Iranek hartutako konpromiso nuklearrak murrizten segituko du

Uranioa azkarrago aberasten hastekoa da gaur. Itunak ikerketari eta garapenari ezarritako mugak kenduko ditu. Teheranek 60 eguneko epea eman dio EBri negoziatzen jarraitzeko

Rohani Irango presidentea —turbante zuria duena—, atzean hainbat funtzionario dituela, herenegun, Teheranen. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Duela zenbait hilabete iragarritakoa betetzen ari da Irango Gobernua. Adierazi zuen herrialdeko programa nuklearra mugatzeko 2015ean sinatutako nazioarteko itunean hartutako konpromisoak murrizten hasiko zela, modu mailakatuan; izan ere, iruditzen zaio EB Europako Batasuneko herrialde sinatzaileek —Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak— ez dutela urratsik egiten AEBek iazko maiatzean —akordiotik atera eta gero— berrezarri zizkioten zigor ekonomikoak arintze aldera. Zigor horiek Iranen diru iturri nagusiari eragiten diote batez ere, petrolio esportazioari; beraz, Teheran beste pauso bat ematekoa da gaur. Hassan Rohanik atzo jakinarazi zuenez, uranioa azkarrago aberasteko zentrifugagailuak garatzen hasiko dira. Presidenteak nabarmendu zuenez, teknologia nuklearraren ikerketari eta garapenari akordioan ezarritako «muga guztiak» kenduko dituzte.

Iran joan den uztailaren hasieran hasi zen ituna urratzen. Hasteko, gainditu egin zuen uranio aberastuaren biltegiratze muga: 300 kilogramokoa zen, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen menpeko IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak lehengo ostiralean jakinarazi zuenez, islamiar errepublikak 360 bat kilo dauzka bilduta. Gainera, duela bi hilabete beste muga bat gainditu zuen: uranioa aberastearena. Akordioak dioenez, %3,67koa behar du gehienez, baina, IAEAren arabera, %4,5 aberastu dute biltegiratutako uranio horren %10.

Rohaniren esanetan, «urrats handi bat» egingo dute hartutako azken neurriarekin, baina azpimarratu nahi izan zuen «marko bakezale batean» aplikatuko dutela. Iran akordio nuklearrak jasotakoa urratzen ari da, baina, IAEAk dioenez, kontrolak onartzen eta errazten ditu. Teheranen intentzioa da zentrifugagailu berri batzuen bidez hastea uranioa azkarrago aberasten. Iranek, Txinak, Errusiak, AEBek, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak 2015ean adostutako itunak jasotzen du zentrifugagailu horiek gutxien garatutakoak izan behar dutela. Uranio aberastua erabili daiteke bai erreaktoreentzako erregaia sortzeko, baita arma nuklearretarako ere.

Neurri guztiak, ordea, «itzulgarriak» dira, Rohaniren esanetan. Bien bitartean, EBko sinatzaileei 60 eguneko epea eman die berriro, irtenbide bat, konpentsazio bat, negoziatzeko, elkarrizketa horien emaitza oraingoz ez delako Iranek «desiratutakoa». Bi hilabeteren buruan negoziazioek ez atzera ez aurrera jarraitzen baldin badute, Iranek beste urrats bat egingo du itun nuklearra urratzeko bidean. Atzo, Carlos Martin Ruiz de Gordejuela Europako Batzordeko bozeramaileak Teherani eskatu zion ez hartzeko akordio nuklearra urratzen duten neurriak.

13.500 milioi euro

Errepublika islamikoaren egoera ekonomikoa arintze aldera, Frantziako Gobernuak proposatu du urtea amaitu bitartean 13.500 milioi euroko kreditu lerro bat lortzen ahalegintzea. Hori gauzatuz gero, Teheranek konpromiso nuklearrak beteko lituzke atzera. Washingtonek ez du begi onez ikusten Parisen ideia, eta Iran estu hartzen jarraitzearen alde dago. Donald Trumpek, bestalde, ez du baztertzen Rohanirekin biltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.