Okerrena iritsi gabe zegoela, Nafarroako ekonomia %4,4 txikitu zen

Konfinamenduaren lehen bi asteen ondorioz, BPGak zazpi urteko hazkunde zikloa itxi zuen. Gobernuak ez du iragarpen zehatzik egin, egoera oso aldakorra delako

Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Datuen azterketak eskatzen duen denborak ekarri du urteko bigarren hiruhilekoaren amaieran jakitea lehen hiruhilekoan zer bilakaera izan zuen Nafarroako ekonomiak. Emaitza iragarri baino okerragoa izan da: BPG barne produktu gordina %4,4 txikiagoa zen martxoaren amaieran 2019ko abenduaren 31n baino. Erorikoa are handiagoa izan da Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan (-%4,7), eta are sakonagoa izango da atzo amaitutako bigarren hiruhilekoan. %10? %15? %20? Inor ez da ausartu kalkulu zehatz bat egitera, azken hilabeteetan jarduera ekonomikoa asko aldatu baita aste batetik bestera, itxialdia arintzeko neurriak indarrean jarri ahala. Historikoa izango dela ez da zalantzarik: konfinamendua amaitu da, baina normaltasun berrian ekonomia oso erritmo motelean ari da suspertzen, industriari asko jaitsi zaizkielako eskariak, eta kontsumoa iazkoa baino nabarmen apalagoa delako.

Atzeraldiaren muinaren datuak iritsi bitartean, COVID-19aren hedapena geratzeko hartutako lehen neurrien ondorioa argia da: martxoaren 15ean konfinamendua ezartzeak jarduera ekonomikoa seko geratu zuen, eta ekonomiaren zazpi urteko hazkunde ziklo bat itxi zuen. Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak urte arteko tasei buruzko informazioa hobesten du, eta hor ikusten da BPGa %3 txikitu zela, apirilean aurreratutakoa baino bi hamarren gehiago. Bilakaera okerragoa izan dute Arabak(-%3,3), Bizkaiak (-%3,2) eta Gipuzkoak (-%3,1), eta hobexeagoa Europako Batasunak (-%2,6).

Nafarroako sektore ekonomiko guztietan egin du atzera BPGak, urte arteko tasan: nekazaritza,-%0,7; industria, - %1,7; eraikuntza, -%6,0; zerbitzuak, -%2,5.

Eskariaren arabera neurtuta, administrazio publikoak egindako gastua baizik ez da hazi (+%4,9), Osasunbideak pandemiaren zabaltzeari aurre egiteko egindako gastu ezohikoaren ondorioz, neurri batean. Familien kontsumoa %3,2 txikitu da, eta %8,9, berriz, enpresen inbertsioak. Enpleguari dagokionez, Nastatek dio urtebete lehenago baino %0,3 lanpostu gutxiago zeudela Nafarroan. Batez ere, eraikuntzan galdu dira enpleguak (%2,8).

Iragarpenak, airean

Nafarroako Gobernuak artean ez ditu berritu bere iragarpen ekonomikoak, eta indarrean daudenek beste garai batekoak dirudite. Urtarrilean %2,2ko hazkundea iragarri zuen, baina martxoan Elma Saiz Ekonomia kontseilariak aitortu zuen «ziur aski zaila» izango zela hazkunde horretara iristea, eta «%2tik beherakoa» iragarri zuen. Apirilaren amaieran, %6,4 eta %9 arteko uzkurtze bat aipatu zuen, baina gehiago zehaztu gabe. Hori bai, Saizek aitortu zuen ez duela espero orain galdutakoa 2022. urtearen amaierara arte leheneratzea.

Antzeko panorama espero du Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, Pedro Azpiazuk. Ekainaren hasieran iragarri zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan BPGa %8,7 uzkurtuko zela aurten, eta %6,7 handituko zela 2021. urtean.

Enpleguari dagokionez, berriz, beste datu lazgarri bat eman zuen Azpiazuk: urte honetan lanaldi osoko 68.000 enplegu galduko dira (-%7). Espero dute 48.000 enplegu sortuko direla hurrengo urtean (+%5). Horiek horrela, langabezia tasa %13,7ra iritsiko da, eta asko urrunduko da Jaurlaritzak legealdirako zuen %10eko helburutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.