Inpunitatearen aurkako «mugarri bat» Afrika Erdiko Errepublikan

Zigor Auzitegi Bereziak lehenengoz epaituko ditu 2003tik izan diren gizateriaren kontrako krimen batzuk. Tokiko eta atzerriko epaileek osatzen dute, eta NBEren babesa du

Auzipetu bat, Afrika Erdiko Errepublikako epaitegi batean, akusatuen aulkian eserita. AMNESTY INTERNATIONAL.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Afrika Erdiko Errepublikan, zibilen kontrako abusuen inpunitatea amaitzeko «mugarri» izan asmo duen epaiketa bat hasi dute aste honetan. Herrialdeko Zigor Auzitegi Bereziaren aurrera eraman zituzten joan den astelehenean 3R talde armatuko hiru kide —3R Afrika Erdiko Errepublikako indar matxino nagusietako bat da—, 2019ko maiatzean 46 zibilen kontrako sarraskian parte hartzea egotzita. Lehen aldia da Zigor Auzitegi Bereziak gatazkan zibilen aurka egindako erasoengatik erantzukizunak eskatzeko epaiketa bat hasten duena. «Zalantzarik gabe, egun honek leku bat izango du justiziaren eta inpunitatearen kontrako borrokaren historian, Afrika Erdiko Errepublikan», adierazi zuen Gervais Bodagay auzitegiko bozeramaileak, epaiketaren hasieran.

Afrika Erdiko Errepublikak komunitateen arteko gatazketan katramilatuta eman ditu azken hamarkadak, eta indarkeriaren gurpil zoro horretatik irten ezinik dago oraindik. Hainbat izan dira urratutako su etenak eta zibilen kontrako erasoak, azken horietako asko dokumentatu gabeak, eta ia denak zigorgabetasun osoz eginak. Abusu horiengatik kontuak eskatzeko ezina erakutsi dute estatuko epaitegiek, eta horrek erraztu egin du gehiegikerien ugaritzea. Gizarte eragileek argi eskatu diote gobernuari delitu horiei jazartzeko.

Gobernuak 2015ean eratu zuen Zigor Auzitegi Berezia, Bangi hiriburuan. Haren helburua da 2003az geroztik genozidioarekin, gerra krimenekin eta gizateriaren aurkako krimenekin lotutako gertaerak biltzea, ikertzea eta epaitzea. NBE Nazio Batuen Erakundearen babesarekin sortu zuten, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin ari da elkarlanean. Azken horretan, Afrika Erdiko Errepublikako hiru talde matxinotako buruak daude auzipetuta.

Auzitegiak badu berezitasun bat: egitura hibridoa du. Afrika Erdiko Errepublikako hamar epailek eta nazioarteko zuzenbidean adituak diren atzerriko beste 11 magistratuk osatzen dute. Zenbait adituk uste dute eredu interesgarria izan daitekeela gizateriaren aurkako krimenak epaitu nahi dituzten beste herrialde batzuentzat. Epaiketen bilakaerak argituko du gisa horretako egitasmo baten abantaila eta zailtasun batzuk non egon daitezkeen.

Auzitegiaren egitura hibridoak modua eman dio Afrika Erdiko Errepublikari gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak herrialdean bertan epaitzen hasteko, horiek nazioarteko auzitegietan epaitu beharrean. Egitasmoaren aldekoek uste dute aukera baliotsuak eskaintzen dituela horrek. Batetik, biktimei parte hartzeko aukera errazten dielako; bai beren lekukotza eskainiz, baina baita auzian alderdi gisa aurkeztuta ere. Bestetik, argudiatu dute estatuak mezu sendoagoa eman dezakeela inpunitatearen kontra, auziak oihartzun handiagoa izan dezakeelako herritarren artean, eta estatuko justiziak froga dezakeelako gai dela gisa horretako krimenen aurka egiteko. Auzitegiak kasu esanguratsuenak arrakastaz epaitzea lortzen badu, horrek zuzenbide estatuarekiko errespetuan eragin katalizatzailea izatea espero dute.

Zailtasunak ere tamainakoak dira, ordea. Afrika Erdiko Errepublikak ahalegin handiak egin behar izan ditu atzerriko magistratuak lortzeko, eta, gatazkan murgilduta dagoen estatu bat izanik eta lurraldearen zati handi bat talde armatu matxinoen kontrolpean dagoenez, beste erronka handietako bat da ikerketen eta epaiketen segurtasuna bermatzea.

Dena den, zailtasun guztietan arriskutsuena atxiloketekin lotutakoa da, auzitegiaren eraginkortasuna zalantzan jar dezakeelako. Amnesty Internationalek ohartarazi du kasu askotan ez dela posiblea izango auzipetuak atxilotzea, horiek matxinoen esku dauden lurraldeetan babestuko direlako. Baina matxinoen kontrolpeko lurretatik kanpo ere, ikusteko dago auzitegia gai izango ote den atxiloketak gauzatzeko susmagarriak ardura handiko postuetan dauden agintariak direnean. Bada aurrekari ezkor bat: Hassan Buba talde armatu ohi bateko buruzagi eta Abeltzaintza ministroarena.

Auzitegiak gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak leporatu zizkion Bubari; atxilotu egin zuten iazko azaroan. Hil horren amaieran epaileen aurrera eraman behar zuten, baina jendarmeek presondegitik atera zuten egun berean, eta etxera eraman. Auzitegiak «ihesa» gaitzetsi zuen, eta hura berriz atxilotzeko eskatu dute gizarte zibileko hainbat elkartek. Nazioarteko presioaren ondorioz, Buba ministroen kontseilutik baztertu du aste honetan Faustin Archange Tuadera herrialdeko presidenteak.

Gatazka etengabean

Auzitegi bereziak aztertuko dituen krimenak 2003tik aurrerakoak dira. Hilabete batzuk lehenago, François Bozize buruzagi militarrak estatu kolpea eman zuen Ange-Felix Patasse presidentearen kontra, 2002ko urrian, eta hark, boterean jarraitzeko, atzerriko miliziak eta mertzenarioak kontratatu zituen. Indar horiek zibilen aurkako eraso ugari egin zituzten. Patisse boteretik kanporatu zuten 2003ko martxoan. Hurrengo urteetan, Bozizek hainbat matxinada ito zituen, eta haren soldaduek ere, Patisserenek bezala, zibilen kontra egin zuten bortizki.

Bozize boteretik kentzeko matxinada hasi zuen 2012an Seleka indar matxinoen koalizioak —nagusiki musulmanak—, eta haien aurkako erasoan hasi ziren Anti-balaka miliziak —gehienak kristauak—. Zibilen kontrako sarraskiak egin zituzten bi aldeek borroka horietan, Human Rights Watchek dokumentatu duenez.

Afrikako Batasunak eta Frantziako armadak Selekako matxinoak Bangitik kanporatu zituzten 2014. urte hasieran, baina erasoak ez dira eten. Selekak, hainbat adarretan banatuta, lurraldearen eremu handiak ditu kontrolpean.

Presidentetzarako azken hauteskundeetan, 2020ko abenduan, gordinagoa bihurtu zen egoera, matxino koalizio berri baten eta estatuko indarren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.