Bartzelonako Gracia barrutiko balkoietan gero eta estelada gutxiago daude. Hori uste du Noemi Rotllan (45 urte) auzotarrak. Azkeneko udal hauteskundeetan zein Espainiako Gorteetarakoetan behera egin du, oro har, boto independentistak Katalunian, eta Gracian ere nabaritu da hori, nahiz eta den, Albert Balanza L'independent de Gracia astekariko zuzendariaren esanetan, «tradizionalki nazionalista bozkatu duten Bartzelonako lau barrutietako bat, Les Corts, Eixample eta Sarria San Gervasirekin batera [hamar barruti ditu hiriak]». Beherakada esplikatzen saiatzeko, Anais Nadalentzat (39), beste auzotar batentzat, «politikarien jarrerak eragindako desilusioa» eta horrek ekarritako «nekea» dira arrazoi nabarmenenak.
Gracia udalerri independente bat izan zen 1897an Bartzelonan integratu zen arte, eta iragan horren «idiosinkrasia» du oraindik ere, Balanzak azaldu duenez. Aldi berean, «artisauen eta langile klasearen oinarri handi bat» eduki du. «Orduan, diskurtso propioa indarrean egotea eta bere izaera herrikoia izan dira, beharbada, boto independentearen —eta ezkerrekoaren— hazia», nabarmendu du.
120.000 bat pertsona bizi dira barrutian, eta bost auzo dauzka. «Masiak abiapuntutzat hartuta egituratu zuten geografikoki, eta horien jabeek kaleak sortu zituzten, baita 25 bat plaza txiki ere». Horietako bat da Vila de Gracia, izen bereko auzoaren erdigunean dagoena. Uda amaierako astearte buruzuri bateko arratsalde sargoria da, ia iluntzea, eta tabernetako terrazetan ez dago esertzeko tokirik. Ez dirudi bizi-bizi futbolean jolasten ari diren umeei gehiegi axola dienik.
Plazara iristen den kale estuetako bat da Francisco Giner —norabide bakarrekoa, ia trafikorik gabekoa—, eta hango okindegi baten sarreran daude, hizketan, Rotllan eta Annia Monreal (44). «Herritarrek ikusi dute, agian, ez direla lortu esan ziren gauzak...», erantzun du bigarrenak, galdetuta ea zergatik biltzen dituzten alderdi independentistek gero eta boto gutxiago barrutian. «Independentismoaren 2017ko porrotak eta orientaziorik ezak zein estrategien zatikatzeak ere tokiko mailan eragin du», azpimarratu du L'independent de Gracia-ko zuzendariak.
Duela hamarkada bat inguru indar politikoek eta eragile sozialek prozesu subiranista abiatu ondorengo Kataluniako Parlamenturako aurreneko hauteskundeetan, 2015ekoetan, independentismoak %60ko babesa lortu zuen Gracian: %46 Junts Pel Si koalizioak, eta %14 CUPek. Subiranismoak inoiz ez du, atzera, horrenbesteko babesik eduki Gracian, —ez udaletarakoetan, ez parlamenturakoetan, ezta gorteetarakoetan ere— baina duela hiruzpalau urte arte %50etik gorakoa izan da. Nolanahi ere, horren guztiaren harira, joera bat hartu behar da aintzat; CEO Centre d'Estudis d' Opinio Generalitatearen organoak lau hilabetean behin kaleratzen duen barometroan herritarrei egiten dieten galderetako bat da ea Katalunia estatu independente bat bihurtzearen alde ote dauden, eta 2019az geroztik beti dira gehiago kontra daudenak; azkenekoan, uztailean argitaratutakoan, %52 zeuden kontra, %42 alde, eta %6k ez zekiten zer erantzun edo ez zuten ezer erantzun.
2019ko udal hauteskundeetan %52ko babesa eduki zuen independentismoak Gracian, eta %45ekoa 2023koetan. Dena den, ohartarazpen bat egin du Monrealek. «[Xavier] Triasi bozkatzea ez dakit, bada, independentziaren alde bozkatzea ote den...». Iritzi berekoa da Balanza. JxCren alkategaia izan zen Trias —Gracian boto gehien bildu zuen hautagaia: %26—, 2011 eta 2015 artean hiriko alkatea izandakoa.
Beherakada dela eta, beste aldagai bat planteatu dute Monrealek eta Rotllanek: igual herritarrak ez dira «hain independentistak». «Baina bere momentuan gurdiratu egin ziren: PP zegoen Madrilen, murrizketak heldu ziren... Normala ere bada», Monrealek. Orain, berriz, kontrako mugimendu bat igar daitekeelakoan dago Rotlllan: «Ikusten baduzu gauzak ezinezkoak direla, agian planteatzen duzu beste alderdi bati bozka ematea». Ez dute argitu botoa nori eman dioten azkeneko bozetan.
Beldurraren botoa
Espainiako Gorteetarako azken bozetan argiago ikusi zen botoa aldatzen ari dela: independentismoak botoen %43 bildu zituen; 2019an baino zortzi puntu gutxiago. Oso nabarmena izan zen ERCren jaitsiera: %24tik %15era. Alderdi horri eman ohi dio botoa Merce Pedrosek (55), baina, Voxi zion beldurrak akuilatuta, PSOEren alde egin zuen joan den uztailean. «Badakit bozkatzaile askok horrela jokatu zutela».
Auzoko beste plaza koxkor bat, Plaza del Sol, zeharkatzen ari da, handik gertu bizi baita. Iruditzen zaio herritarrak «nekatuta» daudela prozesu subiranistak izandako garapenagatik. Cristian Gavilan (40) Plaza del Soleko eskailera batean dago, bere txakur jolastiaren mugimenduei adi. «Ez zen aurrerapausorik eman, eta jendeak botoa aldatu du. Emaitzaren bat ikusi izan balitz...». Beste gako bat eman du Balanzak: «Prozesua momenturik gorenean zegoenean, auzoko buruzagi sozialista batek zera esan zidan: 'debatea, berriro, ezkerra-eskuina denean itzuliko gara; gure bozkatzaileak ere despistatzen dira, eta alde egiten dute gaia denean zentralismoa-independentismoa'». Eta banderena bezala, ikusten den beste zerbait aipatu du: gero eta jende gutxiago joaten da prozesuaren ondorioz errepresaliatutakoen alde astelehenero ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek Gracian egiten duten elkarretaratzera.
«Eta horietara joaten diren gehienak erretiratuak dira...», zehaztu du Nadalek, Francisco Giner kalean duen ile apaindegia ixten duen bitartean. «Kontuan hartu behar da, gainera, Gracia asko aldatu dela, auzotar batzuek alde egin dutela, eta kanpotik asko etorri direla: batez ere italiarrak eta argentinarrak.