Adnan Selçuk Mizrakli. Diyarbakirgo alkate hautatua

«Turkiak erakutsi du beretzat bizitza hutsala dela»

Mizraklik ohartarazi du Ankarako gobernuaren geopolitika eta geoestrategia «material sukoiarekin» eginak daudela: «Gatazkak pizteko gaitasuna sustatzen dute».

ORSOLA CASAGRANDE.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Adnan Selçuk Mizrakli (Siverek, Kurdistan, 1963) 2019ko martxoaren 31n hautatu zuten Diyarbakirgo alkate (Amed kurduentzat). Botoen %62 eskuratuta gehiengo osoa bazuen ere, Turkiako Gobernuak urte horretako abuztuan bertan kargugabetu zuen, eta udala kontrolpean hartu. Urrian atxilotu zuten Mizrakli, «erakunde terroristako kide» izateaz akusatuta, eta iazko martxoan zigortu, bederatzi urte eta lau hilabeteko espetxealdira. Egun kartzelan dauden HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko 23 alkateetako bat da. Haren senideen bisitak baliatuta egin ahal izan dio elkarrizketa BERRIAk.

Diputatu kargua utzi zenuen Amedeko alkatetzara aurkezteko. Zerk bultzatu zintuen konpromiso hori hartzera?

Nola-halako babesa zuen parlamentari kargua utzi nuen, alkate ardurak hartzeko, eta horrek ekarri nau hona. Nire hautua pertsonengandik gertuago egotea izan da, urteetan zehar beste modu batera zerbitzatu ditudan horiengandik gertuago, udal demokraziaren giltzarria zer den gertutik ezagutu ahal izateko. Bestalde, ekarpena egin nahi nion, bere lanarekin, balioekin eta baliabideekin komunitate gisa geroa eraikitzeko parte hartzea bultzatzen eta mekanismo demokratikoak sortzen jakin duen herri baten etorkizun komunari. Amedeko Hiri Barrutian diputatu eta alkate gisa aritu naiz, hori zelako herriaren borondatea.

Badirudi hiriak esanahi berezia duela zuretzat.

Urteetan nire balioak izan direnen giltzarri gisa amestu izan dut beti Amed: demokrazia, askatasuna eta eskubideak baliatzea, justizia, desberdintasunak orekatzea, gizartearen ongizatea, itxaropena eta konfiantza sendotzea; hau da, bakea nagusi den testuinguru bat. Amets hori, beste askotan bezala, herri lanarekin aberasten den errealitate eta egia baten lagunik gertukoena da.

Diyarbakir hiriak duintasun eta borrokaz beteriko historia bat du. Historia hiri honetan hasten da, eta haren borrokak eta erresistentziak ematen diote jarraipena. Pazientzia zaintzen jakin duten pertsonek osatzen dute hiri hau; hiri horretako ikaslea naiz, jende horrekiko zorretan nago, eta uste dut haiekiko erantzukizun bat dudala. Norbanakook bizi itxaropen mugatua dugu, baina balioak eta pertsonek defendatzen dutena betirako da; horregatik, Amed ez da hiltzen.

Zure konpromisoak eta hauteskundeetako garaipen zabalak espetxera ekarri zaituzte. Zer ondorio ateratzen duzu egoera honetatik?

Espetxeak beti izan dira iraultzaile demokratikoen bigarren etxebizitza jazarpen garaietan. Euren ordezkaritza demokratikoagatik borrokatzen diren kurduez eta bizitzaz zuzenbide ikuspuntutik hitz egiten denean, mehatxurako, beldurtzeko eta xantaiarako tresna dira espetxeak, baina baita bigarren aukera bat ere. Turkiako kartzelak, munduko txoko guztietakoak bezala, bertuteak eta hutsuneak azaleratzen dituzten tokiak dira.

Nola egiten diozu aurre zure espetxealdiari?

Espetxea ezeztatzen saiatzen ari naiz, zeina nire bizi eremutik 700 kilometrora dagoen bakartze eta zigor gune bat bihurtu nahi duten. Askatasunari diodan maitasuna eta egoera honen azterketa dira nire indarra. Sozialisten historia politikoan asko dira espetxeak sormen gune bihurtu dituzten matxinoak, fisikoki itxita mantentzen gaituzten hormak gaindituz, eta [Nelson] Mandela edo [Antonio] Gramscirengan pentsatzen ari naiz.

Espetxean zarela piztu dira pandemia eta presoen gose grebak.

Koronabirusaren prozesuan zehar botere politikoaren jarreraren lekuko izaten ari gara. Beste kasu askotan bezala, hark mendekua jarri du bizitzaren babesaren eta giza osasunaren aurretik. Tarte honetan oso presente egon dira gose greben bitartez epaiketa bidezko bat eskatzen zutenen aldarrikapenak, baita atxilotze baldintzak bizitzarako desegokiak zirela zioten txostenak ere.

Heriotzak jasan ditugu; esaterako, Ebru Timtik abokatuarena, 238 egun gose greban egin baitzituen bidezko epaiketa bat eskatuz. Bere justizia eskaerarekin hilezkor bihurtu da Ebru, eta Turkiak erakutsi du bizitza hutsala dela berarentzat.

Zer iritzi duzu Turkiaren giza eskubideen urraketen eta Ekialde Hurbilean duen rol ilunaren aurrean EB Europako Batasunak agertu duen jarreraren inguruan?

EBn erabakiak hartzen dituztenek beti lehenetsi dituzte beren interesak eta estrategiak. Hori iradokitzen dute Parlamentuak hartzen dituen erabakien eta batzordeek hartzen dituztenen arteko aldeak. Erdoganen politikek ez dituzte kontuan hartzen orekak eta sentsibilitateak, eta, beharrezkoa bada, bahitu egiten du barne oposizio demokratikoa, EBri etengabe erronka botatzeko bere apustuan.

Joko honetan, Turkiaren geopolitika eta geoestrategia materialsukoiarekin daude eginak; bakearen ardatza izatetik gerraren ardatz izatera igaro da eta gatazkak pizteko gaitasuna sustatzen dute. EB ez da gai izan jarrera eraginkorrak adosteko migrazioei eta muturreko jihadistei aurre egiteko, eta bere burua balio unibertsalen defendatzailetzat duen arren, bere interesen eta antsietateen arabera jokatzen du. Beti bezala herri zapalduek ordaintzen dituzte borroka eta gatazkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.