Egiptok errepresioa eten dezan presio eske, COP27ren atarian

«Eskubide krisia» salatzea galdegin diete giza eskubideen aldeko zenbait elkartek nazioarteko eragileei. Tokiko ekintzaile ekologisten kontrako jazarpenaz ohartarazi dute

Egiptoko soldaduak, manifestari bat atxilo hartuta, Kairoko Tahrir plazan, 2011ko otsaileko protestetan. JIM HOLLANDAER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Egiptok COP27 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko biltzarra hartuko du bihartik aurrera —azaroaren 18ra bitartean—, Xarm el-Xeikh hirian, eta giza eskubideen zenbait elkartek nabarmendu dute giza eskubideen krisi sakon batean egingo dutela goi bilera hori. Abdel Fatah al-Sisi presidenteak 2013an boterea hartu zuenetik, geroz eta errepresio sistema hertsiagoa ezarri die disidenteei. Orain, COP27ren atarian, Al-Sisiri presio egiteko eskatu diete elkarte horiek, eskubide urraketak eten ditzan.

CIHRS Kairoko Giza Eskubideen Institutuaren esanetan, «Europako Batasunak eta haren estatu kideek ez ikusiarena egin dute Egiptok eskualdearen egonkortasunean ustez jokatzen duen rolarengatik, terrorismoaren kontrako borrokarengatik, migrazio kontrolarengatik eta, orain, Europaren energia iturrien dibertsifikazioarengatik». Baina uste du krisia larriegia dela alde batera uzteko. Gogorarazi duenez, milaka dira beren eskubideak erabiltze hutsagatik jazarritako, atxilotutako eta espetxeratutako herritarrak. Horietako asko, inolako akusaziorik gabe urteetan behin-behinean kartzelatuak. Azaldu du abusu horiek terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakian egin ohi dituela gobernuak. HRW Human Rights Watchen arabera, 60.000 preso politiko baino gehiago daude Egiptoko kartzeletan.

CIHRSek ohartarazi du gizarte zibilak garrantzia duela klima larrialdiari aurre egiteko; besteak beste, gizarte eragileen parte hartzearen bidez klima aldaketaren kontrako «politika handinahi eta inklusiboak zehazteko». Institutuak uste du COP27k erdigunean kokatu beharko lituzkeela «Afrikako eta hegoalde globaleko gizarte zibilaren erakundeak», baina Egiptoren errepresioa eragozpen handi bat da horretarako.

Klima aldaketaren bitzarrean parte hartu ahal izateko, elkarte ekologistek «prozesu arbitrario bat» gainditu beharko dute. CIRHSek salatu du prozesu horren helburua dela «eskualdeko eta Egiptoko gobernuz kanpoko erakunde independenteen parte hartzea galaraztea». Soilik estatuak baimendutako tokiko elkarteek parte hartuko dute COP27n.

Ikerketa institutuak eta giza eskubideen aldeko beste hemezortzi elkartek salatu dute Egiptok herritar indigenak eta haien abokatuak espetxeratu dituela azken urteetan, lurren gaineko eskubideak aldarrikatzeagatik; ingurumen babes bereziko lurrak suntsitu dituela «garapen jasangaitzeko proiektuetarako», eta ingurumen adituak eta ekintzaile ekologistak torturatu eta kargurik gabe kartzelatu dituela.

HRWek Egiptori buruzko txosten batean jaso duenez, ekologistek aurreikusten dute estatuko indarrek jazarpena areagotuko dutela datozen egunetan, biltzarrarengatik, eta protesta egitea ere zaila izango dela, larderia itogarria izaten ari delako.

Al-Sisik giza eskubideen errespetua bermatzeko neurri sorta bat aurkeztu zuen iaz, baina egitasmoa gobernuaren irudia zuritzeko kanpaina bat besterik ez da, elkarteen esanetan;COP27ri begirako azaleko operazio bat.

Horren adierazle, joan den apiriletik aske utzi duen preso kopurua: 676 —urriaren 26ra arte—. «Askoz ere gehiago izan dira egin diren atxilotze arbitrarioak eta berritu direnak», azaldu du CIHRSek. «Arbitrarioki atxilotutako preso kopuruaren zati izugarri txiki bat» dela ere nabarmendu du. Institutuak salatu du libre behar luketela adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea urratu dizkietelako espetxean diren guztiek.

COP27 hastear dela, biltzarraren berri libre emateko neurriak ere ezinbestekotzat jo ditu Mugarik Gabeko Kazetarien Elkarteak. Haren esanetan, Egiptoko «ia hedabide guztiak daude gobernuaren esanetara». Gaineratu du 2022an kazetariei gogorren jazarri zitzaien herrialdea izan dela. Gaur egun, hogei kazetari daude espetxeratuta beren lana egiteagatik, eta 550 webgune baino gehiago itxi dituzte Kairoren aginduz.

«Ez da klima justiziarik izango gizarte zibilarentzako eremu askerik eta giza eskubiderik gabe», ohartarazi du CIHRSek. Nazioarteko eragileei mintzatu zaie, Al-Sisiren gobernuari presio egin diezaioten COP27ren aurretik, hark iraun bitartean eta ondoren. «Ziurtatu behar dute [Kairok] neurri batzuk hartzen baditu ez dituela atzera botako COP27 amaitzen denean». Gizarte zibil independente bat bermatzea «ez da herrialdearen intereserako soilik», baizik eta «klima aldaketaren kontrako borroka globalaren» mesederako.

Berariazko eskaria egin diote Joe Biden AEBetako presidenteari: ez dadila Al-Sisirekin aldebiko bilera batean elkartu baldin etaEgiptoko estatuburuak ez badu urrats esanguratsurik egiten disidenteen kontrako jazarpena amaitzeko, eta berriz aztertu dezala AEBek Egiptori ematen dioten laguntza militarra baldin eta Kairok ez badu jokabidez aldatzen.

Abd el-Fatah, protesta ikur

Alaa Abd el-Fatah preso eta 2011ko protesta oldeko erreferente ezagunak urte erdi baino gehiago darama gose greban, eta, osasun egoera larrian egonagatik, muturrerago eramatekoa da ekintza bihartik aurrera, COP27 hastearekin batera egarri greba ere egitekoa baitu. Abd el-Fatahk gobernuari eskatu dio aske utz ditzala kargurik gabe preso dituen milaka herritarrak.

Abd el-Fatahk hamarkada bat darama espetxean —40 urteditu—. Iaz, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, «terrorismoa» egotzita, sare sozialetan tortura salatzeko zabaldu zuen mezu batengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.