Pandemiak larritu egin du asiloa eskatzen duten iheslarien egoera

CEAR-ek urteko txostena aurkeztu du, eta, horren arabera, Hego Euskal Herrian 2019an 5.535 asilo eskaera egin zituzten. Hauteskundeak direla-eta «konpromisoak» eskatu dituzte

CEAR-eko Patricia Barcena, txostenaren aurkezpenean, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Errefuxiatuen Mundu Eguna da gaur, eta, horren harira, urteko txostena aurkeztu du CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak, bi ekitaldiren bidez: bat Bilbon, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak plazaratzeko, eta beste bat Iruñean, Nafarroakoen berri emateko. Ondorio nagusia, baina, bat eta bakarra da: COVID-19aren pandemiak larriagotu egin du lehenagotik ere larri ibiltzen ziren herritarren egoera, eta babesa eskatzen duten iheslarien kasuan oso nabaria da hori.

«Osasun larrialdiaren aurretik zaurgarritasun egoeran zeudenak bereziki ari dira pairatzen krisialdiaren ondorio sozial eta ekonomikoak», esan du EAEko CEAR-eko zuzendari Patricia Barcenak. «Gainerakoak bezala, gaixotasunaz kutsa daitezke. Baina, gainera, haien bizitzan aurretik ezarrita dagoen prekaritatea areagotzen ari da egunotan».

Alarma egoeraren kariaz itxialdia ezarri zutenean, administrazioan jarduera ugari eten zituzten; besteak beste, babes eskaerak aurkezteko prozedurak eta aurkeztutakoei erantzuna ematekoak. Orain administrazioa berriro hasi da asilo espedienteen jakinarazpenak ematen, negatiboak kasu askotan —Espainiak eskaeren %5 baino ez ditu onartzen normalean—. Baina, horrekin batera, ezezkoa jaso duten eskatzaileei ohartarazten diete hamabost eguneko epea dutela harrera zerbitzuetatik eta estatuko asilo programetatik ateratzeko.

Horrek, Barcenak ohartarazi duenez, «egun batetik bestera zaurgarritasun egoera larrian» uzten ditu pertsona horiek. Egin-eginean ere, itxialdiak iraun duen bitartean ezin izan dute bizilekurik bilatu, ezta irtenbide sozialik edo lan mundurako irtenbiderik prestatu ere, eta gehien-gehienek ez dute prestazio sozial publikorik jasotzeko eskubiderik.

Gainera, alarma egoera hasi baino lehen, lanean zebiltzan eskatzaile asko, baina orain lanpostuak galdu dituzte, batez ere zerbitzuen eta zaintzaren alorretan.

Eskaerak, halako hiru

2019an, 5.535 lagunek eskatu zuten asiloa Hego Euskal Herrian: 891k Araban, 3.395ek Bizkaian, 540k Gipuzkoan, eta 709k Nafarroan. Aurreko urtearekin alderatuta, halako hiru dira 2019ko eskaerak: 2018an 1.919 izan ziren Hego Euskal Herrian.

Txostena 2019. urteari dagokio, baina aurtengo datu batzuk ere aurreratu dituzte: ekainera arte 1.541 eskaera aurkeztu dira.

Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira, eta, Barcenaren arabera, «aukera aparta» dago bozen ostean eratuko diren legebiltzarrak eta gobernu berriak zenbait konpromiso har ditzaten.

Zehazki, hiru konpromiso eskatu dizkie CEAR-ek hauteskundeetatik aterako diren erakunde berriei: asiloa eskatzen duten guztiei «eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak baliatzeko aukera» bermatzea, pertsona horiei «harrera» egitea, eta Espainiako Gobernuari eskatzea zenbait neurri jar ditzala abian «ohiz kanpoko erregularizazioak gauzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.