Albistea entzun

Zalduako harrobi arkeologikoa

Aurten hamar urte bete dira Aranzadi zientzia elkarteak Auritz eta Aurizberri arteko eremuan aztarnategi erromatar bat aurkitu zuenetik. Oraindik aurkikuntza ugari dituzte egiteko
Aranzadiko ikerlariak, atzo, Zalduako aztarnategian.
Aranzadiko ikerlariak, atzo, Zalduako aztarnategian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko uztailak 23 - Auritz

Done Jakue bidearen aurretik, Pirinioak zeharkatzen zituen galtzada erromatar baten peskizan, Aurizberrin (Nafarroa) hiru miliario topatu ziren iragan hamarkadaren hasieran. Aurkikuntza horri 1980ko urteetan Zalduako lur eremuan aurkitutako nekropoliarena gehituz gero, Aurizberri eta Auritz arteko zelaietan herri gune erromatar bat zegoen hipotesia indartu zen. Horregatik, 2012ko udan Aranzadi zientzia elkarteak, Zalduako zelaiaren azpian zer aurkituko ote zuen jakin nahirik, lauzpabost zundaketa egin zituen, eta horien azpian herri baten aztarnak agertu ziren. Hamar urte iragan dira geroztik, eta ikerketa ez da amaitu. «Hamaika galdera ditugu oraindik ere erantzuteko», dio Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak. Hamar urteotan, aztarnategia harrobi arkeologiko bihurtu da, eta ez soilik lur azpian arrasto asko ezkutatzen dituelako, baita Euskal Herriko ikerlari gazteentzat trebatzeko gunea izan delako ere.

Hamar urteotan, uda oroz, bi astez Aranzadik egin dituen ikerketetan ikasteko bi iturri nagusi izan dituzte. Alde batetik, hasieratik Juan Mari Martinez Txoperenaren lantaldeak transmititutako ezagutza; bestetik, 2017tik aurrera MOLA Londresko Arkeologia Museoarekin batera jorratutako lankidetza. «Elkarlan horri esker, arkeologia tekniketan prestakuntza jaso dugu. MOLAko ikerlariak hona etorri ziren induskatzen laguntzera». Brexit-ak eta pandemiak gerarazi egin dute elkarlan dinamika hori, eta egun Aranzadiko ikerlariak aritzen dira: «Gaur egun hemen erabilitako metodologia haiengandik jasotakoa eta hemengo aztarnategira egokitutakoa da».

Aurkikuntza ugari egin dituzte. Ekhiñe Garcia ikerlariak geofisikaren bitartez Zalduako eremua miatu zuen, eta lur azpiko mapa bat osatu zuen. «Horri esker, badakigu herriaren ardatza galtzada zela eta alde banatan eraikinak zeudela. Garrantzitsuena bidea zen, eta herria moldatu zen bidera». Gune erromatar hark 4,5 hektarea inguruko azalera hartzen zuen. Ekialderantz, Altzubi errekaren inguruko basoan miaketa magnetikoa egin ezin denez, uste dute herria handiagoa zela.

Aintzat hartu behar da, halaber, gune horrek 400 urtetik gora iraun zuela, I. mendetik V. menderaino, eta hain garai zabala izanik aldaketa ugari izan zituela. «Galtzadarekin lotura handia izan zuen, eta bidea zeharkatzen duten bidaiariei oinarrizko zerbitzua ematen zien: ostatua eta animaliei eta pertsonei jaten ematea». Gainera, ondorioztatu dute inguruko mendietan mehatzeak zituztela erromatarrek: «Minerala gune honetara ekartzen zuten, ondoren galtzadatik hegoaldera edo iparraldera eramateko», azaldu du Mendizabalek.

Urteotan, Aranzadiren arretarik handiena termen eraikinak bereganatu du. 2017an hasi ziren induskatzen, eta oraindik ez dute osatu haren egitura osoa. «Pentsatzen dugu 800 metro karratuko eraikin handia zela, herrigunearen erdian». Aurtengo indusketan, beroari eusteko osagaien aztarna ugari agertu dira. «Orain dugun informazioaren arabera, terma I. mendean hasi zen, eta ez zuen denbora asko iraun. Ez dakigu lehen mende amaiera arte iritsi ote zen. Hortxe-hortxe ibiliko zen».

Izan ere, 400 urtean eraikinak beste erabilera batzuk izan zituen. «Metal aztarna ugari agertu zaizkigu, eta horrek erakusten digu burdinari lotutako tailerra ere izan zela. Beharren arabera ebakitzen ziren gelak. Kalafetatutako guneak oso handiak direnez, pentsatzen dugu pixkanaka eremuak utzi egiten zirela, eta beste erabilera bat ematen zitzaiela. Puzzlea osatzea falta zaigu».

Erakusketa irekia, bihar

Eraikin soil batek hainbeste galdera pizten baditu, ikerketa herri osora zabaltzea falta da. Oraindik ez dute topatu gunearen izenaren berri emango duen epigrafiarik. Ez dakite, halaber, zergatik desagertu zen V. mendean. Finantzaketak markatuko du ikerketaren nondik norakoa. 2020an kultura intereseko ondasun izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Indusketak Aurizko Udalaren eta inguruetako herrien babesa du.

Hamar urteotako aurkikuntzak eta batik bat aurtengo indusketen emaitza ikusteko aukera egongo da bihar Zalduako aztarnategian: 11:00etan euskaraz; 12:00etan gazteleraz.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bi ume Durangoko Azokan, bi helduren bizkarrera igota. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Transmisioa: nor-nori-nork

Iñigo Astiz

Egitarautik beretik hasita, bi urteko osasun larrialdiak kultur transmisioan izan duen eraginari buruzko kezka igar daiteke Durangoko Azokan. Gaiari buruzko iritziak bildu ditu BERRIAk Landako gunean
Jordi Panyella Pollen argitaletxeko editorea, atzo, Durangoko museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Editorial katalan bat azokan

Andoni Imaz

Aurten, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpoko argitaletxe batek ere parte hartu du Durangoko Azokan: Polálen-ek. Euskaratik katalanera itzulitako lanak ekarri dituzte.
Gotzon Barandiaran eta Miren Narbaiza, aurten Ahotseneko zuzenekoak hartu dituen Durangoko Plateruena kafe antzokiaren atarian, atzo. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sorkuntzari arreta, sortzaileari ahotsa

Ainhoa Sarasola

Sortzaileei plaza bat emateko eta sorkuntza erdigunean jartzeko jaio zen Ahotsenea, orain dela hamabost urte. Ehunka musikari, idazle eta artista hartu ditu ordutik, eta erreferente bilakatu da, sustatzaileen ustez. Baina badu aurrera begirako erronkarik ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...