek beharrezko ikusten dute Nafarroak ahalmena izatea nazioarteko arazoei aurrea hartzeko. Landu beharreko gaien artean aipatu ditu langileen prestakuntza eta birziklatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.