Tentsioa baretzeko ahalegina

Kosovoren eta eta Serbiaren arteko harremanak oso gaiztotuta daudela eta, bi herrialdeetako ordezkariak Bruselan biltzekoak dira bihar. Von der Leyen Balkanetara iritsiko da gaur

Kosovoko Poliziaren agente bat Jarinje pasabidean, joan den astean, alboan Kosovoko serbiarren talde bat duela. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun

Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanak inoiz ez dira onak izan, eta azken astean bereziki gaiztotu dira: Serbiak aspalditik ezarria duen politika bat bere eginez, Kosovo hasi da bi herrialdeen arteko mugako kontroletan Serbiako matrikula duten ibilgailuei herrialderako sarbidea debekatzen. Horiek horrela, eta tentsioa baretze aldera, EB Europako Batasunak eskatu die baliatu dezatela bi herrialdeen arteko harremanak normaltzeko Bruselak 2011n martxan jarritako elkarrizketa mahaia. Eta Peter Stano Europako Batzordearen Atzerriko bozeramaileak baieztatu dio Efe berri agentziari bihar Bruselan bilera bat egitekoak direla alde bakoitzaren talde negoziatzaileko arduradunak.

Egoera hori dela eta, Balkanetarako bidaia ofizial bat egitekoa da Ursula von der Leyen. Europako Batzordeko presidentea gaur da Albaniako eta Ipar Mazedoniako agintariekin biltzekoa, bihar Montenegrora, Serbiara eta Kosovora joatekoa da, hain justu, eta etzi Bosnia eta Herzegovinara.

Izan ere, joan den asteartean Kosovoko Polizia hasi zenetik Serbiako matrikula duten ibilgailuei herrialderako sarbidea debekatzen, harremanak guztiz gaiztotu dira. Kosovoko mugatik gertu dauden Serbiako armadako tropen borrokarako prestakuntzaren alerta maila areagotzeko agindu zuen Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak, joan den ostegunean. Hori aintzat hartuta, Kosovoko lehen ministro Albin Kurtik leporatu dio Serbiari «nazioarteko gatazka larri bat» eragin izana. «Serbiak egoera militarizatu nahi du», kritikatu zuen larunbatean, egoeraz hitz egiteko egindako prentsa agerraldian. Izan ere, Serbiako hainbat hedabidek kaleratu zuten armada tankeak bidaltzen hasia zela mugara. Iturri ofizialek informazio hori gezurtatu zuten.

Vucic herenegun mintzatu zen auziaz, eta NATOri 24 orduko epea eman zion gatazkan esku har dezan. «Errepikatu nion Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiari ez garela Kosovon sartuko gure tropekin, ez dugulako bakea arriskuan jarri nahi», adierazi zuen Serbiako telebista kate batean. «NATOk ez badu erreakzionatzen, Serbiak erreakzionatuko du», gaineratu zuen. Reuters berri agentziaren arabera, NATOren tropa kopurua aurreko egunetan baino handiagoa zen atzo bi herrialdeen arteko mugako pasabideetan.

Istiluak

Kosovok hartu duen erabakiaren aurka protesta egiteko, mugako bi pasabide nagusiak, Jarinjekoa eta Brnikekoa, blokeatu dituzte Kosovoko serbiarrek —gutxiengo bat dira Kosovon, baina gehiengoa, ordea, iparraldean, tentsioa dagoen eremuan—. Horiek horrela, Kosovoko polizia indarrek agente gehiago bidali dituzte mugako pasabideetara, eta Serbiako armadaren borrokarako hegazkinek mugaren gainean hegan egin dute azkeneko egunotan.

Nabarmena da tentsioa mugako pasabideetan eta horien inguruan, eta gertatu dira istilu batzuk azken egunotan. Joan den ostiralean ibilgailuei Kosovoko matrikulak jartzeko bulego batek su hartu zuen. Kosovoko Poliziaren arabera, serbiarrek eman zioten su eraikinari; horiek erantzun zioten argindar instalazioa zaharkituta zegoela, eta horregatik gertatu zela sutea. Kosovoko Poliziak jakinarazi du, gainera, eskuko bi granada aurkitu zituela kiskalitakoaren antzeko bulego batean.

Matrikulen auzia konponbidean jartzeko, alde bakoitzak baldintza bat jarri du: Kurtik eskatu dio Serbiari aitortu ditzala Kosovoko matrikula duten ibilgailuak; eta Vucicek esan du Kosovok, aurrena, mugara bidalitako poliziak erretiratu beharko lituzkeela.

Kosovo Serbiaren eskualde bat zen 2008ra arte, Kosovok independentzia aldarrikatu zuen arte. Mendebaldeko herrialde gehienek aitortzen dute estatu gisa, baina aitortzen ez dutenen artean dago Serbia bera. Eta, horregatik, bere lurretan ez ditu baimentzen Kosovoko matrikula duten ibilgailuak. Serbiak aspalditik egiten duena egiten hasi da Kosovo, bi herrialdeek matrikulei buruz zuten 2016ko akordio bat iraungi dela argudiatuz. Serbiako matrikula duen ibilgailu batek Kosovon sartu nahi badu, bost euro ordaindu eta behin-behineko matrikula batengatik ordezkatu beharko du jatorrizkoa —60 egunez ibili ahal izango du behin-behineko identifikazioarekin—.

Gertatzen ari dena ikusita, egoera baretzeko «irtenbideak» eskatu dizkie Josep Borrell EBko diplomaziaburuak bi herrialdeei, igandean argitaratutako ohar batean. Stanok berak atzo Bruselan agerraldi batean nabarmendu zuenez, «lehen pauso positiboa» izango litzateke EBk hauspotutako bi herrialdeen arteko elkarrizketa mahaia baliatu ahal izatea. Harreman hori izango da, hain zuzen ere, EBk urriaren 6an Kranjun (Eslovenia) egingo duen Balkanei buruzko goi bileraren gai nagusietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.