2.800 migratzaile inguru bizi ziren kanpaleku bat hustu dute Frantzian

Paris inguruan zegoen errefuxiatuen gunea, eta Poliziak inguruko gimnasio eta bestelako eraikinetara lekualdatu ditu migratzaileak. Azken bost urteetan halako 65 operazio egin dituzte

Migratzaileak ebakuatuak izateko zain, atzo, Parisen. YOAN VALA / EFE.
Iosu Alberdi.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Atzo goizean, Frantziako Poliziak ehunka migratzaile bizi diren kanpalekutik aterarazteko operazio bat egin zuen Paris inguruan, Stade de France futbol zelaitik gertu. Abuztutik gaur arte ugaritu egin da han bizi den lagun kopurua, baina jendarmeek hura husteari ekin diote. Sena-Saint-Denisko prefektuaren arabera, 2.800 lagun inguru atera zituzten atzo.

Poliziak Twitter bidez adierazi zuen «kanpalekua ebakuatzeko» agindua: «Babespean jarriko dira denen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, batez ereCOVID-19aren aurka». 07:00 aldera hasi ziren lekua husten, eta, jendarmeez gain, estatuko agenteek eta laguntza humanitarioa ematen duten elkarteek hartu zuten parte. Dozenaka autobus erabili zituzten lekua husteko, eta inguruko 26 gimnasio eta bestelako eraikinetara mugitu zituzten migratzaileak.

Hala, goizean zehar 70 autobus inguru atera ziren eremutik. Frantziako Gobernuak gaineratu zuen COVID-19 probak egingo dizkietela guztiei, eta positiboak bakartu egingo dituztela.

Didier Lallement Parisko Poliziaren prefetak adierazi zuen halako kanpalekuak ez direla «onargarriak». Lallement bera gogor mintzatu zen duela urtebete ere, antzeko beste operazio batean: «Ez dut onartuko mota horretako instalaziorik egotea hemen edo Parisko beste toki batean».

Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek ere operazioaren aldeko hitzak izan zituen: «Nire aginduz, 2.000 lagun osasun egoera negargarrian bizi diren legez kanpoko kanpaleku bat ebakuatzen jarraitzen du polizia prefeturak».

Kanpalekuan bizi diren migratzaile gehienak gizonezkoak dira, batez ere Afganistandik, Sudandik, Etiopiatik eta Somaliatik iritsiak. Asko asilo eskatzaileak dira, eta Paris kanpoaldeko beste kanpaleku batzuetatik igarotakoak kanpaleku horretara iritsi aurretik. Horiek ere hustu dituzte, banan-banan.

Ebakuazio gehiago

Ez da Frantziako Gobernuak halako zerbait agintzen duen lehen aldia. Azken urteetan ohikoak dira halako operazioak Paris inguruan, nagusiki hiriaren ipar-ekialdean. 2015etik, 65 kanpaleku hustu dituzte. Esaterako, otsailean Porte de la Villeten zegoen beste kanpaleku batetik laurehun migratzaile inguru lekualdatu zituzten. Agintarien arabera, kanpalekuak «arriskuan» jartzen zuen migratzaileen eta herritarren osasuna. Iazko azaroan, berriz, beste hiru operaziotan 2.000 migratzaile bota zituzten bizi ziren kanpalekuetatik. «Immigrazio ilegalaren» aurkako operaziotzat jo zituzten. Hain zuzen, Emmanuel Macron presidenteakmigratzaileek eginiko kanpalekuak husteko konpromisoa hartu zuen.

Giza eskubideen aldeko 30 elkarte inguruk —besteak beste, Cimadek—, «ziklo amaigabe eta suntsitzailea» salatu dute: «Duela bost urtetik, halako ebakuazioak gertatzen ari dira, behin eta berriz, nahiz eta ostatu emateko sistemak funtzionamendu txarra izan». Haien ustez, erakunde publikoek erabaki berbera hartzen dute gaur egun ere, aurreko operazioak «eraginkorrak ez izan arren», eta gauza bakarra lortzen dute: jendea «sakabanatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.