Albistea entzun

'Aita Mari' ontziak 47 etorkin erreskatatu ditu erdialdeko Mediterraneoan

«Gutxieneko eskifaiarekin» dago ontzia, Pasaiara itzultzekoa baitzen. Maltako mediku batek artatu ditu migratzaileak. 55 errefuxiatu daramatzan beste ontzi bat dago galduta
PABLO GARCIA / BESTEAK Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko apirilak 14

Aita Mari itsasontziak 47 migratzaile erreskatatu zituen atzo, Maltako kostaldetik 50-70 bat itsas miliatara. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontziko iturrien arabera, erreskatatutako etorkinen ontziak lau egun igaro ditu noraezean, eta barruan daudenetik sei korderik gabe aurkitu zituzten, atzo goizean. Haurrak daude ontzian, baita haurdun dagoen emakumezko bat ere. Maltago Gobernuak arratsaldean eman zion ontziari horiek guztiak erreskatatzeko baimena. Mediku bat ere bidali zuen, helikopteroz, ontziaren posiziora, erreskatatutakoen osasun egoera aztertzeko. Aita Mari-ren eskifaiako kideen artean ez dago medikurik, herenegun Siziliatik (Italia) Pasaiarantz (Gipuzkoa) abiatu zenean ez baitzuen erreskaterik egiteko asmorik, Italiaren debekuak direla eta. Horregatik, «gutxieneko eskifaiarekin» dago. Orain bertan, Aita Mari da Mediterraneoan erreskate lanak egiten ari den ontzi bakarra.

Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuak jakinarazi duenez, 55 migratzaile daramatzan beste ontzi bat noraezean dabil Erdialdeko Mediterraneoko uretan, eta litekeena da 85 etorkin zeramatzan hirugarren ontzi bat hondoratu izana. Oraindik ez dute baieztatu, ordea. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren kide Daniel Rivasen esanetan, 55 migratzaile daramatzan ontzia topatutakotik mendebaldera dago, baina ez dakite zehazki non dagoen. Aita Mari-koek ez dakite hura bilatzen ahalegindu ahal izango duten ala ez. «Maltak erabakiko du zer egin behar dugun: erreskatatutakoekin beste ontziaren bila abiatu, edo erreskatatutakoak Maltan porturatu».

Bestetik, herenegun eta atzo artean ia berrehun migratzaile gomazko bi txalupatan iritsi ziren Siziliako (Italia) kostaldera. Rivasen hitzetan, «esaten den bezala, modu autonomoan ailegatu ziren».

Ohartarazi du Aita Mari-n orain ez dutela «gisa horretako egoera bati» erantzuteko nahikoa elikagairik. Itsasontzia Sizilian zegoen porturatuta herenegun goizera arte, eta, koronabirusak herrialdean eragin duen egoeragatik agintariek erreskate lanerako irteerak debekatu dituztenez, etxeratzea erabaki zuten, Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzea. «Ontziaren mantenu lanak merkeagoak dira Pasaian».

Egoerak «ezustean» harrapatu ditu. «Siziliako punta gurutzatzen ari ginenean, abisatu ziguten hiru ontzi uretan zeudela. Horiek erreskatatzeko operaziorik ez zegoenez martxan, gure betebehar morala eta legala da haien bila joatea». Baina «gutxieneko eskifaia» darama ontziak: zazpi lagun. «Gure asmoa ez zelako erreskate lanak egitea, Pasaiara bueltatzea baizik».

GKEko kidearen ustez, gertatu denak erakusten du «Europaren koordinazioaren eraginkortasunik eza», baita, zehazki, erdialdeko Mediterraneoaren bueltako herrialdeena ere, Italiarena eta Maltarena. «Duela hiru egunetik zekiten pertsonak zeudela uretan, eta ez dute ezer egin». Aurreikusitakoa alboratu eta «ziztu bizian» jo zuen Aita Mari-k etorkinen ontziak bilatzera.

Migratzaileen berrogeialdia

Sea-Eye Alemaniako GKEaren Alan Kurdi itsasontziak joan den astean egindakoak ziren, atzo arte, Mediterraneoan egindako azken erreskateak. Rivasen arabera, 150 bat lagun erreskatatu zituzten zenbait ontzitatik. Orain Siziliako kostaldean porturatuta dago Alan Kurdi. «Italiako agintarien aginduen zain daude; berrogeialdia igaro dezaten ontzi barruan daude migratzaileak Italiako ontzi batera lekualdatuak izan zain».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Santurtzin hilik topatutako adingabe baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

Jon O. Urain

Ostiralean zerraldo topatu zuten senideek. Ertzaintzak baieztatu du gorpuak kolpeak zituela eta litekeena dela horien ondorioz hil izana
 ©Andoni Lubaki / Foku

Suak zerua ilundu zuenekoa

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Suteek hagitz gogor jo dute Nafarroa, eta 14.500 hektarea inguru utzi dituzte kiskalita. San Martin Unx da suak inguratutako herrietako bat. Etxerik ez dute galdu, baina izua bazter uztea ez da erraza izaten ari herriko biztanleentzat. Suhiltzaileek, berriz, baliabiderik eza salatu dute.

Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...