Zorra mila milioi arinduta ekingo diote krisiari Hegoaldeko erakundeek

Superabita izan zuten iaz Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta zorra txikitzeko erabili zuten zati handi bat. Portzentualki, zorrik txikiena dute 2012. urteaz geroztik

Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Kexu handirik ez du izango Herbehereetako Finantza ministroak Hego Euskal Herriko erakundeekin. Joan den astean eztabaida handia sortu zuen Wopke Hoekstrak, Espainiari aurpegiratu ziolako hazkunde garaietan ez zela gai izan bere kontuak txukuntzeko, eta, hortaz, ez zegokiola orain Europako Batasunaren laguntza eskatzea. Halakorik nekez leporatu ahal izango die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei, 2019an nabarmen arindu dutelako beren zorraren zama, eta, hortaz, tarte handiagoa dutelako orain zorpetzeko, interesetan ito gabe.

Espainiako Bankuak atzo emandako datuen arabera, bi gobernuek, haren menpeko enpresa publikoek eta hiru diputazioek 15.664 milioi euro zor zituzten 2019. urtearen amaieran, urtebete lehenago baino 1.039 milioi euro gutxiago. Hau da, urtebetean %6,1 txikitu dute zorra.

Bigarren urtea da jarraian administrazio horien zorpetzea apaldu egiten dela: 2017tik 2018ra 464 milioi txikitu zuten. 2017an jo zuen goia erakundeen zor publikoak. 17.167 milioi eurorekin. Ordutik hona 1.503 milioi jaitsi da.

Guztietan, zorra behera

Joan den urtean, ahaleginik handiena Eusko Jaurlaritzak egin zuen, 661 milioi euro arindu baitzuen bere zama, 9.425 milioi euroraino. Barne produktu gordinean neurtuta, zorra %14tik %12,6ra jaitsi da urtebetean. Kopururik txikiena da 2012az geroztik.

Espainiako Ogasun Ministerioaren arabera, 328 milioi euroren superabita izan zuen Jaurlaritzak, BPGaren %0,44. 2018an are handiagoa izan zen —531 milioi, %0,74—, orduan kitatu zizkiolako zorrak Madrilek.

Gasteizko gobernuak bankuekin du zorraren %56,8, eta gainontzekoa, zor bonuetan. Jaurlaritzaren menpeko enpresei 152 milioi euroren zorra apuntatu die Espainiako Bankuak, 2018an baino hamabost milioi gutxiago.

Nafarroako Gobernuak ere lortu du kontuak txukuntzea. Zehazki, 3.297 milioi euro zor zituen 2019 amaieran, 148 milioi euro gutxiago (-%4,3). BPGaren %15,7 da hori, eta, kasu horretan ere, 2011ra joan behar da halako kopuru bat ikusteko. Zorraren %40 bonuetan du, eta gainontzekoa, bankuekin. Bere enpresek zortzi milioi euro zor dituzte, bi milioi gutxiago. Nafarroak 98 milioi euroko soberakinarekin bukatu zuen urtea, BPGaren %0,47.

Diputazioek 2.782 milioi euroko zorra dute, 213 milioi gutxiago (-%7,1). Badira urte batzuk defizita izateko baimenik ez dutela, eta, horregatik, haiek dira azken urteetan egoera gehien saneatu dutenak. 2017ko bigarren hiruhilekotik 2019ko azkenekora, esaterako, ia heren bat txikitu dute.

Espainian, okerrera

Superabita izan zuten Hegoaldeko erakundeek, eta defizita, berriz, Espainiak. Zehazki, bere kutxetan sartu baino 32.882 milioi euro gehiago gastatu zituen 2019an —defizita, noski, handiago izango zatekeen Hego Euskal Herriko administrazioen datu positiboak hortik kenduz gero—. 2018arekin alderatuta, 2.457 milioi handitu da defizita, gastu publikoa gehiago hazi baita (+%4,1) diru sarrerak baino (+3,8). BPGan neurtuta, %2,53tik %2,64ra handitu da Espainiako Erresumaren defizita. Gizarte Segurantza (%1,29) eta administrazio zentrala (%1,12) izan dira gehien desbideratu direnak.

Lehen aldia da 2012az geroztik defizita handitu duela, eta hala egin du Europako Batzordearen gehiegizko prozeduratik libre izan den lehen urtean. Neurri batean hala izan da azken hilabeteetan PSOEren eta UPren koalizio gobernuak gastu soziala handitzeko hartutako neurriek defizita handitu dute, aldi berean diru sarrerak handitzeko neurriak indarrean jarri ez zirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.