Euskotren Usansoloko ospitalera eta Galdakaora iritsiko da

Bilboko Metroko bosgarren linearen proiektua baztertu ostean, Euskotreneko ibilbidea egokituta beteko dituzte galdakoztarren beharrak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Galdakaora eta Usansoloko ospitalera (Bizkaia) Bilboko metroaren bosgarren linea helaraztea askoren aldarrikapena izan da: herritarren eskaera historiko bat. Eta errealitate bihur daiteke 2025. urte ingururako. Euskotrenen linea berri baten bidez iritsiko litzateke, egun martxan dauden azpiegiturak aprobetxatuz. «Bosgarren linearen proposamena hobetu egingo dugu», esan zuen atzo Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, proiektuaren aurkezpenean, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua alboan zuela. Lanak 2021ean hasiko dira.

Zornotzatik (Bizkaia) Bilbora doan Euskotreneko linea egokituta egingo dute proiektua. Lanen lehen fasean, Zornotzatik doan trenbideari beste bide bat gehituko diote; lehenik, Usansoloko ospitalera iristeko, eta, ondoren, Galdakaora; zati handiena, lur azpitik. Proiektuaren zirriborroa datozen bi urteetan egingo dute, eta obra hiruzpalau urteren buruan amaitzea aurreikusi du Tapiak.

Bigarren fasean, berriz, Galdakao berriro Euskotreneko linearekin lotuko dute, eta metroaren lehen eta bigarren lineekin, Basauriko Sarratu auzoan egingo duten geltoki intermodalean. Horregatik dio Rementeriak bosgarren linea baino hobea dela oraingo proiektua, bi garraiobideekin lotuko delako. Bigarren faseak ere hiruzpalau urte iraungo du; lanak 2029 ingururako amaituko lirateke. Zerbitzu berriarekin, Euskotrenek egun Galdakao paretik duen linea merkantzien garraiorako baino ez da erabiliko.

Tapiak eta Rementeriak ez dute aurreratu zein aurrekontu izango duen konexio berriak, baina ahaldun nagusiak esan du «baliabide propioekin ordaindu ahal» izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.