Netanyahu gobernura itzuli ala ez erabakiko dute gaur Israelen

Inkestek parean kokatzen dituzte lehen ministro ohiaren aldeko eta kontrako blokeak. Boto emaile arabiarren parte hartze handia ezinbestekoa izango da Likudeko buruaren itzulera eragozteko

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohia hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Jerusalemen. A. SULTAN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohia (1996-99eta 2009-2021) agintera itzuliko den ala ez erabakiko dute gaur Israelen, Knesseterako —herrialdeko parlamenturako— bozetan. Bosgarren hauteskundeak izango dira hiru urte eta erdiko epean, Netanyahu ustelkeriarekin lotutako auziengatik akusatua izan zenetik Israelen hedatu diren ezegonkortasun eta zatiketa politikoaren isla. Gaur-gaurkoz, bi bloke nagusi bereiz daitezke: Netanyahuk gidatutako gobernu bat babesteko prest daudenak, eta haren itzulera eragotzi nahi dutenena. Inkestek parekotasun handia iragarri dute bien artean, eta emaitza estua espero da. Yair Lapid jarduneko gobernuburuak arabiarren eta ezkerreko boto emaileen aktibazioa beharko du gobernuan jarraitu ahal izateko.

Inkesta guztiek iragarri dute Netanyahuren Likud alderdiak irabaziko dituela bozak, baina bere kabuz gobernua eratzeko adina indar gabe. 30 eta 34 ordezkari artean egokitu dizkiote, 120 kideko parlamentuan. Lehen ministro izandakoak ezinbesteko izango du Zionismo Erlijiosoa eskuin muturreko koalizioaren babesa. 12-15 diputatu artean egokitu dizkiote inkestek, eta hirugarren indarra litzateke. Gorakada nabarmena litzateke, zazpi aulki baititu egun. Itamar Ben-Gvir buruzagi ultra Netanyahu babesteko prest agertu da, baina Segurtasun ministro kargua eskatu dio trukean, eta Defentsa ministroarena Bezalel Smotrich koaliziokidearentzat.

Zionismo Erlijiosoaren eta aliatu txikiagoen babesa jasota ere, Netanyahuk ez du ziurtatua gehiengoa. Inkesta etxe batzuek 60 legebiltzarkide iragarri dizkiote bloke bakoitzari; beste batzuek Netanyahuren aldeko blokeari aitortu diote gehiengoa, 61 ordezkarirekin.

Erortzeko zorian

Aurkako blokean, Lapiden Yesh Atid alderdi «zentristak» jasoko luke boto gehien, 23-27 parlamentarirekin. Lapidek ezinbestekoa du bloke bereko gainerako indarrek emaitza onak lortzea Netanyahu geldiarazteko. Horien artean, lau alderdi daude Knesseten kiderik gabe gelditzeko arriskuan: Zerrenda Arabiar Batua eta Hadash-Ta'al alderdi arabiarrak, eta Meretz eta Alderdi Laborista ezkertiarrak.

Ganberan sartzeko baldintza da gutxienez botoen %3,25 eskuratzea, eta, langa hori gaindituz gero, lau ordezkari eskuratzen dituzte automatikoki. Inskestek gutxieneko boto kopuru horren gainetik kokatzen dituzte ozta-ozta, eta langa hori gainditzen ez dutenak ordezkaritzarik gabe geldituko dira.

Lapid da azken asteetan inkestetan gehien indartu den hautagaia, baina emaitzarik onenak aitortzen dizkiotenek okerren kokatzen dituzte Meretz eta Alderdi Laborista. Analista batzuek ondorioztatu dute Yesh Atidek hazteko dituen aukerak bere ezkerreko aliatuen bizkar direla, eta horrek ez dio Lapidi lagunduko Netanyahuren kontrako gehiengo bat osatzen.

Beraz, Israelgo herritartasuna duten palestinarren parte hartzea erabakigarria izango da. Horietako asko etsia hartuta daude, Zerrenda Arabiar Batuak Lapiden koalizio gobernuan parte hartu arren ez duelako gaitasunik izan haren erabakietan eragiteko; esaterako, gobernuak Jerusalem ekialdean palestinarren protestak jazartzeko erabili duen errepresio bortitza geldiarazteko, edota Gazaren blokeoa nahiz Zisjordaniaren okupazioa arintzeko.

Gainera, Netanyahuren kontrako indar guztiek ordezkaritza lortu eta parlamentuan gehiengoa eskuratuko balute ere, ez dago argi Lapidek gobernua eratzeko nahikoa babes izango lukeen. Hadash-Ta'alek esanda du ez duela koalizio gobernu batean parte hartuko. Horrez gain, aintzat hartu beharrekoa da Netanyahuren kontrako blokearen aniztasun ideologikoa: haren parte dira Palestinako lurren okupazioaren kontrakoak nahiz aldekoak, eskuinekoak nahiz ezkerrekoak. Beraz, Lapidek ahalegin handia egin beharko luke gobernu akordio bat josteko.

Gobernua eratzeko bide leunagoa izango luke Netanyahuk. Nahikoa luke eskuin muturraren eskari batzuk betetzearekin —segurtasunarekin lotutako ministerioren bat, tarteko—.

Oraingoz, Netanyahuk ez dio protagonismorik eman nahi izan bere aliaturik garrantzitsuena izan daitekeen Ben-Gvirri, jakinik oztopo bat dela kanpainan beraren eta Lapiden arteko buruz buruko bat irudikatzeko, eta eskuin moderatuagoan kokatzen diren boto emaile batzuk uxatuko lizkiokeela. Tentuz ibili da harekin argazki berean ez agertzeko.

Ben-Gvirrek judu ultraortodoxoen arreta erakartzea lortu du probokazioaren bidez —pistola bat atera zuen kanpaina ekitaldi batean, Jerusalem Ekialde okupatuko Xeikh Jarrah auzoan— eta Israelgo justiziaren, hedabideen eta Poliziaren aurkako mezuekin. Batetik, Naftali Bennett lehen ministro ohiaren jarraitzaileengana iristea lortu du, hari «traizioa» egotzita, 2021ean Netanyahuren gobernua utzi eta Lapidekin koalizioa osatu zuelako. Bestetik, beraien errabinoen diskurtsoa ahulegitzat duten muturreko judu ortodoxo gazteen erreferente bihurtu da —errabinoak Netanyahuren eskuineko blokearen aliatu garrantzitsua dira—.

Ben-Gvirrek segurtasunaren areagotzean oinarritutako kanpaina egin du. Proposatu dituen neurrien artean daude epaileak gobernuak zuzenean izendatzea eta diputatu orok zigorgabetasuna izatea atzerako eraginez. Horrek Netanyahu babestuko luke abian dituen ustelkeria kasuetatik. «Batzuetan behar dudan baino gehiago lagundu nahi nauten lagunak topatzen ditut», esan zuen lehen ministro ohiak neurriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.