Putinek onartu egin du Rojavan «segurtasun eremu bat» osatzea

Turkiako presidentearen nahiari baietz esan dio Errusiakoak, eta bi herrialdeen militarrek elkarrekin patruilatuko dute. Siriako presidenteak laguntza eskaini die kurduei
Erdogan Turkiako presidentea eta Putin Errusiakoa, atzo, Sotxin, bileraren ostean.
Erdogan Turkiako presidentea eta Putin Errusiakoa, atzo, Sotxin, bileraren ostean. SERGEI CHIRIKOV / POOL / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko urriak 23
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen Siriarako helburu militar garrantzitsuenak Vladimir Putin Errusiako presidentearen babesa jaso du. Bi agintariak Sotxin (Errusia) elkartu ziren atzo, Siriako gerraz aritzeko, eta, sei ordu luzeko bileraren ostean, akordioaren berri eman zuten: Rojavan «segurtasun eremu bat» osatuko dute, Herriaren Babes Unitate (YPG) kurdurik gabekoa, Ras al-Ain eta Tel Abyad artean.

Iragan ostegunean, AEBek eta Turkiak 120 orduko su-etena adostu zuten Siriako Kurdistanerako —bart amaitu zen—. Baldintza nagusi bat jarri zuen Ankarak: milizia kurduek erretiratu egin beharko zutela mugatik 32 kilometro atzerago, eta mugaren ondoan sortuko duen «segurtasun eremu» horren kargu izatea. Trukean, Washingtonek ez zituen ezarriko Turkiako zenbait agintariren kontra iragarritako zigor ekonomikoak.

Kurduak gehiengo diren Siriako Indar Demokratikoak (SDF) koalizio militarrak baiezkoa eman behar izan zuen, eta atzo jakinarazi zuen baldintza hori guztiz bete zutela. Ameriketako Estatu Batuek, hil honetara arte kurduen aliatu militarrak zirenek, sinesgarritasuna eman zioten albisteari.

Orain, atzo adosturiko itunaren arabera, Ras al-Ain eta Tel Abyad hirien arteko eremuko statu quo-ari eutsiko diote, eta, hortaz, eremu hori Turkiaren edo haren milizia aliatuen kontrolpean geratuko da, mugatik 32 kilometrora. Gainera, gaurko eguerditik hasita, Errusiako militarrak eta Siriako muga patruilak «YPG eta bere armak kentzeaz» arduratuko dira mugatik 30 kilometrorainoko eremuan; ez hor bakarrik: mendebaldeko Manbijen eta Tal Rifaten ere gauza bera egingo dute.

Bi agintariek negoziaturikoa beteko balitz, hori guztia ia astebetean egingo lukete, baina ekintza militarrak ez lirateke horretara mugatuko. Izan ere, zeregin horiek amaituta, Errusiak eta Turkiak elkarrekin patruilatuko dute «segurtasun eremuaren» mendebaldea eta ekialdea 10 kilometroko zabaleran, mugan dagoen Qamixli hirian izan ezik.

Plan horrekin, Turkiako presidenteak espero du kurdurik gabeko eremu bat osatzea. Erdoganek YPG/YPJ milizia kurduak «talde terroristatzat» eta Kurdistango Langileen Alderdiaren kidekotzat jotzen ditu, eta haiek mugatik aldendu nahi ditu; eta, horrekin batera, hustutako eremu horretan iheslari siriarrak jarri nahi ditu bizitzen —Turkiak 3,5 milioi hartu ditu urteotan—.

Errusiak, berriz, are gehiago handituko du Siriako gerran duen pisu politiko eta militarra, Turkiarekin ados jartzeaz gain Baxar al-Assad Siriako presidentearen aliatu nagusia baita.

Siriako presidentearen rola

Erdogan eta Putin batzartu aurretik, Al-Assad Siria ipar-mendebaldeko Idlib probintzian izan zen, Siriako Armada Arabiarraren soldaduei bisita bat egiteko.

Hilabeteak dira armada hori aurrerapauso militarrak egiten ari dela, eta, gerra 2011n hasi zenetik lehenengoz, Siriako presidentea frontean izan zen, Al-Habit herrian: «Idlibgo borroka garrantzitsuena da Siriako eremu guztietan kaosa eta terrorismoa amaiarazteko».

Eremu hori da, gaur-gaurkoz, muturreko matxino islamisten kontrolpean dagoen azken probintzia, eta Al-Assadentzat «lehentasun» bilakatu da horren kontrola berreskuratzea, garaipena aldarrikatzeko.

Rojavako egoerari begira, Siriako presidenteak adierazi zuen kurduak laguntzeko prest dagoela Turkiako armadaren eta haren milizia aliatuen inbasioaren aurrean: «Hau ez da erabaki politiko bat. Prest gaude Turkiaren erasoaren aurkako erresistentzia egiten duen talde oro babesteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna