Mendebaldeko superinflaziotik aparte

KPIa markak hausten ari da AEBetan eta Europan, baina horrek apenas duen eraginik beste zenbait herrialdetan. Japonian, esaterako, iaz %0,2 apaldu zen inflazioa. Dena den, prezioak gora egiten hasiak da.

Gizon bat TokIoko supermerkatu bateko produktuei begira. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
TokIo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lehendik ere baziren hilabete batzuk non Europan eta Amerikako Estatu Batuetan prezioak garestitzen ari ziren, baina Moskuren eta Kieven arteko gatazkak are gehiago larritu du krisi hori. Batik bat, Errusia delako munduan petrolio eta gas gehien ekoizten eta banatzen duten herrialdeetako bat. Ondorioz, mendebaldeko Europako herrialde gehienetan gora eta gora ari dira prezioak, inoiz ez bezala. Aurreko hilabeteetako salneurriei erreparatuz gero, elektrizitatea garestitu da gehien (%108), eta, haren atzetik, gasolina (%40).

Ikusirik nola prezioak garestitu eta garestitu ari diren iazko udaberriaren amaieratik eta udaren hasieratik —1980ko hamarkadatikez zen hainbeste handitu inflazioa—, Europako banku zentralek eta AEBetako Erreserba Federalak asteak daramatzate inflazioaren kontra borrokan. Hainbat herrialdetan, herritarrak poltsikoan bertan nabaritzen ari dira finantza kolpe hori.

Dena dela, prezioak mundu osoan goraka badoaz ere, herrialde jakin batean enpresak irtenbide bila dabiltza —oraingoz behintzat— inflazioaldiak ez diezaien eragin produktuei eta, ondorioz, prezioei: Japonian, hain justu.

Asiako ekonomiarik oparoenetan bigarrena da Japoniakoa, eta munduko hirugarrena. Inflazioak apal iraun du han dozenaka urtez: dirua malgutzeko neurri sendoak hartu dituzte, suspergarri ekonomiko askotarikoak ezarri, eta energia eta lehengaiak ez garestitzeko estrategiak baliatu. Egia da osasun krisiaren ondorioz mundu osoan kostuak igo izanak nabarmen eragin diela handizkako prezioei, baina, dena dela, garestitze horrek kontsumoari ez eragitea lortu du Japoniak.

Yusuhiro Ueda ekonomialaria burtsa aditua da, eta BERRIAri azaldu dio 1990eko lehen urteetan hasi zirela eragozten produktuen garestitzeak zuzenean kontsumitzaileei eragitea: etxebizitzen burbuila lehertu zenean. «Japoniako enpresek, gaur egun, kapital erreserba handiak pilatzeko aprobetxatzen dituzte etekinak, eta, garai ezegonkor laburren bat etortzen bada, ahaleginak egiten dituzte prezioak igotzen lehenak ez izateko, merkatu kuota galtzeko beldurrez». Uedaren arabera, Japonian goranzko presioa ez da AEBetan bezain gogorra. AEBek, hain zuzen, %8,8ko inflazioa izan zuten martxoan, 1982az geroztik handiena. Eurogunean ere %7,5eraino igo zen, Eurostat sortu zenetik erregistratu den handiena.

«Japoniari ere eragiten dio, noski, energiaren eta lehengaien garestitze globalak. Baina enpresa askori iruditzen zaie unean unekoak direla halako goraldiak, eta nahiago dute mozkinak apaldu, kontsumitzaileak uxatu baino», ziurtatu du Uedak.

Umaibo eta joera aldaketa

Japoniak laguntza ugari ematen dizkie enpresei —petrolio konpainiei, esaterako— prezioek goregi egin ez dezaten. Hala eta guztiz ere, Europan pandemian nabaritzen hasi den fenomeno batean liderrak dira japoniarrak: inflazio kamuflatu delakoan. Hainbat enpresak askotariko estrategiak erabiltzen dituzte produktu batzuk lehengo prezioan saltzeko produktuaren tamaina pixkanaka-pixkanaka murriztuz; horrela, modua dute lehengaien kostu gero eta handiagoak konpentsatzeko. Maiz kontsumitzen diren jakien ontziei eragiten die batik bat praktika horrek, produktu izoztuei eta ramen izenekoei —istanteko fideoak—, besteak beste. Gero eta anoa txikiagoetan saltzen dituzte: adibidez, patata frijituen poltsetan 5-10 gramo patata gutxiago sartzen dituzte orain, baina lehengo prezio berean.

Halako neurriak gorabehera, urtarrilean gertatu zen Japoniako garestitzearen erakusgarririk argienetako bat: Umaibo, arto harrotuz egindako barra ezaguna—barra gozo-gozoa, hitzez hitz—, sortu zenetik lehen aldiz garestitu zen, 1979tik alegia. Beraz, produktu hori merkaturatzen duen Yaokin enpresa 12 yenean saltzen hasi zen barra bakoitza (0,088 euro), ordura arte bezala 10 yenean saldu beharrean (0,072 euro).

Enpresak zenbait arrazoi eman ditu: besteak beste, garestitu egin direla AEBetako artoa, landare olioak, paketatzeko materialak eta bidalketa gastuak. Egiaz, 2007an ere igo zituen prezioak Yaokinek, ezkutuan, arto barra bakoitzari gramo bat kendu baitzion kostuei apal eusteko; baina oraingo honetan garestitu ditu lehen aldiz kontsumitzaileentzako prezioak, berrogei urte pasatxoan aurrenekoz.

Hortaz, enpresek kapital erreserbak handitu arren, eta gobernuak neurri ekonomikoak ezarri eta gasolina banatzaileei laguntzak eman arren, Umaibo garestitu izanak agerian utzi du Japoniako enpresek ezin dietela jada aurre egin mundu osoko merkatuaren tentsioei. Japoniarrek inoiz ez bezalako inflazioaldi bat izango dute orain, nahiz eta ez izan AEBetan eta Europan bezain larria.

Japoniako Bankuko gobernadoreak, Haruhiko Kurodak, duela aste batzuk ohartarazi zuen prezioak behin-behinean garestituko zirela, baina ziurtatu zuen—batez ere Ukrainako gerrak eragindako «ziurgabetasun ikaragarria» gorabehera— inflazioaren aldagai batzuk hobera egiten ari direla, eta Japoniako ekonomia eta merkatua bere onera etorriko diren seinale dela hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.