Koronabirusa

Nafarroako Gobernua maskararen nahitaezko erabilera aztertzen ari da

Azken egunotako kutsatuen gorakadak kezka eragin du, eta maskaren erabilerari buruzko arauak berriz aztertuko ditu aste honetan. Eskoriatzan, hilik aurkitu dute positibo eman zuen gizonezko bat

Emakume bat, atzo, Iruñeko Estafeta kalean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Maskarak nahitaez erabiltzeko arau «zorrotzago bat» lantzen ari dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, azken egunotan COVID-19 kasuen agerraldiak antzeman ondoren zenbait tokitan. Maskaren erabilera derrigortzea aztertzen ari dela iragarri du, baita gutxieneko distantzia gordetzen denean ere.

Osasun Sailak, agerraldi gehiago izatearekin batera erabaki zuen gobernuak barne prozesu bat martxan jartzea. Horretarako, kanpoko aholkulariekin ere hitz egin dute, besteak beste prebentzio eta babes neurriak aztertzeko. Azken positiboak batez ere harreman sozialekin eta familiakoekin daude lotuta, eta kutsatutakoen batez besteko adina asko jaitsi da. Joera hori eten egin nahi du gobernuak, maskaren erabilera derrigortuz. Proposamena lantzen hasiak dira, eta asteazkenean bilduko da gobernua. Maskara erabiltzera behartzeaz gain, arauaren epeak eta bestelako alderdiak zigorrak, adibidez zehaztuko dituztela espero da.

Nafarroako osasun agintariak kezkatuta daude agerraldiekin, eta horregatik erabaki dute urrats bat gehiago egitea. Herenegun jakinarazi zuten Iruñean agerraldi bat detektatu zutela, zortzi positibo erregistratuta. Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, dagoeneko 21 dira agerraldi horrekin zerikusia duten kasu positiboak. San Fermin bezperan Iruñean egindako hamaiketako batekin lotu dituzte horiek. Gobernuak adierazi du askari horretan egon ziren kontaktuak eta ingurukoak ikertzen ari dela, «birusaren transmisio katea» eteteko asmoz.

Iruñeko horiez aparte, Tuteran ere agerraldi bat gertatu da, ezkontza batean, eta atzo jakinarazi zuten bi kasu gehiago antzeman dituztela foku horri lotuta; gaur-gaurkoz, 36 dira positiboak, beraz. Gobernuak adierazi du agerraldi hori «egonkortu» egin dela: «Kontaktuen jarraipen sakona eta 280 PCR proba eginda, atzo bi kasu atzeman ziren». Hala ere, ohartarazi duenez, «kutsatze foku mugatuagoak» ere identifikatu dituzte. Horietako bat Lizarraldean dago, eta beste bat Tuteran; hiruna lagun kutsatu dira foku horietan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren atzo, eta maskara jantzita eta segurtasun distantziak gordeta joan ziren boto emaileak bozkalekuetara. Kutsatze kasuek goitik jarraitzen dute, baina: Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, azkeneko 24 orduetan 28 kasu atzeman dituzte: Araban bi, Bizkaian zortzi, eta Gipuzkoan hemezortzi. Ordiziako (Gipuzkoa) agerraldiarekin zerikusia duten hiru kasu gehiago identifikatu dituzte, eta dagoeneko 73 dira agerraldi horri lotuta positibo eman dutenak.

Hego Euskal Herrian, azken 24 orduetan 64 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, herenegun baino sei gehiago. 64 horietatik erdiak baio gehiago (34) Nafarroan pilatu dira. Hildakorik ez da izan azkeneko egunean, eta zaintza intentsiboetako unitatean zazpi gaixo daude.

Eskoriatzan, hildako bat

Aurreko astean zehar, hiru koronabirus kasu detektatu dituzte Eskoriatzan (Gipuzkoa). Hango ostatu bateko bezero batek PCR proban positibo eman ondoren agertu dira kasu horiek. Atzo goizean, etxean hilda aurkitu zuten horietako bat, gizon bat. Eusko Jaurlaritza positibo guztien jarraipena egiten ari da, protokoloari jarraituz, eta atzo ere pertsona horrekin harremanetan jartzen saiatu zen. Berrogeialdian zegoen gaixoa, etxean, baina ez zien erantzun deie. Eskoriatzako udaltzainak etxera sartu zitzaizkion, suhiltzaileekin batera, eta hilda aurkitu zuten gizonezkoa. Auzitegiko medikuak ebatzi zuen heriotza naturala izan zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.