Osasun larrialdia

Koronabirusa hedatzeko beldurrak burtsak amildu ditu

Egunik txarrena izan dute Erresuma Batuak EBtik ateratzea erabaki zuenetik. Aire konpainiak dira galtzaile nagusiak, hegan egiteko debekuak zabal daitezkeelako

Burtsako artekari bat koronabirusaren aurkako maskara jantzita, atzo, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Koronabirusa bezain bizkor ari da zabaltzen hari buruzko beldurra. Eta bizkorretan bizkorrenak finantza merkatuak izan ohi dira, batez ere mehatxuak eta arriskuak usaindu behar direnean. Birusa Italian, Hego Korean, Iranen eta beste herrialde batzuetan zabaldu dela baieztatu ondoren, inbertsiogilerik beldurtienak dirua burtsetatik atera eta leku ziurragoetara eramaten hasi ziren atzo. Ondorioz, brexit-aren erreferendumaz geroztiko erorikorik handiena izan zuten atzo Europako burtsek.

Jaitsierarik handiena Milango burtsan gertatu zen, %5,4ko erorketarekin. Baina ez ziren urrun geratu kontinenteko beste indize nagusiak: %4 galdu zuten Eurostoxx 50ek eta Frankfurteko Dax-ek, %4,1 Madrilgo Ibex 35ek, eta %3,9 Parisko CAC40ek.

Balio gehien galtzen ari direnen artean daude hegazkin konpainiak, haiek jaso baitezakete kolperik gogorrena hasieran. Txinarako hegaldiak eten egin dira, eta beste herrialde batzuek berdin egiteko arriskuak bete-betean zigortuko luke beren negozioa. Horrela, Ryanairrek %13,8 galdu zuen, %16,7 Easyjetek, %8,7 Air France KLMk eta %9,4 British Airways, Iberia eta Vueling biltzen dituen konpainiak, IAGk.

Halaber, galera handiak izan zituzten hotelek eta turismoari lotutako beste enpresa batzuetako akzioek —Melia espainiarrak %7,43 galdu zuen, eta %8,9 Tui alemaniarrak— baita Txinako merkatuarekiko menpekotasunik handien dutenenek ere.

Krisia erregaien kontsumoa txikitzen ari denez, petrolioa behera egiten ari da. Brent upela hiru dolar merkatu zen, eta 55 dolarrean salerosi zen saioaren amaieran.

Kontrako bidea hartu zuten ustez aktibo fidagarriagoak direnek. Inbertsiogile izuen lehentasunen artean urrea dago, eta atzo 1.670 dolarrera heldu zen ontza, baliorik handiena 2016az geroztik.

NDFren kezka

Koronabirusak munduko ekonomiari egin diezazkiokeen kalteei buruz ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak. Larunbatean, Kristalinia Georgieva NDFko zuzendariak esan zien G20ko taldekoei epidemiak 0,1 puntu kenduko ziola nazioarteko ekonomiari, eta 0,4 puntu Txinakoari, betiere gaixotasuna orain kontrolatzea lortzen bazen. Baina onartu zuen epidemia zabaltzen bada kalteak askoz handiagoak eta iraunkorragoak izango direla, Txinan ez ezik baita beste lekuetan ere.

Lasaitasunerako deiak ere izan dira. Haien artean, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroarenak: «Ez gaitezen gehiegi larritu burtsen erantzunarekin. [Koronabirusaren krisia] Urteko lehen hiruhilekora mugatzen bada, eragin ekonomikoa nahiko mugatua izango da. Lehentasuna herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea da».

Orain arte, Txinari eragin dio batez ere. Pekingo gobernuak Txinako Urteberrirako oporrak luzatu ditu hainbat sektoretan, eta herrialdea erdizka ari da funtzionatzen. Lantegi asko geldirik daude oraindik ere, beste askok ez dute ohiko ekoizpena, eta salgaien eta horniduren trafikoa ez da normala. Egoera horren kaltea munduan zehar zabalduko da, Txina ezinbesteko eragilea baita nazioarteko ekoizpen kateetan.

Italiak ez du hainbesteko pisua nazioarteko ekonomian, baina han arazoak sortzeak kalte handiagoa eragin dezake Euskal Herrian. Izan ere, Italia da merkataritza bazkide garrantzitsuenetako bat: hara doaz Hegoaldeko esportazioen %6,2, eta handik datoz inportazioen %5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.