Txirritari mozala jarri zioten

Bertsolari aldizkariak udako zenbakia aurkeztu du. Mikel Tabernak ikerketa bat argitaratu du: 1916an, Txirrita epaitu eta kondenatu egin zuten Iruñeko auzitegian, bere bertsoengatik

Mikel Taberna, erreportajearen egilea, eta Beñat Hach Embarek, Bertsolari aldizkariko koordinatzailea, atzoko aurkezpenean, Hernanin. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Hernani
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Pixka batian ez naiz aztuko sartuagatik lur-pian,/ nere aitamenak izango dira beste larogei urtian». 80 urte baino gehiago igaro dira Jose Manuel Lujanbio Txirrita hil zenetik, baina haren pasarteek zeresana ematen dute gaur egun ere. Lan handia egin da Txirritaren bizitzaren eta bertsoen inguruan, eta bertso askok bizirik iraun dute urte hauetan guztietan, herriaren oroimenari eta hainbaten berreskurapen lanari esker. Halere, bada orain arte oharkabean pasatu den gertakari bat, eta Mikel Taberna idazleak argitara atera du Bertsolari aldizkariren udako zenbakian.

Tabernak ustekabean topatu zuen gaia, bila joan gabe. Diario de Navarra egunkariaren hemerotekan begira zebilela, 1916. urteko ale batean, epaitegiko kronika bat ikusi zuen, eta harritu zen akusatuen aulkian eseritakoen izenak irakurtzean: «Chirritak [sic] bertsolari ezaguna eta Legasako Tomas Alkaine». Bakoitzari bi delitu egozten zizkion akusazioak: irainak eta kalumniak. Txirritak idatzitako bertsopaper batek eraman zituen biak auzitegira. Alkainek hala eskatuta, bertsolariak hamalau bertso jarri zizkion Eusebio Babaze Legasako (Nafarroa) alkateari. Doneztebeko jaietan saldu zuten bertsopapera, 1915eko ekainean, 10 zentimoan, «arrakasta eroarekin», kronikagilearen hitzetan. Sei egun geroago iritsi zen epaia; kondenatu egin zituzten.

Tabernak begien parean zer zeukan ezin sinetsita irakurri zuen istorioa, bere buruari galdetuz nola zen posible «hainbeste informazio izatea Txirritari buruz eta hori ez jakitea». Xabier Letek egina zion epaiketa, fartsa giroan, Gabon, Txirrita antzezlanean (Aztarna, 1982), baina orain arte inork gutxik zekien bertsolaria epaitu eta kondenatu ere egin zutela, Iruñean, 1916ko azaroaren 6an.

Delituaren gorputza

Txirrita epaileen jomugan (Legasa 1913 - Iruñea 1916) izenburua jarri dio Tabernak erreportajeari, eta, epaia bainoago, aurretik gertatuak ikertu ditu, ezagutzeko noiz hasi zen haserrea eta zergatik egin zituen bertsoak. Legasara ere egin zuen bisita, bertako bizilagunek ezer argituko zioten esperantzarekin, baina frogarik garrantzitsuenak egin dio kale: delituaren gorputzak, bertsopaperak.

Bertsoak ez dira agertu, eta inork ere ez dizkio kantatu. Epaiketako sumarioko 169 orrien artean behar lukete, baina falta dira. Tabernak hango eta hemengo artxiboak miatu ditu, hitz egin du batekin eta bestearekin, baina orduan hainbesteko zalaparta sortu zuten bertsoez arrastorik ez da geratzen inon. Gauza asko daude Txirritaren funtsetan, baina Babaze alkateari jarritako bertsoak ez dira inon ageri. Halere, ikerketa hau argitara ateratzeak «norbaiten memorian argia pizteko esperantza» sortzen dio idazleari.Bertsolariari gertatuak ez zuen inolako oihartzunik izan garai hartako prentsan ere, ezta euskarazkoan ere. Tabernaren ustean, ikerketak aztarna batzuk ematen ditu jakiteko bertsolaritzak zer estatus zuen orduan. Herri xehearentzat garrantzia handikoa izan arren, baliorik ez zuen gorbata janzten zutenentzat.

Taberna 2015eko udazkenean murgildu zen istorioan, eta bertsorik gabe ikerketa erabat bukatutzat eman ezin daitekeen arren, orain arte bildutakoa argitaratzea erabaki du. Idazleak gaiaren inguruan ikertzen jarraitzera animatu du: «Badago zer bilatu eta zeraurkitu».

Jatorrizko bertsoak lortu ez dituen arren, haien gaztelaniazko bertsioak ageri dira sententzian. Miren Ibarluzea bertsolari eta itzultzaileak euskarara ekarri ditu bertsoak. Hasieran, Ibarluzeak Txirritaren hizkerara gerturatzeko ahalegina egin zuen, jatorrizko bertsoetara ahal bezainbat gerturatu nahian, baina azkenean, garaiarekin baino, hizkuntzarekin leiala izatea erabaki eta euskara batuan aurkeztu ditu Txirritaren hamalau bertsoak. Ibarluzearen kolaborazioa ez da kolaborazio bakarra izan, Tabernaren ikerketa beste bi bertsolariren ekarpenek jantzi baitute: Unai Iturriagak Txirritarekin sortutako lau irudi eta Andoni Egañak epaitegietan izan dituen esperientziez idatzitako testua.

Udako zenbakia

Mikel Tabernak Txirritaren inguruan egin duen ikerketa da Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakiko gai nagusia, baina beste hainbat konturekin osatu dute; «zenbaki berezia, zentzu askotan», Beñat Hach Embarek koordinatzailearen hitzetan. Bi erreportaje daude: batetik, Oihana Iguaranek Twitter erabiltzen duten bertsolarien inguruan idatzitakoa, eta, bestetik, Jon Martinek egindakoa bota berri duten Atamitx jatetxeaz eta Joakin Mitxelenaz. Elkarrizketa egin diote Itziar Navarrori, Oiartzungo (Gipuzkoa) bertsolarien kantaeraren bilakaera aztertu baitu ikerketa batean. Iñaki Murua, Bertsozale Elkartearen zuzendaritza utzi berritan, atzera zein aurrera begira jarri da. Bi komiki daude: Zaldieroa-k «gai-jartzailegintza modernoa» delakoaz marraztutakoa, eta Patxi Gallego eta Xabi Paya prestatzen ari diren Nori komikiaren aurrerapena. Manex Mantxolak eta Saioa Alkaizak euskalkien eta batuaren gai polemikoari heldu diote, bertsolaritzara eramanda. Mixel Aire bertsolariak Urepeletik idatzi du, eta Urepeletik abiatzen da Eneko Bidegainek proposatutako Bidarrairainoko bertso ibilbidea.

Bestalde, aldizkaria lan handia egiten ari da argazkiak berreskuratzeko. 8.000 argazki inguruko artxiboa dute gaur egun, baina osatzen eta txukuntzen ari dira, eta etengabe hazten ari da biltegia. Argazki guztiak berrerabil daitezke, Creative Commons lizentzia askea baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.