Beste zulo bat metroaren lanetan

Donostiako metroaren lanengatik zulo bat agertu da Zubieta kalean, ekainean agerturikotik hurbil. Metroarekin lotu dute udalak eta ETSk. Satorralaiak lanak eteteko eskatu du

Donostiako Zubieta kalean atzo agertutako zuloa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iosu Alberdi - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako metroaren lanetako ezbeharren enegarren kapitulua gertatu zen atzo goizean: zulo bat agertu zen Zubieta kaleko errepidean, bi metroko diametrokoa eta 30 metro kubikoko sakonerakoa. Duela bost hilabete eskas ingurune berean agerturiko zulotik hurbil agertu zen atzokoa: Zubieta kaleko 8. eraikinetik hamar metro ingurura, hain zuzen. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Ernesto Martinez de Cabredo ETS Eusko Trenbide Sareko zuzendariak lotura zuzena egin zuten ekainaren 5ean agertutako zuloaren eta atzokoaren artean: «Guztiz lotuta dagoela dirudi», adierazi zuen atzo Goiak. Ekainean, udaleko ordezkariek metroaren lanen ondoriozko «istripu tekniko» bati egotzi zioten zuloa sortu izana, eta atzo agerturikoa ere horren ondorio litzateke.

Goiak atzo eguerdian udaleko Tokiko Gobernu Batzordearen ondotik egindako adierazpenetan azaldu zuen Donostiako Udalak 08:00etan izan zuela ezbeharraren berri, eta zenbait teknikari bidali zituela. Horiek aurkitu zuten zuloa, Goiaren hitzetan. Zehazki, Donostiako Udaleko, ETSko eta lanak egiten ari den enpresako teknikariak bertaratu ziren ingurura, gertatua ikertu eta zuloaren jatorria zehazteko asmoz.

Udaletxean egindako adierazpenetan, alkateak beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu zien «lanak egiten ari direnei», segurtasuna bermatzeko eta «donostiar guztien lasaitasunerako» —hormigoia bota zuten atzo zuloa estaltzeko—; eta, gertaera metroko lanekin lotu bazuen ere, arrazoiak zehaztu arte «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu zuen. Goiaren arabera, dena den, «beldurra» izateko arrazoirik ez dago, inguruko etxebizitzak «ondo» daudelako —ekainaren 5eko zuloa agertu zenean, Zubieta kaleko 8. zenbakiko bizilagunek etxetik kanpo igaro zuten gaua—.

Atzoko gertaerek erreakzio soka bat ekarri zuten metroa egitearen aurka dauden eragileen artean. Satorralaia bizilagunen mugimenduak, erraterako, berriro ere eskatu zuen lanak geldi ditzatela, eta ohartarazi zuen proiektua gaizki diseinatzearen ondorio direla metroaren eraikuntzan gertaturiko ezbeharrak: «Gertaera larri hauek argi eta garbi erakusten dutenez, zentzugabekeriazko proiektu hau diseinatzean ez dute aintzat hartu zer-nolako arriskua dagoen Donostiako lur hareatsuen gainean eraikita dauden hiriaren erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desegonkortzeko». Satorralaiak zalantzan jarri zituen, halaber, ekaineko zuloa agertu zenez geroztik ETSk egindako egonkortze lanak: «Ez dute ezertarako balio izan, antza denez». Lan «gehigarri» horretan, gainera, zazpi milioi euroko gainkostua «xahutu» dutela salatu du taldeak. Larunbatean manifestazioa egin zuten Donostian, hain justu, Satorralaiak deituta, metroaren aurka. Ardurak «argitzeko» eta lanak eteteko eskatu zuten.

EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaile Reyes Karrerek, berriz, bizilagunen artean «beldurra» dagoela nabarmendu zuen, eta «hilabete hauetan izandako arduragabekeriaren emaitzatzat» jo zuen gertatutakoa: «Eneko Goiak eta Iñaki Arriolak, behingoz, erantzukizun politikoak hartu behar dituzte». Bide beretik, Elkarrekin Podemoseko Aitzole Aranetak kontu ikuskapen baten beharra azpimarratu zuen, «lardaskeria hau» amaitzeko.

LAB sindikatuak salatu zuen metroaren lanetan ari diren langileen segurtasuna ez dagoela bermatuta, eta berriz errepikatu zuen euren ustez metroa ez dela beharrezkoa: «Zentzugabekeria gero eta ageriagoa da».

Bost hilabetean bi zulo

Metroaren lanekin lotuta, azken bost hilabeteotan eremu berean atzematen den antzeko bigarren gertaera da, azken arazo handietako bat kale berean egiten ari ziren lanetan gertatu baitzen, ekainaren 5ean. Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan agertu zen orduan zuloa, hogei metro kubiko ingurukoa —handiagoa litzateke atzo agerturikoa, beraz—. Zehazki, eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu zen orduko hartan, zimenduetan sorturiko zulo batengatik. Metroaren zulaketa lanetan 120 metro harago ura eta hondarra filtratzeagatik gertatu zen hori, udaleko eta obrako ordezkarien arabera. Jon Txabarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak «istripu tekniko» gisa deskribatu zuen.

Gertaera haren eraginez, Espainiako Gobernuak abuztuan adierazi zuen «segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin arte» ez zutela aurrera jarraituko lanek —Madrilen menpe dago Gipuzkoako Kosta Zerbitzua, eta hark ematen die baimena lanei—. Joan den ekainetik ez dute aurrera jarraitu lanek, ondorioz. Horrek atzeratu egin du obren amaiera dataren kalkulua: 2024ko bigarren seihilekora arte, hain zuzen.

Epeetan ez ezik, kostu ekonomikoetan ere eragin handia izan dute gertaerek: Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak hasieran ezarritako kostua %50 inguru haziko zela iragarri zuen, eta %70era irits daitekeela. Lan horien hasierako aurrekontua 53,2 milioi euro zen, eta, beraz, kostua 26 edo 37 milioi euro handiagoa litzateke sailburuak aipatu hazkundea aintzat hartuz gero. Oraintxe inguruan martxan dauden lan bakarrak Xabier Zubiri plazan ari dira egiten: Easoko geltokiari dagozkionak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.